GARA > Idatzia > Ekonomia

Auto-industriak 117.000 lanpostu galdu eta 100.000 arriskuan ditu Europan

Europako auto-industria 117.000 lanpostu galdu ditu 2000. urtetik, eta 100.0000 gehiago galtzeko arriskuan daudela dio Euler Hermes kreditu-aseguru etxearen analisi batek. Estatu frantsesaren egoeraz ohartarazten du, lanpostu galera handiak aurreikusten dituelako.

GARA |

Euler Hermes kreditu aseguru-etxeak eginiko analisi batek Europako auto-industria egoera larriaz ohartarazten du; azken sei urteetan 117.000 enplegu galdu dira Europan, eta beste 100.000 gal daitezkeela azaltzen baitu, hemendik 2009. urtera.

Ikerketa lan beraren arabera, enpleguen galerak oso handiak izan dira batez ere Danimarkan, Herbeheretan, Portugalen eta Britainia Handian, kasu horietan jaitsierak %20tik beherakoak izan direlako.

Espero diren enplegu galera berriek industriaren berregituraketaren eragina izan beharko lituzketela dio azterketak, 2001.urtetik 20005. urtera ekoizle europarrek merkatuetan izan zituzten galerek bultzatuta. Hala ere, galera horiekin amaitzen ari direla esaten du.

Hermesen txostenak agerian uzten ditu, bestalde, kontsumo berriko guneetara gertatu diren leku-aldaktzeak. Bereziki mendebaldeko merkatuak aipatzen ditu, bertako soldaten kostuen diferentziagatik.

Analisiak aipatzen dituen egileen berreskuraketak ekipamenduen fabrikanteen zailtasunekin kontrajartzen dira. Azken horien egoeraren arrazoi nagusi gisa lehengaien salneurrien igoera eta salmenta-salneurrien jaitsiera nabarmentzen ditu txostenak.

Enpresa amerikarraren egoeraz ere aipamena egiten du analisiak. Bertako ekipamendu egileen eta saltzaileen artean, azken sei urteetan 30.000 lanpostu galdu direla azaltzen du. Eskaintza eta eskaeraren arteko ajuste faltan kokatzen dute arazo nagusia, eta irtenbide bakarra ekoizpenaren erreminta berreegituratzea dela azaltzen du, egungoa «sobredimentsionatuta» ikusten baitu.

Errentagarritasun ataleko irabazleen artean Nissan, Toyota eta Honda, eta BMV talde europarra aipatzen ditu txostenak, baita Renault auto-etxearen emaitza netoak ere.

Japoniarrek ekoizpenaren %50 esportatzen dute, analisiaren arabera. 2006. urtean kanpoko salmentek %18ko gorakada izan zutela nabarmentzen du, batez ere Estatu Batuetan (%36) eta Europan (%10).

Azterketak Estatu frantseseko egoera «kritikoa»z ohartarazten du, lanpostu galera handiak aurreikusten baitira auto-enpresetan, hurrengo hiru urteetan, bai auto fabrikanteen artean, bai autoentzako ekipamendua fabrikatzen duten enpresetan.

Egoera larria

Estatu frantsesean, datozen hiru urteetan, fabrikazioan 20.000 eta 30.000 tarteko lanpostu, eta ekipamendu ekoizpenean urtero beste 5.000 galduko dira, txostenaren arabera

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo