GARA > Idatzia > Editoriala

Mendebaldetik Qatarrera begira

Eeuropar Batasuna eta AEBek Qatarrera begira daude atzotik, han Herrialde Gas Esportatzaileen Foroak (GECF) petrolio esportatzaileenaren pareko erakundea sortzea erabakitzen duten beldur. Izan ere, erakunde horren bidez, herrialde horiek gasaren produkzioa eta salneurriak erregulatuko lituzkete. Atzo ez zuten halakorik erabaki eta, proiektuak, baztertu gabe eta egin beharreko azterketak egiten segituko badute ere, itxaron egin beharko du, denen adostasuna behar baitute akordioa lortzeko.

Oraingoz erabateko adostasuna lortu ez izanak, ordea, baditu zenbait kausa, sumatzen zailegiak ez direnak. Bi faktorek eragin lezakete adostasun falta horretan, biak ere elkarri lotuak. Batetik, herrialde horiek badituzte interes partikularrak, interes komunekin talka egin lezaketenak. Eta, bestetik, herrialde garatuen presioak ere ez dira ezkutuak. Presio ekonomikoak dira, jakina, eta bakoitzaren interesen ondorioz, indar handiagoa dute. Aljeria, esate baterako, gogoz ekin zion proiektuari, baina Estatu espainolarekiko negozioak -eraikitzen ari den gaseoduktoa, zehazki- galga bat direla dirudi gas ekoizle eta esportatzaileen erakunderako bidean.

Europaren beldurra Errusiako eta Aljeriako gasaren mendekotasunak eragiten du batez ere, eta, Europar Batasunako Energia komisario Andris Piebalgsen hitzetan, azpiegituretan inbertitzen eta energia iturri hori erabiltzen «zuhurragoa» izan beharko lukete. Baina beldur horrek badu izaera politikorik ere, batez ere AEBentzat. Izan ere, Qatarren bilduta dagoen talde horren baitan Iran edo Venezuela egotea arrisku handiko gertakizuna da ikusmolde mendebaldarrarentzat.

Europa-AEB ardatzeko herrialdeek demokraziaren, arrazionaltasunaren eta balio etikoen defendatzaile goren gisa agertzen dute beren burua; hala ere, harrigarria da zein naturaltasunez hartua duten berentzat munduko energia iturri guztiak kontrolatzeko eskubidea. Berentzat normala dena, beren natur baliabideak kontrolatzea, alegia, gainerakoek egitea arrisku eta are eraso gisa hartzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo