Aizkora Urrezko lehiaketa
Jexuxmari Lasak egin du orain arteko denborarik onena
Ugarteburu, Lopez eta Vicente ere hurrengo kanporaketan izango dira
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Jexuxmari Lasak, Joxe Ugarteburuk, Daniel Vicentek eta Juanjo Lopezek lortu dute Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketan izateko txartela, asteburuan Zegaman eta Lezaunen jokatu dituzten kanporaketetan garaile atera baitira.
Jexuxmari Lasak egin du orain arteko denborarik onena, joan den larunbatean Zegaman Aierbe II.a mendean hartuta. Aizkolariek, oraingoan ere, lan bera egin behar izan dute. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu. Gero, 45 ontzakoa erlojuz kontra zeinek azkarrago moztu. Ondoren, 45 ontzakoa zutik moztu, eta azkenik bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat erdibitu behar zituzten.
Lasak Aierbe II.a zuen aurrez aurre. Ez zuen neurketa erraza, baina Legorretakoak aurrera atera zuen. Bazegoen hura ikusteko gogoa, datorren ekainerako apustu bat egina bitauka, eta itxura ona eman zuen, nahiz eta orduko lanak oraingoarekin ez daukan zer ikusirik.
Kolpekako proban aise menderatu zuen Ataungoa. 33 kolpetan erdibitu zuen enborra, eta 50 behar izan zituen Aierbek. Erlojuz kontrakoan, berriz, Lasak ezin izan zuen garaitu. Minutu bat behar izan zuen enborra zatitzeko; eta 41 segundo, berriz, Aierbek.
Zutikakoan, Legorretakoa nagusitu zen. 1.02 izan zen haren denbora, eta 1.09, Aierberena. Iraupen proban, garaileak 5.49 behar izan zituen, eta galtzaileak, 6.37. Denetara, 8 minutu eta 24 segundo behar izan zituen Lasak, eta 9.17, Aierbek.
Etxebestek eta Ugarteburuk jokatu zuten saioak ere bazuen ikusminik. Azkenean, Ezkiokoa gailendu zen; proba guztietan nagusitu zen, gainera. Kolpekakoan, 38 kolpe nahikoak izan zituen enborra mozteko. Etxebestek 45 behar izan zituen. Erlojuz kontrakoan, 51 segundoan erdibitu zuen enborra, eta Igeldokoak, 1.09n. Zutikakoan, Ugarteburuk minutu bat eta 43 segundo behar izan zituen; Etxebestek, berriz, hamar segundo gehiago. Iraupen proban, 7 minutu eta 24 segundo behar izan zituen irabazleak, eta bi segundo gehiago galtzaileak. Denetara, 10.36 izan zen Ugartebururen denbora, eta 11.13, Etxebesterena.
Beste alde batetik, Zegaman 18 urtez azpiko kanporaketa bat ere jokatzekoa zuten Alkizalete II.ak eta Rodriguez II.ak, baina Asteasukoa gaixorik zegoen, eta ezin izan zuen saioa jokatu. Segoviarrak egingo du lehiaketan aurrera.
Lezaunen, Lopez zen eguneko protagonista, etxean, zaleen aurrean aritu baitzen. Ez zuen hutsik egin, eta mendean hartu zuen Mujika, baina bapo kostatu zitzaion Ibarrakoari irabaztea. Kolpekakoan, 32 nahikoak izan zituen enborra mozteko, eta bost kendu zizkion gipuzkoarrari. Erlojuz kontrakoan, 42 segundoan bota zuen enborra, eta hamar segundo atera zizkion Ibarrakoari. Zutikakoan, 1.26 izan zen haren denbora, eta 1.41, Mujikarena. Iraupen proban, ordea, gipuzkoarra gailendu zen. 5.41 izan zen haren denbora, eta 6.05, Lopezena. Denetara, 8 minutu eta 45 minutu behar izan zituen Lopezek, eta sei segundo gehiago, Mujikak.
Daniel Vicentek, aldiz, Xabier Mindegia kanporatu zuen. Kolpekakoan 42 behar izan zituen 45 ontzakoa erdibitzeko, eta bi gehiago, Mindegiak. Hiru segundo atera zizkion erlojuz kontakoan (0.57 eta 1.00) eta minutu bat kendu zion zutikakoan (1.39 eta 2.39). 9.06 eta 9.49 izan ziren saio luzeko denborak. 12.24 izan zen Daniel Vicenteren azken denbora, eta 14.12, Xabier Mindegiarena.
Hurrengo kanporaketak norgehiagoka bitxi bat utziko digu, baita deigarria ere, Azurmendiren eta Ugartebururen arteko neurketa izango baita. Biak lagun minak dira. Bat non, bestea han izaten da. Elkarri lagunduz dabiltza beti. Esan beharrik ere ez dago askotan elkarrekin entrenatzen direla, baina datorren asteburuan aurkari izango dira. Galtzen duenak pena txikiagoa izango du.
Ezkioko aizkolariak hiru kanporaketa gainditu ditu, eta Azurmendirentzat estreinakoa izango da, baina hura aterako da faborito. Saio polita eta erakargarria izango da.
J.L.