Edorta Agirre Idazlea
EAEko Polizia
Soraluzeko gaztetxean hitzaldia eman dugu Asiskok eta biok. Gustura, oso. Berandu denez, erretira beharko. Aukera bakarrak: Zahar Etxea eskuinean, baserria ezkerretara (bertako biztanleentzako bakarrik). Aukera bakarra, hortaz. Alferrik. Behera, atzera. Kale nagusian gora, 4x4 itzelean EAEko Polizia. «Hi, zer!» adierazi nahian edo, keinuka hasi zaigu autobustxo horretako gidari uniformatua. Guregana hurbildu eta, «¿Adónde vas tú!?», erdeinuz. «Galdera teknikoa: nondik atera daiteke herritik?». «El permiso, el seguro, el...». «Konforme. Nondik irten daiteke?».
(Kopilotu betaurrekoduna ibilgailuan sartu eta telefonoa astintzen hasi da. Ez omen dugu itxura onik, jakina, emakume horrentzat. Liburuak eta hitzaldiak ez bide dira lagun onak. Poliziaren lagun onak.)
Erantzun berbera: txartela, agiria, etc. (espainolez). Ordu erdi luzea kale erdian, goizeko ordu txikietan, euri erauntsien artean. Poliziaren 4x4 horren atzetik auto normal bat jarri da. Poliziak tokia utzi beharko, agian. Eta guri, espainolez: «Egin bazterrera, neu pasako nauk eta» («Oríllate, que voy a pasar», alegia).
Gure kalkuluen arabera, polizia espainol horri ez omen zaio gustatu guk euskaraz erantzutea, ezta euskaraz galdetzea ere. Akaso ez zaio euskara gustatzen. Edo euskaldunak. Agian, Euskal Herria da gustukoa ez duena. Edo Euskal Herriko euskaldunak.
Kontua da gure patrikatik soldata (irabazten?) kobratzen duen polizia horri espainolez hitz egin behar zaiola, bestela haserretu egiten zaigulako. Bestela, ordu erdiko zigorra. Horrela ikasiko dugu EAEko Poliziari bere hizkuntzan mintzatzen.
E, Balza?
Biharamunean, Azkarateren ahots gozoak gogorarazi digu beste akordio historikoa sinatu dutela Valparaíson (Txile), hango Eusko Etxeko kontsularen lorazainak Acapulcon euskaraz ikas dezan eta Aita Santuari euskarazko lehendabiziko Biblia oparitu diotela.
Horregatik ez balitz!
Balza: zergatik ez duk egiten euskaraz? Ez dakialako? Zergatik ez dakik? Ikasteko gauza ez haizelako? Ikasi nahi izan ez dualako? Hiretzat oso zaila delako? Ikasteko astirik hartu (gura izan) ez dualako? Zergatik ez duk astirik hartu (gura izan) behin ere euskaraz ikasteko? Zergatik autodeterminatu haiz euskaraz ez ikastera? Abertzaletasunak horrekin zerikusirik ez duelako? Espainoldunek euskaldunon kontra eraginkortasun handiagoz ekiteko? Zer kristo ote daukak, daukazue euskararen kontra? Kontuak kontu, hor hire kumeak.