GARA > Idatzia > Gutunak

Josu Eguia Arronategi Markinako Gazte Asanbladaren izenean

Badator Markinako gaztetxea

Noiz arte jasan daiteke zurikeria hutsen erruz nork bere ametsak zapuztuak ikustea?

Badira bost urte Markina-Xemeingo Gazte Asanblada lanean hasi zela. Urteotan hainbat herri ekintza antolatzen ibili da, gazteak elkartzen, kalean bizi giroa eta adin guztietarako aisialdi eskaintzak sortzen, eskualdeko beste gazte asanbladekin elkarlanean... baina argi geneukan herrian gune aske baten beharra zegoela, gazteok elkartu eta antolatzeko, eta hori izan da ibilbide horretan aldarrikatu izan duguna.

Denbora honetan argi erakutsi dugu herriaren bizitasuna birsortzeko gaitasuna eta horrek behartu zuen Udala herriko gazteokin elkartzera. Behin baino gehiagotan eman ziguten beraien hitza (data zehatza jarriz) gune hori ahalbideratuko zutela adieraziz, eta beste horrenbeste alditan jan duten hitza.

Denbora pasatu ahala, dokumentu ofizial baten eskaria egin genien eta alkateak, plenoa jakinaren gainean jarrita, udaletxeko zigilua eta alkatearen sinadura zeramatzan dokumentua eman zigun, 2006. urte amaierarako gaztetxea egongo zela adierazten zuena. 2007ko apirilean gaude eta hemen ez dago gaztetxearen arrastorik. Agindutakoa betetzen ez duela ikusirik, argi geratu da Udalaren nahia ez zela gazteoi leku hori eskaintzea, denen aurrean ongi geratzea, gazteon ahotsak apaltzea eta herri lasai eta perfektu baten itxura ematea baizik. Zurikeria hutsa.

Horren aurrean, ahots ozenez esan nahi dugu, inoiz baino ageriago geratu dela Jabier Alberdiren, PNVren eta bere kideen joko zikina, eta gazteon hitza garrasi bihurtzea lortu duela bakarrik.

Gutun honen bitartez adierazi nahi dugu ez dugula etsiko eta gazteok, babesa eskaini diguten herriko beste hainbat eragilerekin batera, gaztetxearen aldeko borrokan jarraituko dugula. Denon artean denontzako gaztetxea lortzera baikoaz!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo