GARA > Idatzia > Musika

Toto, hogeita hamar urteko kaliforniar eguzkiaren berotasuna

1977an sortua, seikoteak makina bat arrakasta sortu eta milioika disko saldu zituen 80ko hamarkadan. Taldekide berriekin bada ere, martxan da taldea. Bilbon izango dira etzi, «Falling in Between" lan berriarekin.

A. B. | BILBO

Hogeita hamar urte bete ditu aurten Toto talde arrakastatsuak. David Paich teklatu-jotzaileak, Steve Lukather gitarra-jotzaileak, David Hungate baxu-jotzaileak, Bobby Kimball abeslariak eta Porcaro anaiek, Steve teklatu-jotzaileak eta Jeff bateria-jotzaileak osatu zuten hasieran bere ibilbide luzean taldekideak aldatu eta hainbat musikari gonbidatu dituen seikotea. Bertan, nabarmena da David Paichen presentzia ontzaile nagusi bezala, edo Jeff Porcarorena, besteak beste Bruce Springsteen, Dire Straits edo Pink Floydekin bateria jotakoa (1992an bihotzekoak jota zendu zena).

Debut izenkidearen ostean, «Hydra» izenekoa argitaratu eta, aurrekoarekin bezala, milioi bat ale saldu zituen taldeak. 80ko hamarkadan «Turn Back» eta gero, «Toto IV» plazaratu zituzten, inoiz egin duten lanik ezagun eta arrakastatsuena, tartean «Afrika» sonatua biltzen duena. Urte horretan sei Grammy irabazi eta Hungate eta Kimball galdu zituen taldeak, gerora tarteka taldera itzuli baziren ere.

1984an Los Angelesko Olinpiar Jokoen kantua idazteko eskatu zieten, eta David Lynchen «Dune» filmaren soinu banda ere egin zuten. Kritika txarrak heldu zitzaizkien gero, eta horrek atsedenaldi bat hartzera eraman zituen. «Isolation» eta «Fharenheit» lanen ostean, «The Seventh One» ekoitzi zuten lehenengo hamarkada bete eta gero. Disko honek arrakasta ekarri zien berriro, eta hori profitatuz bilduma bat prestatu eta 90eko hamarkada bira izugarri luze batekin hasi zuten.

Hurrengo lana, «Kingdom of Desire», prestatzen ari zirela, golpe latza jaso zuen taldeak, Jeff Porcaro bateria-jotzailearen heriotza. Aurrera egitea erabaki zuten hala ere, eta «Absolutely Live» zuzeneko bikoitza atontzea, azalean Jeffen marrazkia duena.

Zaleek taldea desegingo zela pentsatzen zutenean, «Tambu» argitaratu zuten, eta gero «Toto XX», hogeigarren urteurrena ospatu eta bitxikeriak biltzen dituena. Munduan zehar ehun hiri baino gehiagotan jo zuten lan hau. Bira horrek Kimball abeslaria bildu zuen berriro taldera hurrengo lanean, «Mindfields»-en parte hartzeko. Segida «Livefields» zuzeneko bikoitzak eman zion, eta Sony Recordsekin zuten elkarlana itxi. Hurrengoa, taldearen bertsioak batzen dituen «Through The Looking Glass», Capital Recordsen agertu 2003an.

Zuzenekoak eta bildumak aparte, «Falling in Between» hamabosgarren lana dute kaliforniarrek honakoa. Iaz plazaratua eta taldeak berak ekoitzia, Bobby Kimball, Steve Lukather eta David Paichekin batera Greg Phillinganes teklatu-jotzaileak, Mike Porcaro baxu-jotzaileak eta Simon Phillips bateria-jotzaileak osatu dute taldea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo