GARA > Idatzia > Musika

Barricada, kaleko rockaren aitzindari

Belaunaldi oso baten ikur, Txantreako taldeak 25 urte bete ditu, asteburuan Atarrabiako kiroldegian eman beharreko bi kontzertuetan ospatzekoak dituenak. Data honen karira, musikaren munduko partaide ezagun batzuengana jo dugu -nafarren garaikideak batzuk, oinordeko besteak eta hurbilekoak gehienak- ikuspegi ezberdin batez taldearen berri jakiteko. Aspaldiko kontuak bertaratuko ditugu, bitxikeriak gogoratu, taldearen arrakastari buruz hausnarketa egin eta utzitako ondasuna ezagutzen saiatu, beste hogeita bost ere izan daitezen.

Aurora BELTRAN

Abeslaria. Hainbat eszenatokitan nafarrekin batera aritua

«Mito bat markatu du musikan; garai bateko soinu banda izan zela esan daiteke»

Musikagintzan mito bat markatu duen taldea izan da Barricada; hasi Nafarroan, gero Euskal Herrian eta baita Espainia mailan ere. Jende dezentek bizi izan genuen garai bateko soinu banda dela esan daiteke eta ni beti sentitu izan naiz eurei oso lotua, eurak Barricadarekin hasi zirenean gu Belladonaren proiektuan geundelako eta, eszenatokiez gainera, beste gauza asko ere partekatu genituelako. Egun Alfredorekin eta El Drogas-ekin harremana izaten jarraitzen dut eta maiz ikusten dugu elkar, Iruñean bizi direlako eta istorio askotan topo egin izan dugulako. Urte asko dira elkar ezagutzen dugunetik.

Nire ustez, arrazoi asko daude orain hogeita bost urte sortutako taldeak oraindik ere bizirik irauteko. Hau da, jada ez dela soilik musikarekiko duten zaletasuna elkarrekin egotera bultzatzen dituena. Bizitzan zehar jende askorekin egiten duzu topo, taldekideekin bidaiatu egin behar duzu, batetik bestera ibili, eta horrek eurekin une asko partekatzera eramaten zaitu. Eta Barricada musika talde bat da, eta hori nabaritu egiten da; esan nahi dut, ez dela soilik eszenatoki gainera igo eta musika jotzen duan taldea; bizitzea, bidaiatzea, entsaiatzea... Zure bizitzako zati oso handi bat pertsona horiekin pasatzen duzu eta, musikaren esparruan jasateaz gainera pertsonalki ere eutsi egin behar diezu. Orduan, Barricadaren gakoa elkarri dioten errespetuan dagoela pentsatzen dut, bakoitzak bai baitaki zein den bere lekua taldean eta denak saiatzen dira egiten dutena ondo egiten. Denek taldearentzat egiten dute lan. Horregatik guztiagatik, harro sentitzen naiz «Barri-koen lagun» izateagatik ezen, beste askorentzat bezala, eta hau esatea pinpirin samarra den arren, musikalki garrantzia handia izan zuen garai bateko soinu banda dira.

Roge BLASCO

Kazetaria. 80ko hamarkadan «Muskaria» aldizkarian ibilia

«Bokazioa, zintzotasuna eta kalean egon izana dira taldeak biziraun izanaren gakoak»

«Muskaria» aldizkarian nengoenean lau pertsona edo talde izan ziren bereziki nire arreta erakarri zutenak; Evaristo, Josu Zabala eta Xabier Montoia, Fermin eta Iñigo Muguruza, eta El Drogas. Lehenengo aldiz elkarrizketatu nituenean gutxik zuten La Polla Records, Hertzainak, Kortatu edo Barricadaren berri, baina berehala antzeman nion zerbaiten hasieran ginela; musikagintza eredu berria zetorren. Ikusi nuen haustura bat zegoela, energia berria zekartela, eta musika, gizartea zein kalea bizi eta ulertzeko modu berria. Euskarazko rocka Hertzainakek eta Zaramak berritu zuten.

Matxinada 70eko hamarkadan egile abeslariek egindakoaren tankerakoa izan zen baina, nolabait esatearren, kalekoagoa, zaratatsuagoa, basatiagoa. Eta, garai hartan, Barricadak hau guztia irudikatzen zuen. Eurekin izan nituen elkarrizketak ez ziren galdera-erantzun soilak izan; askoz gehiago izan ziren. Zirrara berezia eragiten zuten eta ez ile luzeak edota janzkera zarpailak zeramatzatelako; barrutik nolakoak ziren ikusten zenuelako, izateko era berezia zutelako, pertsona mailan apartak zirelako.

Ordutik hogeita bost urte igaro dira eta hasierako espiritua bere horretan mantendu dute; agian hori izango da gaur arte biziraun izanaren arrazoia. Bokazioa dute, hitz egitean zintzotasunez aritu dira beti, barru-barrutik, itxurakeriarik gabe, eta kalean egon dira. Benetakoak dira, bakarrak, eta, nire ustez, benetakotasun hori mantentzen dakiten talde gutxi daude; urteak iragaten diren neurrian gauza asko gertatzen dira eta pertsonak aldatu egiten dira. Barricadakoak, heldutasuna bereganatzen joan badira ere, hasierako idealekiko leialak izan dira beti.

Marino GOÑI

Musika ekoizlea. Barricadaren lehen lanetan hartu zuen parte

«Agian hasieran musikalki ez ziren oso originalak izango, baina bai musika planteatzeko moduan»

Benetan zaila da Barricadak egin duen guztia laburbiltzea. Musika ulertzeko era baten lantzaren erpina da, alderdi askotan berriztatzaileak izan baitira. Agian, hasi zirenean musikalki ez ziren oso originalak izango, baina bai musika bera planteatzeko moduan.

Baliteke Barricadak izan duen garrantzia euren eragina jaso duen talde kopuruaren arabera neurtu behar izatea, asko izan baitira. Adibidez, aurreko batean musika bideo zahar batzuk ikusten ari nintzen eta, Kortaturen «Sarri Sarri»-n, taldekideak lokal batean biltzen direla ikusi ahal da. Probasaioan ari diren artean, atzean Barricadaren bi kartel handi ikusten dira, eta lokalaren dekorazioa ez da kasualitatea, inondik inora. Inork ez luke esango Kortatun Barricadak eraginik izan zuenik, baina kartel horiek hor daude.

Nik aspaldi ezagutu nituen Barricadakoak, taldearen lehenengo bi lanetan ekoizle gisa parte hartu nuenean. Lehenago ere ezagutzen nuen El Drogas, antzeko lekuetan ibiltzen baikinen, ideologia eredu bertsua genuen eta, batez ere, gure lagunartea antzekoa zelako. Oraindik ere berarekin, Alfredorekin eta Boni-rekin harremanetan jarraitzen dut. Betidanik izan dira lagunkoiak, oso gertuko pertsonak egiten zaizkizun horietakoak.

Musikalki bilakera bat izan dutela esango nuke, batez ere zenbait aspektutan, baina, nire ustez, garrantzitsuena zera da, Barricadaren kontzeptua bere horretan mantentzen jakin dutela. Adibidez, El Drogas-ek bere aldetik zenbait gauza egin ditu, La Venganza de la Abuela edo Txarrena tarteko, eta Fernando eta Boni-k ere beren diskoak egin zituzten. Horietan, eurek zituzten bestelako eragin batzuk ikusten dira, baina Barricadaren hasierako kaleko rockak edo rock gogorrak -rock&roll eta heavyaren artean daudelako-, 82-83 urte haietakoaren oinarriak, berbera izaten jarraitzen du, baita azken lanetan ere. Funtsa mantendu dute, ez dira bandoz aldatu eta hasierako musika berdina egiten jarraitu dute. Eta horregatik, euren arteko konstantzia eta batasunagatik, taldearen nortasuna mantendu eta gaur arte iritsi dira. Mikel hil zenean, lehenengo bateria-jotzailea, Barricada hiru pertsonarekin gelditu zen eta hiruren artean taldearen espiritua iraunarazi dute. El Drogas-ek ere behin baino gehiagotan esana du berak abestiak egiten dakiela eta munduan gehien maite duena musika jotzea dela eta horretan jarraitzeko nahiak eta handinahirik ez izateak ekarri ditu honaino. Tartean krisi une latzak pasatu dituzte, baina nahi hori oso barruan dute, kantuak egitea eta zuzenekoak ematea, eta hori izan da gaur arte heltzea bideratu duena.

Aitor GOROSABEL

Su ta Gar-eko abeslaria. Hainbat kontzertutan egon da nafarrekin

«Jendeak pentsa dezakeenetik urrun, oso jende umila, xumea eta jatorra da; naturala»

Barricadak orokorrean pertsona bakoitzarentzat esanahi bat izan badu ere, kaleko rockaren ikur garran- tzitsuena izan dela ukaezina da. 80ko hamarkadan talde gutxik jorratu zuten musika estilo hau, eta Barricada taldea oso karismatikoa izan da hasieratik. Baina, batez ere, euren izaera azpimarratuko nuke. Pertsona bat ezagutzen ez duzunean -gurekin ere pasatuko da, pentsatzen dut- jendeari entzuten dizkiozun gauza on eta txarren arabera eraikitzen duzu irudia eta, Alfredo, Boni eta El Drogas-ekin, behintzat, elkar ezagutu genuen unetik oso naturalak izan dira; inoiz ez dira gure gainetik jarri, oso jende umila, xumea eta jatorra da. Gu beti kristoren errespetuarekin tratatu gaituzte, hasiera hasieratik.

Rockeroak dira, une ezberdinak bizi izan dituzte, arrakasta handikoak eta ez horrenbestekoak, baina gerora betiko Barricada hori izateari eutsi diote. Nik uste dut horregatik irauten dutela, rockeroak direlako eta berdin diolako 30, 40 edo 50 urte eduki; azken batean, Barricadak inork ez daukan gauza bat dauka, rock&rolla bizi egiten dute eta horregatik ez dute uzten. Azken batean, hasierako «zera» hori mantendu dute eta mantenduko dute; errepidea, musika eta rock&rolla. Eta euren izaera horri eutsi izanagatik, uste dut daukaten arrakasta merezitakoa dela.

Iñaki Uoho Antón

Platero y Tu-n zebilela oholtza ugaritan Barricadarekin ibilia

«Rockean gauzak egiteko beste modu bat ere bazela ikasi genuen Barricadarekin»

Egin duten musika inportantea izan da, baina uste dut islatu duten garrantzitsuena filosofia izan dela, rock eskola bat ondoren heldu ginenontzat. Gauzak egiteko beste modu bat zegoela ikusi genuen Barricadari begira.

Elkarbizitzen jakitea da gakoa. Lau lagun urtetan zehar elkarrekin egoteko beharrezkoa da pertsona zintzoa izatea. Ikasi beharra dago elkar ulertzen, memento txarrak elkarrekin bizitzen, elkarri barkatzen. Eta 25 urteren buruan hauek elkarrekin oholtza gainean badarraite bistan da lortu dutela. Jakin izan dute elkarkidetza era egokian aurrera eramaten.

Bilboko erakustazokan ikusi nituen estreinakoz. Oso urruti zeuden, oso txiki ikusten nituen inbidia sortzen zidan Gibson Sg batekin. Beste behin, Platero y Turekin hasi berriak ginela, Boni etorri zen Barakaldon emandako zuzeneko batera, eta elkarrizketa batean taldea gustatu zitzaiola esan zuen gero. Barricadakoak gu goraipatzen! Guretzat flipantea zen orduan hura, txundituta utzi gintuen, gu baino askoz nagusiagoak ez ziren arren. Gero, oholtza partekatzen hasi ginen beraiekin eta oso harreman polita sortu genuen talde bien artean. Atsegin genuen benetan beraiekin kontu kontari gustura aritzea.

Bitxikeria gisa, gogoan dut behin hitzaldia eman genuela Bilbon, eta El Drogas-ek autoa hamarretan zarratzen zuten garaje batean utzi zuela. Irtetzean beranduegi zen eta bi aukera genituen. Bata, morroia guk geuk Iruñera eraman, bestea parrandan gelditu goizeko bederatzietan garajea zabaldu arte. Bigarrena aukeratu genuen, jakina, eta bai primeran pasa ere!

 

Kutxi ROMERO

Marea taldeko abeslaria. Talde nafarraren oinordekotzat hartua

«Niretzat rock & rolla ez da Elvis Presley, Leño eta Barricada dira gure ispilu zuzenena»

Leñoren ondoren lekukoa hartu zuen taldea da Barricada, kaleko rock & rolla benetan landu duena. Nire belaunaldiko guraso zuzenak direla esan genezake, Mareakoena, edo rock urbanoa deritzona egiten dugunona. Niretzat rock & rolla ez da Elvis Presley, niretzat Barricada eta Leño dira gure ispilu zuzenena. Bestalde, hurbilen dugun taldea ere bada, gehien maite, mirestu eta errespetatzen duguna. Ispilu izan beharko lukete, ez soilik guretzat, baita rockaren munduan gauzak nola egiten diren ikasi nahi duen ororentzat ere. Musikan erraza da bolada bateko oihartzuna lortzea, baina hogeita bost urte irautea ez da txantxa gero. Ikaragarriak dira!

Nerabea nintzela ezagutu nuen taldea, eta ordurako laugarren lana argitaratua zuten. Gogoan dut igerilekuan jartzen genuen zinta, alde batean Barricada eta bestean Extremoduro zuena. Gero elkar ezagutu genuen eta ohartu nintzen oholtza gainean bezain handiak direla azpian ere, berez oso zaila dena. Aipatzeko daukat El Drogas-ek gure bigarren diskoan kanta bat grabatu zuela. Hori dela eta, hamalau bat aldiz gonbidatu dugu oholtza gainean gurekin abestera, eta ez du behin ere hitzekin asmatu, beti ezberdin eman du kantua, marka da gero.

Roberto Moso

Kazetaria. Zarama taldekoabeslari ohia. Nafarren garaikide

«Serioak ziren eszenatokian eta oso zuzeneko indartsua zuten, konparaezina»

Oso onak eta ezberdinak ziren. Jende serioa zen, Leñoren bidetik rock gogorra egiten zuena. Hutsune hori bete zuten eta nire ustez beraien gauzarik aipagarriena taldearen zuzenekoak ziren. Oso zuzeneko indartsua zuten, konparaezina. Gu ez ginen inoiz profesionalak izan eta beraiek posible izan zuten bide horri ekitea. Eszenatokian oso serioak ziren Zarama, Hertzainak edo Ripekoekin konparatuz.

Hasieran tirabiraren bat ere ekarri zigun profesionaltasunaren hautu horrek ordura arteko giroa oso lagunartekoa izan baitzen. Horrez aparte, hala ere, harremanak onak izan dira beti. Lehenengo Eginrocken jo genuen elkarrekin estreinakoz. Garai hartako Barricadako partaideak ez ziren egungoak. Astrain abizeneko bateria-jotzaile bat zuten, gaixotasun arraro bat zuena eta handik gutxira hil zena. Guretzat harrigarria izan zen, ez horrenbeste beraientzat, suposatzen baitzuten egunen batean horrelako zerbait gerta zitekeela. Gogoan dut kosta egiten zitzaiola bateria oholtzara igotzea ere.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo