GARA > Idatzia > Gutunak

Amaya Colina, Ixabel Etxeberria, Maite Goienetxe eta Miguel Torre

Aurten Santiagotik elkarrekin

Euskal Herria, zazpi herrialde. Oso desberdinak gara, eskualde bakoitzak bere nortasuna dauka, administratiboki antolaketa desberdinak ditugu, aurkari desberdinak eta gure artean ere askotan proiektu eta gizarte helburu desberdinak. Baina, gure nortasunaz harro gara, hori erran nahi diegu gure haurrei, guri askotan transmititu ez ziguten harrotasuna, edo kendu nahi zigutena, bizirik dago, eta horrek lagunduko gaitu herriarekin aitzinatzen.

Herri honek iraun badu herritar mota guziei esker izan baita. Denok, ahal izan dugun neurrian, bakoitzak bere mailan, ttiki edo handi, ezagun edo itzalean ibilitako hainbat eta hainbat herritarrok, herri honi orain bat izaten lagundu diogu. Iaz, Aberri Eguna denena dugula oroitarazi zigun gazte talde batek, ideia honek jarraipena behar zuen. Zentzu horretan Santiagoko zubiaren gainetik ibilalditxo baten egiteko gomita luzatzen dugu, ea denek gure herria goraipatzen dugun, historia handia duen zubi horren gainetik abertzale asko eta asko ibiltzen garen, loturen estutzeko, hautsitako sarea josten saiatzen garen, askotan hausten bada ere, egun horretan bederen urratsa baikorra izan dadin.

Irundik Hendaiaraino, aurten Gernikako bonbardaketaren hirurogeita hamargarren urtemugan, Hendaiatik Irun erretzen ikusi ondoren, sufrimendu guziak gogoan, euskaldun eta abertzale izatearen pozez, abertzaletasun berriez estaltzen dugun zubia. Bereizi nahi izan gaituen zubian, espainol eta frantses ez garela, Euskal Herria bere aniztasunean martxan dagoela, naturalki erakuts dezagun elkarrekin.

Apirilaren 8an, igandean, goizeko 11:30ean dugu hitzordua Irungo Ficoban. Zazpiak bat. Nazioa gara, etorkizuna gure esku! Goazen bada!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo