GARA > Idatzia > Pilota

Zesta-punta

Gaur hasiko da Durangoko Mastersa Ezkurdi frontoian

Alberdi anaiak Treku-Alliezen kontra eta Artetxe-Elizegi Lander-Mugartegiren aurka; final-laurdenetarako bi norgehiagoka berdindu eta interesgarri

GARA | DONOSTIA

Durangoko Mastersak zestaz beteko du berriz ere Ezkurdi frontoia, izan ere, gaur arratsaldean (17:00) jokatuko dira torneo horretako final-laurdenetako bi partidak. Lehenik Alberdi anaiek Treku eta Alliezen kontra jokatuko dute eta ondoren, Artetxe eta Elizegik Lander eta Mugartegiren kontra neurtuko dituzte indarrak. Garaileek finalerdietarako txartela eskuratuko dute eta bertan zain Hormaetxea-Barrondo eta Aimar-Felix multzo buruak izango dituzte.

Aurreneko neurketan, zumaiarrek bikain moldatzen direla erakutsi nahiko dute Bidasoa ibaiaren beste aldeko bi pilotarien aurka. Luis Mari Alberdi 2007ko bere bolada ona luzatzen saiatuko da, izan ere, aurten, Felixekin batera, Urrezko Xistera irabazi du. Horrez gain, frontoi laburrean jokatu zen Naturgas Mastersean, txapeldun irten zen Barrondorekin batera.

Bigarren norgehiagokan, Artetxe-Elizegik elkarrekin eskuratutako Bakearen Hiria titulua estreinatuko dute. Final hura Gernikan jokatu zen Urteberri egunean eta, bertan, Aimar eta Felix menderatu zituzten. Lan asko egin beharko dute, ordea, Lander-Mugartegi berriatuarrei irabazi nahi badiete, horiek 2006ko Urrezko Xisteran txapeldunorde izan baitziren. Bi aurrelariak errematatzaile trebeak dira eta atzeko koadroetan, Adolfok bere indarra inposatu beharko du Aitor pilotari gaztearen aurrean.

Jaialdi horrekin, Eusko Basque eta Durangoko Udalaren arteko akordioa martxan jarriko da eta hemendik aurrera, aipatu enpresak aldizka jaialdiak antolatzen jarraituko du. Hurrengo bi hitzorduak Aste Santu garaian iritsiko dira, apirilaren 5ean eta 7an, hain zuzen ere. Udaberriarekin batera, zesta indartzen hasiko da Bizkaia aldean.

Frontoi berria Manilan

Bestetik, Aitor Totorikak zuzentzen duen enpresak jakinarazi zuenez, Manilak Jai Alai berria izango du. Eusko Basque eta Filipinetako bazkide batzuk akordio batera heldu dira bertan kirol gune bat eraikitzeko eta egitura horren barruan Eusko Basque-Euskadi Jai Alai deituko duten frontoia kokatuko dute.

Aurrekontua bi eta hiru milioi dolar artekoa izango da eta lanak lau hilabe barru bukatuko dira. Beraz, urtearen bukaera baino lehen frontoia martxan jartzea espero dute. Zesta-punta profesionala Manilara itzuliko da Jai Alai zaharrak orain bost urte ateak itxi eta gero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo