GARA > Idatzia > Euskal Herria

Milakabilaka ekimenak abiapuntu indartsua izan du Ipar Euskal Herrian

Abiapuntu indartsua izan zuen Milakabilaka herri ekimenak Baionan. Ipar Euskal Herriko aurpegi ezagun asko elkartu ziren konponbidearen aldeko dinamika horri babesa emateko; gizarte alor askotakoak, eta baita ikuspuntu politiko ezberdinetakoak ere.

Iñaki ALTUNA |

Orain arteko Milakabilaka ekimenaren aurkezpenetako mezuari jarraitu bazioten ere, deialdi zehatz bat nabarmendu zuten atzo Baionan elkartutakoek. Bakea lor dadin, Gobernu frantsesari dagokion lana egitea eskatu zioten, Jean-Louis Davant idazleak eta Jean Haritschelar Euskaltzaindiako lehendakari ohiak (lehenengoak euskaraz eta bigarrenak frantsesez) irakurritako agirian.

Izan ere, horien esanetan, gatazkan zerikusirik izan, badu Estatu frantsesak eta, gainera, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lurraldeek eskabide zehatzak dituzte Parisi egiteko. Horren guztiaren erakusle, «presondegietan diren mugaz bi aldeetako euskaldunak» aipatu zituzten.

Bi bozeramaile horien ondoan, dozenaka lagun eseri ziren, Milakabilaka hiru herrialdeotan abian jartzeko sinadura eman duten lagunen ordezkari. Egia esan, atzoko hitzorduan ez ziren horietako asko falta izan, eta batek baino gehiagok aprobetxatu zuen, prentsaurrekoa eta gero, konpondebidearen aldeko argazkia egiteko.

Arritxu Santamariak ekimenaren aurrekariak eta nondik-norakoa azaldu zituen. Ondoren, Davanti eta Haritschelarti hitza eman zien. «Elkarrizketaren eta konponbide demokratikoaren aldeko gure hautua agertu nahi dugu, publikoki, eta euskal gizarteari dei egiten diogu norberak bere ekarpen baikorra egin dezan», halaxe dio, goiburuan, bi bozeramaleek irakurritako adierazpenak.

Elkarrizketaren aldeko apustuarekin batera, deia egin zieten eragile politikoei: «Hitz egin ezazue, egizue behar duzuena, eta behingoz konpon ezazue afera». «Alderdi interesen» gainetik, herritarren konponbidearen aldeko «borondate fermua» narbarmendu zuten.

Prozesu eta akordio nahia

«Bortizkeria gabeko» egoera beharrezkotzat jo zuten; elkarrizketan sakonduz, «egiazko akordio demokratikoa erdietsi ahal izateko». Gogora ekarri zuten, hargatik, «bortizkeria gabeko egoera behin baino gehiagotan hautsi dela azken hilabete hauetan». Horregatik, «nehoiz ere berriro hauts ez dadin», eragile «erabakitzaileei» dei zuzena egin zieten: «Elkarrizketari lotzeko borondate fin eta zina erakuts dezaten, betiko gatazkaren gainditzeko xedea betetzeko gisan; keinuak, borondate adierazpenak eta bermeak elkarri erakuts diezazkietela, serioski eta zintzoki».

Era berean, «euskal jendarteari» prozesuaren alde ekiteko eskatu zioten, «nork bere aldetik Milakabilaka ariketa iraunkorrean parte hartuz».

Azken batean, «jendarteak betiko bakea ekarriko duen prozesua eta akordioa nahi du; eta errespetua da prozesuaren bideratzeko eta akordioaren erdiesteko gakoa».

Tartekia

Lehenengo paragrafoa.

Gainerako paragrafoak.

Kamioia

Konponbidearen alde eta errespetua eskatuz argazkiak egiteko Euskal Herrian barna dabilen kamioak hitzordu batzuk baditu jada: Baionan hilaren 30ean, Korrika bertatik pasako dela profitatuz, eta Baigorrin Nafarroaren Egunean.

Aurpegi ezagun asko izan zen Baionako aurkezpenean

Milakabilaka herri ekimenak Baionan egin zuen aurkezpeneko mahaian, Arritxu Santamariarekin batera, Txomin Peillen, Jean-Louis Davant, Xantal Torre, Jean Haritschelar, Pantxin Duhart eta Erramun Martikorena zeuden.

Horien atzean beste aurpegi ezagun asko, denak ere Ipar Euskal Herrian ekimenari bultzada emateko sinatu dutenak. 65 lagun ezagun izan dira atxikimendua agertu duten lehenak, horien artean: Sylvie Laplace, Maite Bergara, Battite Lartzabal, Koko Abeberri, Amaia Fontang, Patxi Noblia, Mertxe Colina, Manex Pagola, Mixel Aire, Txomin Arranbide, Sustrai Colina, Mixel Etxeberri, Eñaut Etxamendi, Eñaut Larralde, Jeanne Kreckelberg, Maite Goienetxe, Ugutz Robles, Irkus Robles, Andde Duhalde, Mattin Partarrieu, Isabel Etxeberria, Mixel Mendiburu, Pello Jorajuria, Catherine Berasaluze, Panpi Sainte-Marie, Mixel Berhogoirigoin, Amets Arzalluz, Didier Rouget, Lutxi Otxandabaratz, Ximun Haran, Jean Fagoaga, Bernadette Berra, Frantxua Unhasobiscay, Pantxika Maitia, Odile Hiriat, Lorea Zeziaga, Xabier Perez Susperregi, Ttotte Etxebeste, Marise Cachenaut, Mª Jose Basurko, Pierres Xarriton eta Zigor Goieaskoetxea. I. A.

web gunea

Argazkiak nola egiten eta zabaltzen ote dituzten galderari erantzunez, argazkiok biltzen dituen web gunea gogorarazi zuten: www.milakabilaka.org. Bertan, herritarrek Euskal Herriaren hitzarekiko errespetua galdegiten dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo