GARA > Idatzia > Errugbia

Liga Federala

Donibane Lohizunen garaipena berandu heldu da

Lapurtarrek ia ezinezkoa izango dute Pro2ra igotzeko azkeneko fasea jokatzeko txartela lortzea

Jon LEUNDA | BAIONA

Liga Federaleko Lehen Mailan behingoz hiru euskal taldeek irabazteko itxaropena baldin bazegoen ere, Nafarroak galdu egin du, eta atzera urratsa egin du mailari eusteko borrokan. Maulek irabazi du, baita Donibane Lohizunek ere, nahiz eta lapurtarren garaipena berandu heldu den, oso zaila izango baitu hirugarren fasea jokatzeko txartela eskuratzea.

Igoera fasean, Donibane Lohizunek lehen garaipena lortu zuen Graulhet taldea 18 eta 15 menderatuta. Hala ere, gorri-berdeek oso zaila izango dute hirugarren fasea jokatzeko txartela lortzea. Garbi dago, gainera, zaleak etsita daudela, oso jende gutxi joan baitzen norgehiagoka ikustera.

Lafond eta Gallais izan ziren lapurtarren entsegugileak; eta Elizondok, berriz transformazio bat eta hiru zigor-kolpe gauzatu zituen.

Mailari eusteko borrokan, berriz, Nafarroak huts egin zuen Marseillaren zelaian, eta 16-13 galdu zuten. Partida hori irabazi izan balu, ia-ia txartela lortuta izango zuen, baina oraindik borrokan aritu beharra dauka. Entsegu bat egin zuten zigorrei esker, eta Zelanek transformazio bat eta zigor-kolpe bat gauzatu zituen. Hala ere, ez zuten ezertarako balio izan.

Maulek ere irabazi beharra zeukan mailari eusteko itxaropenak izaten jarraitu ahal izateko, eta zuri-gorriek ez zuten hutsik egin, 30 eta 3 irabazi baitzion Millau taldeari. Hiru entsegu, hiru transformazio eta hiru zigor-kolpe gauzatu zituen Zuberoako taldeak.

Bigarren Mailan, berriz, azkenaldiko emaitzak errepikatu dira. Donapaleuk galdu egin du, eta mailari eusteko itxaropenak gero eta txikiagoak dira. Bokalek, aldiz irabazi egin du, eta mailaz igotzeko aukerak gero eta handiagoak dira.

Lapurtarrek Fumel taldea hartu zuten, eta kostatako garaipena erdietsi zuten, 14 eta 12 irabazi baitzuten. Lauseronek lortu zuen beltzen entsegua, eta Nerinek hiru zigor-kolpe gauzatu zituen.

Donapaleuk, aldiz, 22 eta 7 galdu zuen Nogaroren zelaian. Loubetek egin zuen euskaldunen entsegua, eta Bonnalek transformazio bat gauzatu zuen.

Hirugarren mailako emaitzak, berriz, honako hauek izan ziren: Hendaia 22 / Corraze Nay 8; Angelu 29 / Senpere 3; Villenauve 23 / Mugerre 3; Pont Long 9 / Larresoro 6 eta Bard0ze 7 / ASB Baionakoa 18. Hiriburukoak partida horretan jaun eta jabe izan ziren. Salaberrik eta Durandek egin zituzten entseguak; eta Agerrek, berriz, bi zigor-kolpe eta transformazio bat gauzatu zituen.

Hirugarren Mailako igoera fasean, Urruñak 12 eta 11 galdu zuen ASSM taldearen aurka, eta lapurtarren ametsak bere horretan geratu dira.

Ohorezko B Maila

Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatzeko txartela segurtatu zuen herenegun Hernanik, etxean 36 eta 17 irabazi baitzion Oviedori. Oraindik bi jardunaldi geratzen dira Liga amaitzeko, baina horietan gertatzen dena gertatu, gipuzkoarrek igoera fasea jokatuko dute.

Ohorezko Mailan izan diren emaitzak kontuan hartuta, gainera, datorren urtean maila nagusian lau euskal talde izateko itxaropena emendatu da. Horrela izango balitz, bertako taldeen ia erdiak izango lirateke euskaldunak.

Badirudi El Monte Ciencias izan daitekeela hernaniarren aurkaria. Beste multzoan haiek dira nagusi, eta geratzen diren bi jardunaldietan gauzak oker egiten ez badituzte, behintzat, haien aurka jokatuko dute.

Durangok, berriz, ezer gutxi egin ahal izan zuen sailkapeneko lehengoaren aurka, eta 50-7 galdu zuen Alcobendasen zelaian. Gernikak orain dela aste batzuk jokatu zuen asteburuari zegokion neurketa, eta 20-0 irabazi zuen.

maule, bikain

Maulek garrantzi handiko garaipena eskuratu du, eta horrek maila nagusian jarraitzeko itxaropena berpiztu du. Nafarroak, aldiz, galdu egin du, baina ez dago egoerarik txarrenean, nahiz eta ezin den lo geratu.

Hernani, lasai

Hernani lasai egoteko moduan da Ligako azkeneko bi jardunaldietan, Ohorezko Mailarako kanporaketak jokatzeko txartela eskuetan baitu. Litekeena da El Monte Ciencias izatea aurkaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo