GARA > Idatzia > Gutunak

Ibon Ostolaza Oiarzabal Donostiako Bai Euskal Herriari

Ikurrinak balkoietan

Belaunaldi ezberdinek Aberri Egun ezberdinak dituzte gogoan. Nire gurasoek ezkutuan, mendian edota Poliziaren aurrean egindako korrikaldiak dituzte gogoan. Ikurriña ikusi ahal izateko, kanpandorreari, torreta elektrikoari... begiratu behar zieten.

Nik berriz, Iruñeko aberri egunak, Hondarribia eta Hendaia artean egindakoa eta beste hainbat ditut gogoan. Eta beste zeinahi oroitzapenen gainetik ondo asko gogoratzen dut nola ikusten nituen, Iruñerako bidean, ehunka ikurrina balkoietan. Donostiatik abiatu eta Lasarte, Andoain, Tolosaldean... balkoietan jarritako ikurrinak ikusten ziren. Kanpandorrera begiratu behar izan gabe.

Azken urteotan, baina, gero eta ikurrina gutxiago ikusten dut balkoietan. Eta garrantzitsua irizten diogu ikurrina jartzeko ohitura berreskuratzeari. Nazio izatea aldarrikatzeaz gain, min egiten dielako gure herriaren etsaiei, Madrilen eta Iruñean bere sinbolo inposatzaileak atera dituztenei. Horregatik, eta Donostiako Bai Euskal Herriari ekimenaren izenean, donostiarrei, baina baita elkarte gastronomiko, kirol elkarte, taberna eta besteei ere, dei egiten dizuegu ikurrina jar dezazuen. Ez dugu folklorismo hutsean erori nahi, baina euskaldunon eskubide zibil eta politikoak errespetatuak ez diren bitartean, gure herriaren etorkizuna bermatuko duten tresnak sortzearen ardura dugu. Herri bat garela aldarrikatzen jarraituko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo