GARA > Idatzia > Gutunak

Goizane Arana arexolaleiba Zarauzko Korrika Batzordearen izenean

Korrika Zarautzen

Korrika pasa da gure eskualdetik, arrakastaz, gainera. Urtarrilean hasi ginen lanean, hainbat baitira ekitaldi honek eskatzen dituen lanak. Garrantzitsuenak dirua biltzea eta euskara eta euskal kultura sustatzea, honen harira dator Korrika Kulturala.

Korrika Kulturalak ez dauka inongo irabazi asmorik, baina egitaraua aurrera atera ahal izateko, laguntza ezinbestekoa dugu. Udalaren erantzuna, aldiz, minimoetara baino ez da iristen. Ematen digun diru laguntzarekin ezer gutxi egiteko iristen zaigu. Autogestioan lan egin beharrean izaten gara herri honetan. Baina aldi berean Udalaren eskakizunak beti tinko.

Baina zein izango gure sorpresa Korrika Egunean bertan euskal antzerki bat egongo zela jakin genuenean. Zenbat diru kosta ote da antzerki hori ekartzea? Eta Munoako karpa jartzea? Nola da posible inongo konplexurik gabe dirua horrela gastatzea, eta guk kasu honetan helburu bera izanik, eduki dugun diru-laguntza edukitzea? Udalarekin oso haserre gaudela adierazi beharra daukagu. Konpetentzia latza egun honetakoa, ondo baino hobeto jakinda Korrika Eguna zela. Elkarlana izan beharko lukeena konpetentzia bihurtu da, garbi baitago publiko berarekin jokatzen ari garela.

Horretaz gain, kilometroa erosten ez duen eskualdeko herri bakarra da. Ekitaldiak antolatu ahal izateko baimenak bezperan jaso ditugu. Euskara Zerbitzua non egon ote den galdetzen diogu geure buruari. Are gehiago, ikusi al duzue kilometroa erosten dutenen zerrenda? Gehienak herri mugimenduko taldeak dira, diru gutxien dutenak, non daude Kultur Taldeak, enpresak, talde politikoak, Udala? Hurrengo Korrikari begira, Zarauzko Udala hausnarketa bat egin beharrean dagoela iruditzen zaigu.

Azkenik, ez dugu amaitu nahi eskerrak eman gabe hau guztia aurrera ateratzen lagundu duten norbanako eta taldeei, hala nola kilometroa erosi dutenei, Korrika Laguntzaile egin direnei, Korrika Lagun egin diren komertzio, enpresa eta tabernei, ekitaldietan parte hartu dutenei eta, nola ez, Korrika egitera animatu diren guztiei, zuek gabe hau ez baitzen posible izango. Eskerrik asko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo