Laura Mintegi Idazlea
Hamabost urte pankartan
Oraindik ez da konpondu hara eraman zituen gatazka. Pankartari begiratu behar zaio: «Irakaslego propioa. Despidorik ez", hor dago gakoa
Beraiek ez dute azalduko zer den pankartan egotea. Legeez eta dekretuez mintzatzen dira. Ez dute ezer esango kale gorrian egotearen inguruan, unibertsitateko atean, ikusi nahi duenarentzat bistan. Ez omen dute urteurrenik nahi. Nazio kontua alde batera utzita, herri honetan dagoen gatazkarik zaharrena da. Caballitoren arazoa jaiotzen, garatzen eta amaitzen ikusi zuten. Eta aurretik Itoiz, Lurraldea, Euskalduna... ia-ia Lemoizen garaietara jo behar dugu gatazka garaikiderik topatzeko. Esajeratuz, noski.
Ez dugu esajeraziorik, ordea, begiratzen badiegu gatazka honetako protagonisten adinari, Lemoiz hartan ere aktibistak izan baitziren. Ergo, hirurogei urteak hurbil-hurbil dituzte ia denek, eta gainditu ere bai batek edo bestek. Eta han daude oraindino, Leioako campuseko atean goizeko zortzietatik hamarretara, eta Kazetaritza Fakultateko atean hamarretatik aurrera, arratsaldeko lau eta erdiak arte, tarte txikia eginda bazkaltzeko. Zortzi ordu egunero, fakultate barruan egoten diren irakaskide ohi gehienak baino ordu gehiago, dudarik gabe. Horrela astelehenetik ostiralera, irailetik ekainera, urtez urtez. Zortzi ordu, bost egun, hamar hilabete, hamabost urte. Miraria da. Buruan zer duten galdetzen diogu geure buruari. Zergatik segitu. Erantzuna sinplea ei da, oraindik ez da konpondu hara eraman zituen gatazka. Pankartari begiratu behar zaio «Irakaslego propioa. Despidorik ez», hor dago gakoa. Eta tartean, zeretik bizi izan dira? Miraria berriz ere. Elkartasuna da hitz magikoa. Lagunen, familien, kideen, abokatuen elkartasuna. Eta ezeza- gunena ere bai, izenik gabeko donazioak ugariak izan baitira urte hauetan guztietan.
Hamabost urtean Erresistentzi Kutxaren kudeatzailea izan naizen aldetik anekdota bat konpartitu nahi nuke zutabe honetako irakurleekin. Bankuetxeko gure sukurtsalera zuzendari berria etorri zen, exekutibo gaztea. Kutxaren funtzionamendua azaldu nahi nion, nola jasotzen dugun dirua hilero, errezibo eta ekarpen anonimoen bidez, eta nola banatzen dugun irakasle kaleratuen artean etxean beste diru-iturririk ez baldin badute. Hamar minutu neramatzan funtzionamendua azaltzen baina ez zuela segitzen ohartu nintzen, keinu arraroak egiten zituen eta. Hitzak aukeratuz (zuzendariak ezin ezjakin agertu) galdetu zidan ea zertaz ari nintzen, ea erresistentzi kutxa gailu elektrikoa ote zen, eta non zegoen kokatuta.
Enfin, pankartaren protagonistak bezain antigoalekoak omen dira erresistentzi kutxak, langileriak borrokan ziharduen garaikoak. Elkartasuna eskatu behar ez zen garaikoak, eman ematen zenean ezeren truke.
Horrela segitzen du izaten pankartan. Batzuek beren bizimodua ematen dute eta beste askok elkartasun anonimo eta isila. Nola eskertu hori guztia batzuei eta besteei? Eta zenbat denboraz?