Inazio Agirre Arregi AuBko kidea
Gutxienekoaren azpitik
Franco hil zela 30 urte igarota, ordezkari politikoen euskararen erabilera parlamentuetan, batzar nagusietan eta zazpi hiriburuetako udaletako osoko bilkuretan ez da %9ra iristen (EHE, 2004-11-11). Espainia eta Frantziako estatuen intolerantziak dirau: euskararen ofizialtasuna eta lurraldetasuna ukatzen, euskaldunen hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen, Azpeitiko euskararen ordenantzak eta Udal Euskaldunen Mankomunitatearenak erasotzen. Horrela ezin da jarraitu. Egoera hori konpontzeko hizkuntza gatazkaren sustraietara jo behar da. Legeak eragin behar du hauteskundeen zerrenden eraketan, euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko Euskal Herri osoko administrazioan.
Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak leuntzen hasteko alderdiek zerrenda parekideak aurkeztu beharko dituzten bezala, Legeak ere agindu behar du hizkuntz alorrean: «Alderdi politikoek euskararen eta alboko Estatuaren hizkuntza ofizialaren ezagutza eta erabilera bermatzen duten hautagaien zerrendak aurkeztu beharko dituzte Euskal Herriko lurralde guztietan. Hauteskunde Batzordeak, epaitegiek eta alderdi politikoek zainduko dute agindu hori betetzen dela. Legea betetzen ez duten hautes-zerrendek ezingo dute erakundeetan egon».
Hau da, hautes-zerrendak legezko izateko eta politikariak erakundeetan aritu ahal izateko, alderdiek aldez aurretik bermatu beharko dute Euskal Herri osoan, aurkezten dituzten hautes-zerrendak osatuta daudela bi hizkuntzak erabiltzeko gai diren politikariekin; beren egitekoak euskaraz eta erdaraz betetzeko gai direnekin, administrazioan jarduteko «ahaldun» izan daitezen. Lehendakarien, legebiltzarkideen, ahaldun nagusien, alkateen eta zinegotzien euskarazko jardunak bultzatu eta prestigiatu behar du euskara bere lurraldean, Euskararen Herritik kanpoko erdaren erabilera inposatzen jarraitu gabe.
Administrazioa euskalduntzen herriaren bultzadari laguntzeko ezinbestekoa da politikariak eta administrazioko enplegatuak euskaldunak izatea eta administrazioaren lan-hizkuntza euskara dela erabakitzea. Gaur egun, euskara galtzeko politika eragiten da Euskal Herriko lurralde zabaletan eta, kasurik onenean, -EAEn eta Nafarroako mendialdean-, aginte publikoen bultzada politikoa, jarduera normatiboa eta sustapen neurriak ez dira eraginkorrak izan.
Euskaldunen hizkuntz eskubideak urratuta eta Euskal Herriaren erabaki ahalmena ukatuta, gutxinekoaren azpitik ari gara. Menpeko hizkuntz politikekin ezinezkoa da administrazioa euskalduntzea eta euskaraz biziko den Euskal Herri euskalduna berrosatzea. Hizkuntz politika berria ezinbestekoa da. Pertsona, herri eta hizkuntz komunitate guztien berdintasunaren printzipio unibertsala planteatu behar dugu, euskara hizkuntza nazionala, ofiziala eta lehentasunezkoa izan dadin Euskal Herri osoan, Europako herrien berdintasu- naren esparruan.