GARA > Idatzia > Kultura

Bilborock aretoak apirilean hamar urte beteko dituela-eta, kontzertu bereziak izango dira

Bilborocken hamargarren urteurrena ospatzeko hiru kontzertu antolatu ditu Bilboko Udalak apirilerako. Orotara, 21 talde arituko dira eta zuzeneko emanaldiak disko batean jasoko dituzte.

GARA | BILBO

Bilborock-La Merced aretoak datorren hilean hamar urte beteko dituela-eta, zenbait kontzertu antolatu dituzte. Bilboko Udaleko Hezkuntza, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi Jon Aritz Bengoetxeak, horien berri eman zuen atzo.

Guztira, 21 musika taldek joko dute, horietatik zazpi Euskal Herrikoak. Apirilaren 12an, La Inconsciencia de Uoho, Airless-Robert Rodrigo, Macarrada, Yakuzi, Chico y Chica eta Standard taldeek joko dute; apirilaren 13an, berriz, Kepa Junkera, Free Martino, Ya te Digo, Idi Bihotz, Parabellum-Puro Chile, Valhalla eta The Panik Punkers musikariek hartuko dute lekukoa.

Hurrengo egunean, apirilak 14, Rafa Rueda, Bosco el Tosco y su Puta Banda, The Cherry Boppers, Zea Mays, Wcd, Gris Perla, Afrika eta Audience-Eten taldeen txanda izango da. Talde bakoitzak 15 minutuko tartea izango du eta emanaldia grabatu egingo dute, gero disko konpaktu bat kaleratzeko asmoa baitute.

Talde guztiek egin beharko dute beste talde edo artistaren baten bertsioa. Besteak beste, Marc Bolan, Van Morrison, Jane's Addiction, MCD, Parabellum, Accept, Ama Say, The Velvet Underground, Los Coyotes, Radio Futura eta At The Drive In taldeen abestien bertsioak egingo dituzte.

Hamar urteotako balantzea egiteko aukera izan zuten udal ordezkariek. Ekitaldi gehienak kontzertuak (ia 900) eta antzezlanak izan dira (formatu txiki edo ertaineko 1.000tik gora antzezpen). Azken urteotan, hala ere, zinea, ipuin-kontalariak, biltzarrak eta hitzaldiak euren bidea urratzen ari dira.

Urteroko zikloek ere gero eta garrantzi handiagoa dute, besteak beste, Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketa, «Bilbon eskolatik antzerkira» kanpaina, Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia, Bilboko Nazioarteko Dokumentalen eta Film Laburren Zinemaldia (ZINEBI), Bilbao Antzerki Dantza (BAD) eta Bilboko Zine Gay, Lesbiko eta Transexualaren Nazioarteko Jaialdia (Zinegoak).

Ikusle kopuruari dagokionez, «ez du behera egiten urteak iraganda eta horrek esan nahi du jendeak fideltasuna erakusten duela antolatzen diren jarduerekiko», azaldu zuen Bengoetxeak.

Bilborockek betetzen duen beste funtzio bat musika taldeei entseatzeko azpiegitura eskaintzea da. Horretarako, zazpi gela daude -1997ko azaroan zabaldu ziren- eta orotara 1.300 talde inguruk erabili dituzte. Okupazioa, beraz, %67koa izan da. Gaur egun 130 bat taldek entseatzen dute Bilborockeko aretoetan.

Euskal Herriko musikaren lehenengo artxibategia

Aretoaren funtsezko beste elementu bat Euskal Herriko Musikaren Artxibategia da. Orain eguneratzen eta hobetzen ari dira, azaldu zuen Bengoetxeak, eta behin osatuta, Euskal Herriko musika modernoaren lehen artxibategia izango da. Udal ordezkariak azaldu zuenez, artxibategiak Euskal Herriko aberastasun musikala gordetzen du. Ikerlarientzat ere nahitaezko erreferentea da. 1997an ireki zen eta datu-base dokumental eta multimedia da. Azken bost hamarkadetako euskal diskografiaren 12.000 erregistrotik gora ditu. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo