GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Herriak izan eta garatu du gaur egungo Korrika-ren ideia"

Joseba Kanpo eta Urtza Errazti
Korrika-ren sortzaile taldeko partaide bi

Joseba Kanpok eta Urtza Erraztik urte asko daramatzate bi urtetik behineko hitzordu honetan hutsik egin gabe, hasiera-hasieratik behin ere ez dira faltatu izan. Izan ere, ekimen horren sortzaileetako bi dira eta, nahiz gaur egun AEK-kideak ez izan, «AEKren lagunak» beti izango direla ziurtatu dute.

Iker IRIARTE |

Joseba Kanpo eta Urtza Errazti Korrika-ren sorrera bultzatu zuen talde hartako kideetako bi dira. Atzo Korrika 15en lekuko eramaile gisa jardun zuten eta haiekin euskararen aldeko ekimen erraldoi eta jendetsu honen sorrerari buruz hitz egiteko probestu genuen. Nahiz ordutik gaur egunera guztia asko aldatu dela aitortu, oso gogo onez hartu gintuzten.

Zuek Korrika-ren sorreran garrantzi handikoak izan zineten.

JOSEBA KANPO: Gu lehen Korrika antolatu zuen taldeko partaideak izan ginen; lehen Korrika-koak eta hurrengoetakoak.

Nola gertatu zen «asmakuntza» hori?

URTZA ERRAZTI: Sorrerarena ia topiko bat da. Afari batean sortu zen. Premia zegoen dirua biltzeko eta beste alde batetik, euskararen egoera nahiko larria zenez, zerbait egin behar zela pentsatu zuen AEK-k. Ibilaldia eredutzat hartuz, pentsatu genuen Euskal Herri osoan barna egitea, eta oinez egin beharrean korrika egitea. Horrela sortu zela esan daiteke.

Beraz, esan daiteke, euskaldunok egin ohi dugun bezala hori ere mahaiaren inguruan hartutako erabakia dela.

U. E.: Beno, esan daiteke, baina Josebak esan duen moduan, hori mito bat da. Ordurako talde batean hiru edo lau hilabete lanean generamatzan zerbait aurkitu nahian, eta hori prozesu baten azkena izan zen. Ideia pila egon zen eta azkenean hori garatu zen.

Zein beste aukera eztabaidatu zenuten?

U. E.: Orduan kontzentrazioak egiten ziren asko, leku konkretu batean. Eztabaida zen leku batean kontzentratzea -eta Josebak esan duenez, hori Kilometroak-en antzekoa zela ikusten genuen-, edota alderantziz egitea. Azkenean pentsatu genuen Euskal Herri osoa leku batera eraman ordez, kanpaina bera Euskal Herri osora eramatea. Hortik sortu zen ideia.

Eta lehen urtetik egiten zen itzuli osoa?

U. E.: Bai, hasieratik osoa egin zen. Arazo txiki batzuk egon ziren, leku batzuetan erreleboak falta, adibidez, baina oso gutxi. Josebak hamabost kilometro egin zituen Zuberoan.

J. K.: Bai, ez zegoen jenderik eta Bizkaitik, Durangaldetik eta Busturialdetik, joan ginen eta denon artean egin genituen kilometroak.

U. E.: Baina osorik egin zen, kilometro guztiak. Lehenengo urtetik gelditu gabe aritu zen.

Garai haietan espero zenuten Korrika gaur den hitzordu garrantzitsua izango zela?

J. K.: Ez. Lehen Korrika guretzat ere sorpresa handi bat izan zen. Guk arrakasta izatea espero genuen, baina lehen Korrika-k berak arrakasta itzela izan zuen. Nik uste dut ideian bertan dagoela arrakastaren parte bat. Ideia polita da, zerbait dator, hartzen duzu eta jarraitzen du: bukatzen ez den zerbait delako sentimendua, zerbait bizia delakoa. Ez dakit zergatik den, baina egia esan, oraingo arrakasta izango zenik, pentsatu ere ez. Eta beste gauza bat. Ez zen ideia biribil bat izan, azkenean iniziatiba herriari utzi zitzaion eta herriz herri joan zen Korrika betetzen. Gaur egun ezagutzen dugun Korrika herriak egin du, nolabait. Herriak izan du ideia bat eta herriak garatu du.

Zer aldatu da hasieratik hona?

J. K.: Hasteko geu. Bizarra jada zuria daukagu! Eta gero Euskal Herria aldatu da: jendea, kultura... Dena aldatzen da: gizartea aldatu da, AEK aldatu da, dena.

Lortutzat al dituzue Korrikak hasieran zituen helburuak?

J. K.: Helburuak ez ziren gureak; gu AEK-ko kideak ginen eta helburuak orduko AEKrenak ziren. Nik uste dut AEK-k lan izugarria egin duela eta horiek lortzeaz gain, ordutik aurrera asko hobetu duela. AEK gorantza doa, hobetuz doa eta inoiz baino hobeto dago. Noski helburua betea dagoena. AEKren iraupenaren helburua betea dago, baina euskararena ez. Guk ez genuen espero hamabost urte geroago euskara oraindik egoera honetan egongo zenik; guk uste genuen askoz hobeto egongo zela.

U. E.: Hor kontuan hartzeko gauza bi daude: batetik euskararen erabilpena bera, eta beste alde batetik AEK-ko irakasleen egoera larria dela, irakasleen baldintzak ez direla behar luketen modukoak, eta hori ere lortu gabe dago.

Iraupena

«AEKren iraupenaren helburua betea dago, baina euskararena ez. Ez genuen uste euskara oraindik egoera honetan egongo zenik»

mitoa

«Korrika afari batean sortu zelako ustea mito bat da. Ordurako talde batean lanean generamatzan hiru edo lau hilabete eta prozesu baten azkena izan zen»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo