Aurrekariei begiratuta, Biarritz da faborito
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Biarritzen inork gutxik uste du igandean Europako Kopatik at geratuko direnik. Horretarako, orain arteko partidei eta talde bakoitzak une honetan duen sasoiari begiratzen diete zaleek.
Aurten bertan, bi aldiz neurtu dituzte indarrak Biarritzek eta Northamptonek, eta bietan lapurtarrak atera dira garaile. Gainera, ingelesak sailkapeneko azkeneko postuan dira, eta badirudi, mailari eustearekin kezkatuago daudela Europako Kopan jarraitzearekin baino.
«Orain arteko partidak ikusita, garbi dago gu garela faborito. Alde batetik, etxean jokatzen dugu eta bestetik, bi partidak irabazi dizkiegu. Guretzat oso garrantzitsua da finalerdietan izatea eta dugun guztia ematera aterako gara. Hala ere, kanporaketa partida bakarrean jokatuko da eta kontuz ibili beharra dago», dio Dimitri Yachvilik, Biarrizko jokalariak.
«Sei Nazioak jokatu direnean, haiek jokatzen jarraitu dute, eta guk ez. Alde batetik, deskantsua ona da, baina beraiek erritmo handiagoarekin helduko dira», ohartarazi zuen lapurtarren jaurtitzaileak.
Tankerako hitzak izan zituen Patrice Laguisquet entrenatzaileak ere: «Aurreko emaitzei begiratzen baldin badiegu, garbi dago gu aterako garela faborito, baina kontuz ibili beharra dugu. Beraiek baloia edukitzen eta eskura jokatzen ederki dakite, eta min handia egin dezatekete», esan zuen entrenatzaile zuri-gorriak.
Horrelako partidetan atzean ere lan handia egin behar izaten dela ekarri zuen gogora entrenatzaile lapurtarrak: «Kanporaketa partida bakar batean jokatzen denean, oso kontuz ibili behar da, edozein deskuidu nahikoa baita kanpoan geratzeko. Horretarako, talde osoak lan handia egin behar du, baina batez ere atzelariek», esan zuen.
Mailari eustea helburu
Northamptonek Ligan duen egoera ez da batere gozoa. Sailkapeneko azkeneko postuan daude, eta hiru jardunaldi bakarrik geratzen dira Liga amaitzeko. Beraz, mailari eustea omen da beraien helburua, Paul Gayson entrenatzaileak esan zuenez: «Europako Kopako finalerdiak jokatzea gauza ederra litzateke, baina baita Lehen Mailan jarraitzea ere, eta gauzak ez dauzkagu batere ongi. Bietariko bat aukeratu beharko banu, garbi daukat Lehen Mailan jarraitzea hartuko nukeela», esan zuen.
Hala ere, irabaztera etorriko omen dira: «Gu partida guztietan irteten gara zelaira irabazteko asmoz, eta horrelaxe joango gara, nahiz eta jakin ez dela erraza izango», esan zuen entgrenatzaile ingelesak.