GARA > Idatzia > Alaves

Inork ez du jaitsiera arriskurik ikusi nahi

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Azken emaitzek, goruntz baino beheruntz begira utzi dute Alaves, izan ere, Pitermanen kalkulagailuak besterik dioen arren, 2B mailara doan zuloa hiru aldiz gertuago dute babazorroek Lehen Mailara igotzeko ametsa baino.

Hala ere, kazetarien aurrean mintzatu ziren Mario Luna entrenatzaile edo karnet jartzailea eta Jandro erdilariak adierazi zutenaren arabera, aldagela barruan ez dago jaitsierarekiko inolako beldurrik, nahiz eta igoeraren aukeran ere ez duten gehiegi sinisten.

Mario Luna argentinarrak ez zuen partidaren ostean medioen aurrean hitzegin eta atzo, Pitermanekin esan beharrekoa ondo lotu ostean, prentsaurrekoa eman zuen, lasaitasun mezu bat igorri asmoz. «Ez nago kezkaturik, hori materialik ez duzula konturatzen zarenean gertatzen da. Plantila hau zabala da eta kalitate handia dago. Hala ez balitz, kezkaturik egongo nintzateke baina talde honek duen ahalmena ikusita ez dut inolako kezkarik, horrek ez baitu punturik ematen», adierazi zuen.

Hamabost puntura egon arren, igoerarako aukerarik ikusten duen galdetuta, Mario Lunak ez du epe luzerako helbururik jarri nahi. «Helburua beti hurrengo hiru puntuak dira. Hurengo partida da beti garrantzitsuena, baita denboraldi aurrean ere, hori baita irabazteko bidea».

Hala, aitzakiak bilatzen hasita, lehen hiru postuetan diren Valladolid, Murcia eta Almeria oraindik Bigarren Mailan daudela esan zuen. «Hauei galdetuz gero, ez dute igoeraz hitzegiten, irabazi egin behar da. Nik hiru horien entrenatzaileen iritziak entzun ditut eta inork ez du «dagoeneko igo gara» esaten». Nik uste dut inork ezin duela esan guk igotzerik ez daukagula, hori guztia denboraldi amaieran ikusiko da», nabarmendu zuen.

Jandro itxaropentsuago

Partida amaieran lehenbailehen maila mantentzeko beharrezkoak diren 50 puntuak bildu behar direla esan zuen arren, atzo itxaropentsuago azaldu zen Jandro erdilaria, ziurrenik Pitermanen instrukzioak jaso ostean.

«Ilusioa ez dio inork kenduko. Argi dago matematikoki lortu daitekeela, oso zaila dela denok oso argi daukagun arren. Argi daukagu baita jaitsiera askoz gertuago daukala ere, baina argi daukagu ere ez dugula arazorik izango. Gauzak aurrera ateratzeko taldea daukagu. Igotzea oso zaila da baina, partidaz partida joanda, ikusiko dugu denboraldi amaieran zer gertatzen den».

Erdilariak oso argi dauka ez dutela arazorik izango, baina kontuz ibilitzea izango dute onena, badaezpada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo