GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

idazleen biltzarra

Inoiz baino askoz autore gehiago bildu ziren atzo Sarako hitzorduan

Bazko astelehen oro izaten den legez, Ipar Euskal Herriko kulturaren eta bereziki literaturaren ordezkariak elkartu ziren Sarako Idazleen Biltzarrean. 24. edizioan inoiz baino idazle gehiago elkartu ziren, gizartearen onarmenaren ondoren argitaletxeena ere ailegatu den seinale. Giro alaiean liburuak erosi eta idazleekin mintzatzeko parada eskeini zuen Biltzarrak. Liburu berriak eta sorpresak egon ziren egun osoan.

Idoia ERASO | SARA

«Ipar Euskal Herriko idazleen %80 edo %90 aurki daitezke hemen Saran» adierazi zuen Idazleen Biltzarreko antoltzaile Jean-Michel Garatek hitzorduaren garrantzia nabarmendu nahian. Gehiegikeriarik gabeko baieztapena izan zen hori, alde batera eta bestera begiratuta euskal kulturako pertsona ezagunak ikus baitzitezken nonahi. «Idazle moduan ez direnean etortzen, bisitari moduan etortzen dira. Familia kulturala hemen elkartzen da. Hemen mugimendu kultural guztiak ordezkatuak daude» azaldu zuen Jean-Michel Garatek. Saltzeko mahaien aurrean eta atzean zeuden idazleekin mintzatuta saltzeko nahia alde batera utzi gabe ere, denek elkartzearen plazerra nabarmentzen zuten. Aurelia Arkotxaren hitzek Sarara joandako idazleen sentimendua laburbiltzen dute: «Oso atsegina da hona etortzea, jendea ikustea, liburu batzuk sinatzea eta aspaldiko lagun batzuekin topo egitea».

Idazleen Biltzarraren garrantzia etengabeko garapenean dago, bai gero eta jende gehiago biltzen delako bertan, baita argitaletxeek ekitaldiaren garrantziaz ohartuta gero eta aurkezpen gehiago egiten dituztelako Saran. «Inoiz ez ditugu hainbeste autore izan present, 152 zeuden hemen. Bestalde inoiz ez dira lehen aldiz sinatzera etortzen diren idazleak hainbeste etorri; hamalau izan dira aurten joan den urteko hirurekin konparatuta. Guretzat sekulakoa da argitaletxeek hemen egotearen interesa, ulertu dutenaren seinale baita».

Liburuak sinatzen ari ziren idazleak ere alde guztietan ziren, irribarrea aurpegian eta axota eskuetan irakurleei poesia edo liburuaren ulertzeko gomendioak luzatzen. Ez ziren gutxi lotsa alde batera utzita gustoko idazleari zerbait idazteko eskatzen zieten bisitariek.

Lau liburu eta Atxaga

Lau idazlek Biltzarreko antolatzaileekin hitzartu ondoren lehen aldiz liburua Saran aurkeztea erabaki zuten. Eguneko sorpresa Bernardo Atxagaren azken liburuaren aurkezpena izan zen. Pamiela argitaletxeak atera «Markak Gernika 1937» liburua lehen aldiz erosi ahal izan zen atzo. Gernikako bonbardeaketaren inguruan Bernardo Atxagak egin ibilbide literarioa apirilaren 18an aurkeztuko dute Gernikan Euskal Herri osorako, baina Sarara hurbildutakoek lehenago eskuratzeko parada izan zuten. Liburuak bonbardeaketa izan eta gutxira Eusko Jaurlaritzak atera zuen liburuxka bat eskuratzeko aukera ere eskaintzen du. «Guernica» izenarekin munduari eta euskaldunei zuzenduriko manifestu bi aurkezten ditu. Gernikan gertatutakoa munduari azaltzeko ingelesez idatzi testu bat dago alde batetik eta bestalde euskaraz egoeraren berri ematen duen beste testu bat.

Marie Jose Basurcoren bigarren liburua eskuratzeko aukera izan zen atzokoan. Donibane Lohizuneko idazleak «L'Exilée» (Erbesteratua) liburuarekin bildu arrakastaren ondoren «Sois forte, Lucia» (Indartsua izan zaitez, Lucia) eleberria aukeztu zuen atzo. Maitasuna eta Gerrate Zibila Euskal Herrian dira protagonista liburuan. Parisko argitaletxeen eskaintzei ezezkoa eman eta Gatuzainekin argitaratzea erabaki eta gero, Sara aukeratu zuen Basurcok abiapuntu. «Aurreko liburua garaian puri-purian zegoen Kosovon girotzea eskatu zidaten, oraingoan beharbada Iranen kokatzea eskatuko zidaten, hemen aldiz bada gure historiaren beste ezagutza eta kontzientzia bat».

Henry Duhauren «Dufau, bi anaiak» izan zen azokan aurkeztu zituzten beste liburuetako bat, aurkezpen ofiziala arratsaldeko hiru eta erdietan egin zen. Andre Etchegoyen eta Annie Dumayren «Autrefois Ascain» (Aspaldiko Azkaine ) eta Claire Nobliaren «Les artistes et la paix» (Artistak eta bakea) ere aurkeztu zituzten Biltzarrean.

Underground-a ere present

Idazleen Biltzarrean idatzizkoak izan ziren protagonista, baina MyJokeko gazteek ikusentzunezkoa ere ekarri zuten Sarara. Euskal Kultur Erakundeak egingo duen «Euskal Munduak» erakusketa kari egin dokumentala lehen aldiz izan zen ikusgai atzo. BURP-en (Basque Underground Report) lehen emanaldia barre artean eman zen ezagutzera. «Adin guztientzat da, gazte eta zaharrek irri egiten dute» adierazi zuen egitasmoaren bultzatzaile Maiana Agorrodyk.

Liburuen artean pantaila handi bat kokatu zuten Biltzarreko antolatzaileek, «Geu ere hemengo autoreak bezala ikusten gara, soportea ez da berdina baina geuk ere komunikatzen dugu» azaldu zuen MyJokeko sortzaileak. Bisitarien begiradak harridura erakusten zuen lehen momentuan eta irria berehala. Taldeko beste kide Jokin Etchevarryak horrela definitu zituen dokumentala ikusi zuten jendearen lehen erreakzioak: «Jendea harritua gelditzen da ikusten duelarik nola erakusten dugun euskal kultura».

Literatura mailan ere euskal kultura ikusteko, sentitzeko eta erakusteko era guztiak aurki zitezken atzoko azokan. Mugimendu literario guztiak baziren, baina baita literaturatik kanpoko idatziak ere. Mahaien artean ibilita gidak, argazki bildumak, eleberriak, mitologia liburuak... ikus zitezken. Hizkuntzak ere anitzak ziren, euskara eta frantsesa gehien errepresentatu ziren, baina gaztelerak eta ingelesak ere bazuten tokia.

Mahai bakoitzean erosleek hainbat alorretara jotzen zuten. Pamielan Nafarroako historiari buruzko liburuek arrakasta biltzen zuten bitartean, Maiatzek poesia liburuetan salmenta ederrak egiten zituen. Elkarreko mahaian, berriz, denetarik zen salgai, eta arratsaldeko partean, batez ere familiek eginiko bisitari esker, jokoek izan zuten arrakasta polita.

Euskal Herriaren irudia beti atxikiz hitzetatik irudietara salto egin nahi zuten bisitariek bazuten kanpoan zen oihalpean hainbat margolari eta argazkilariren lanez gosatzeko aukera. Gure herriko mendi, itsaso eta naturarekin batera euskal kulturaren erakusle diren arkitektura, kirola edo dantzaren imaginak ere eros zitezken azto Sarako Idazleen Biltzarrean.

familia kulturala

«Ipar Euskal Herriko idazleen %80a edo 90a aurki daitezke hemen Saran» adierazi zuen Idazleen Biltzarreko antolatzailea den Jean-Michel Garatek hitzorduaren garrantzia agerian uzteko asmoarekin.

ustekabea

Lau idazlek Biltzarreko antolatzaileekin hitzartu ondoren lehen aldiz haien liburua Saran aurkeztea erabaki zuten. Eguneko ustekabea Bernardo Atxagaren azken liburuaren aurkezpena izan zen.

Axularren itzalak present segitzen du Saran lau mende beranduago

Sarako Turismo bulegoak antolatzen duen ekimen honetan saratarren parte-hartzea derrigorrezkoa da, herriko jendea ari da kulturaren arloko pertsonei harrera egiten. Axularren garaian bezala euskal kulturaz blai segitzen du herriak. Ipar Euskal Herrian euskararen eta euskal kulturaren defentsan erreferente izan den herri horretatik artista eta etnologo anitz pasatu dira euskal senaren bila. I. E.

Literatura guztia

Literaturan euskal kultura ikusteko, sentitzeko eta erakusteko adierazpide guztiak aurki zitezken atzoko azokan. Literatur mugimendu oro present zen, baita literaturatik kanpoko idatziak ere.

Hizkuntza gutxituen berreskuratzeko borrokaren eraginaren ikuspegia

Urtero legez Eusko Ikaskuntzak ikerlariei lanarekin jarraitzeko diru-laguntzak banatzeko ekitaldi ofiziala egin zuen Sarako Biltzarrean. Aurten saritu dituzten hamaika ikerlarietatik seik bildu zuten beka atzo. Jurgin Equiza Bidegainek Iban Zalduaren lanaren azterketarengatik jasotako diru-laguntza biltzean euskal literaturan ipuinek eleberriek bezain besteko garrantzia dutela oroitarazi zuen, beste kulturetan ez bezala.

Pittsburgheko unibertsitatetik zuzenean heldutako Alain Heidemann Kaiek hezkuntza gutxituen hezkuntza sistemen elkarrenganako eragina aztertzen ari da. «Hizkuntza erregionalen susperketa mugimenduak Frantzian: desafioak eta lorpenak hezkuntza inguruan» tesian Ipar Euskal Herriko ikastolen mugimendua eta Biarnoko Calandretena konparatu ditu. Hizkuntza txikituen birfamiliaratzearen ibilbideak ikertu ditu Alain Heidemannek, bereziki hezkuntza mailan eta horren eragina gizartean. Seaska eta Calandretaren mugimenduak konparatzean Biarnoan eta Okzitanian orokorrean gizartearen borroka eskolekiko Euskal Herrian baino askoz garapen gutxiago duela ikusten dela adierazi zuen Heidemannek: «Okzitanian sostengu sozial gutxiago dago».

Pirinio Atlantikoetako bi errealitateak aztertuta Biarnoko mugimenduak ikastolaren indarra baliatuta sortu zela ondorioztatzen du Heidemannek. Aldi berean, Bretainako Diwan eskolek eta Ipar Euskal Herriko Seaskaren elkarte mugimenduak egoera politikoa aldatu dutela ere agertzen du. Egun frantsesarentzat ez den hizkuntza politikarik ez bada ere, politiko gehienek ez dute publikoan esanen hizkuntza txikituen kontra daudenik, duela urte batzuk ez bezala.

Komunitate batzuek besteengan duten eragina Kanadan ere ikusten dela azaldu zuen ikerlariak. Quebeceko borrokaren ondorioz, bertako indigenek ere beraien hizkuntza eskubideak aldarrikatu zituztela azaldu zuen Heidemannek. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo