GARA > Idatzia > Ikusmira

Euskal selekzioen ofizialtasuna versus irudia

Lakuako hirukoak eta Aralarrek aurkeztutako ekimena, Madrilgo Gorteetara euskal selekzioak nazioarteko norgehiagoketan parte hartzeari buruzko eztabaida eramateko, 2004an EAJk Madrilen bertan egindako proposamena gogorarazten du, Kongresuak atzera bota zuen hura. Oraingo proposamenak ere irudi kontua baino ez ote den susmoa elikatzen du. Izan ere, Gasteizen onartu ondorengo lehenengo geltokia Madrilgo Kongresua izango du eta han Ibarretxeren Estatutu Berria delakoaren bukaera bera iragar dakioke, prozedura berari jarraituta. Eta hainbatetan bezala, Gasteizko Legebiltzarraren erabakiek zertarako balio duten galdetzen dute herritar askok, ez baita atzo goizekoa euskal selekzio ofizialak onartu eta aldarrikatzen dituen erabakia. Egia da Aznarren Gobernuak etenda utzi zuela Lege hura; egia da euskal selekzioen ofizialtasuna, arazoari benetako irtenbidea emango liokeena; ez dagoela administrazio autonomikoen esku; hala ere, hura lortze aldera badira eman beharreko pausoak, baina horiek emateko borondatea urria, dirudienez. Pilota federazioek Hego Euskal Herriko Konfederazioa sortzeko egin zuten proposamena ez zen onartu, lurrade zatiketa gainditzeko bideak ez dira urratzen... Ondo dago Madrili euskal gizartearen nahia betetzeko eskatzea, baina etxeko lanak egitea ez da Madrilen kontua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo