Prentsari begirada
Xala eta Eulateri gorazarre finalaren biharamunean
Pilotari onena saritzen duen Euskadi Irratia Saria Lekuinekoak irabazi du. Atsedenerako betarik gabe, gaur bertan aurkeztuko dute Buruz Burukoa.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Finalaren biharamunean Xala eta Eulate txapeldunentzat izan ziren, normala den moduan, gure inguruko egunkarietan lekurik gehiena. Lekuineko aurrelariak irabazi du azkenean txapelketako pilotaririk onena saritzen duen Euskadi Irratia Saria 463 punturekin, finalean 96 puntu bildu eta gero, eta bere jokoa goraipatu zuten kazeta gehienek.
«Xalak beste erreka bat aurkitu du», esaten zuen Deiak, lapurtarraren «izaera berezia» nabarmenduz. Bide beretik DV ere, «boleaz bolea txapela lortu arte» aipatzen zuen argitalpen gipuzkoarrak Xalaren lana behin eta berriro hizpide hartuta: «beste behin zoragarri».
Eulatek ere, noski, izan zuen bere tartea egunkari ezberdinetan. Ia denek idatzi zuten atzelari nafarrak egindako lan eskergaren inguruan, baina titularra eman ziona Diario de Noticias izan zen: «Eulatek sufritzen ikasi du».
Beste zenbaitek, azkenik, Aspeko bikoteak biko moduan jokatzeko erakutsi duen ahalmena nabarmendu nahi izan zuten beren pilota orrialdeetan. «Gehiago balio du abileziak indar hutsak baino», jarri zuen bere lehen lerroan Mundo Deportivok. Correok irabazleen bigarren txapelei eman zien garrantzia: «Xala eta Eulatek beraien palmaresa gizendu dute». Diario de Navarrak, amaitzeko, «setiatuen txapela» izan zela iritzi zion finalari.
Finalaren ostean, txapeldunek behar bezala ospatu zuten garaipena. Argazki gehien eraman zituena Eulate izan zen. Lizarran jaiotako mutil puskak La Runa sagardotegian ospatu zuen bere bigarren txapela lagun eta senitartekoen artean. Irujo, Chafee, Eugi edo Zubieta, besteren artean, hainbat pilotari profesional ere izan zituen aldamenean Eulatek. Xalak, aldiz, nahiago izan zuen txapela Biarritzen ospatu. Hauek ere afari oparoa egin zuten Lapurdiko kostaldeko herrian.
Aurkezpena, Bilbon
Bestetik, gaur eguerdian aurkeztuko dute BBK-k Bilbon duen egoitzan aurtengo lehen mailako Buruz Buruko Txapelketa. Aspe eta Asegarceko hamarna pilotarik hartuko dute parte, Asier Berasaluze bigarren mailako txapelduna eta Aritz Laskurain azken aurrekanporaketako irabazlea tartean, eta aurreko urteetako legeari jarraituz lau serie-buru egongo dira: Martinez de Irujo, Olaizola II.a, Beloki eta Gonzalez.