GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Gorka Zozaia eta Ainara Rodrigez Ikasle Abertzaleak

Autoritatea, autoritarismoa eta eskola

Arazoaren muina irakasleen autoritate ezean baino, eskolaren autoritarismoan dagoelakoan gaude

Igeldon hartz bati dantzan irakatsi ziotela esaten dute. Horretarako, musika jartzen zuten bakoitzean, zoruan gori-gori zegoen metalezko xafla bat jartzen zioten. Azkenerako, xafla jarri gabe ere, hartza saltoka hasten omen zen musika entzutean.

Gaur egunera etorrita, ikasleen jarrera arduragabe eta erasotzaile eta, irakasle eta gurasoen autoritate ezaren diskurtso horia modan dagoen honetan, gaiaren larritasuna ukatu gabe, arazoaren sustraietara jotzeko ahalegina egin beharrean gaude ikasleok. Izan ere, irrati, telebista eta prentsa idatzian mezu alarmista eta azalekoak zabaltzen dira etengabe eta, horrelakoetan ohikoa den bezala, proposatzen diren irtenbideak ere azalekoak dira, zigorrean eta mehatxuan oinarritzen direnak, batik bat.

Horraino ekarri gaituzten faktore guztiak aztertzea ezinezkoa litzatekeenez, eskolari dagozkionei -edo horietako batzuei- erreparatuko diegu soilik. Hala, kanpoan utziko ditugu jendartean horren hedatuak dauden kontsumismo, egozentrismo eta arduragabekeria; zaharraren balio galera (gaztetasunaren gurtzak eta modaren diktadurak eragindakoa); debaldeko biolentzia funtsarik gabeko eredua; atentzio falta edo gehiegizko babesa eta beste hainbat familia eta jendarte faktore. Eskolan zentratuta, bada, arazoaren muina irakasleen autoritate ezean baino, eskolaren autoritarismoan dagoelakoan gaude.

Azkeneko bolada luzean ikasleon eskubide demokratikoei dagokienean atzerapauso nabariak eman dira Euskal Herriko ikastetxeetan. Adierazteko, batzartzeko, antolatzeko eta mobilizatzeko edo greba egiteko debekuak ohiko bilakatu dira, mehatxu eta zigorren bidez ikasleriaren desaktibazioari bide egin diote. Era berean, hezkuntza prozesuan ez da eztabaidarik sustatzen eta par- te-hartzeko kultura bultzatzen. Azken finean, eskola burbuila bat bilakatu dute, jendartetik at dagoen instituzioa.

Bidegabekeria onartezina izateaz gain, eskubide demokratikoak erabiltzeko aukerarik gabe, ikasleok ez dugu jendartearekiko edo gure eta beste kolektiboekiko ditugun betebeharrak gauzatzeko esparrurik. Autonomia hori ukatzen bazaigu eta erabaki propioak hartzen uzten ez bazaigu, ezinezkoa da erantzukizunaren nozioa barneratzea eta honela ikasle kolektiboaren infantilizazio prozesu kezkagarria ematen da.

Eskolak kultura demokratiko eta parte-hartzailea sustatzen ez duen bitartean, ikaslea nekez ohartuko da ekintzen ondorioez. Aldaketa hori ematen ez bada, ikasleak ez du barneratuko errealitatean eta gainerakoengan eragina duen subjektua dela. Egiten denaren eta ez denaren erantzukizunaren kontzientzia erdiestea bultzatzen ez duen bitartean, eskolak hamabost-hamasei urteko haurrak sortzen jarraituko du, bost urteko haurren eskubide eta betebeharrak dituzten gazteak. Gazte horien bizitza esperientzia eta burua, ordea, umeen xalotasunetik hamarkada batera dago.

Horregatik diogu autoritate ezarena baino, autoritarismoarena dela arazoa. Eta arazoa horrela ulertuta, ez dute balio zigorrak eta mugapenak, ikasleak azorriattaz ez baita arazoa konponduko. Ildo horretatik, ezinbestekoa da autoritarismoa alde batera uztea eta ikasleon kolektiboari dagozkion eskubideak aitortzea, kultura demokratiko eta parte-hartzailea sustatzen. Hezkuntza agintariek ikasle arduratsu eta kritikoei dieten beldurra irentsi beharko dute arazoa konpondu nahi bada. Kritikotasunean eta arduran heztea ezinbestekoa baita enpatia, errespetua eta autonomia indibidual eta kolektiboa garatzeko eta infantilizazioarekin bukatzeko.

Adierazteko eskubidearen ukapenak, zuzendaritzaren zentsura pasatu behar izateak; batzartzeko eta antolatzeko debekuek; ikastetxeetako presentzia polizialak -Iruñerrian, esaterako, biziki kezkagarria dena- eta zigor eta xantaiek ez dute horretan laguntzen eta eskubide urraketa onartezinak dira. Azkeneko adibidea Iruñeko Iturrama institutuan dugu: zuzendariak 29 ikasle ikasketa bidaiara joan gabe utzi nahi ditu. Joan den martxoaren 29an adibide gehiago izan genituen, tamalez; izan ere, lanuzteak deitu zituzten ikasleon eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzeko eta makina bat debekuren objektu izan genuen.

Bada garaia kontuak argitzeko. Poliziaren presentziaren bitartez ez da errespetatzen ikasten eta zigorren bidez ez da arduratsua izaten ikasten; eredu horrek ez du balio indarra eta hertsadura argumentu onargarritzat ez baditugu. Gainera, zer eredu pedagogiko klase da ikasleak Pavloven txakurra bailiran tratatzen dituena? Askorentzat egia frustrantea izan daitekeen arren, sekretua argitu beharrean gaude: Igeldoko hartzak, musika entzutean saltoka hasten bazen ere, ez zekien dantza egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo