GARA > Idatzia > Euskal Herria

Igandean galdutako mendizale bizkaitarra hilik aurkitu dute Orhi mendian

Sever Uriarte Otazua, 28 urteko zornotzarra, atzo goizean aurkitu zuten, hilik, erreskate taldeek. Igandean galdu zen, lagunekin batean Nafarroako Pirinioetan dagoen Orhi mendia igotzen ari zela eta, dirudienez, tximista batek jota hil zen gailurretik 200 metrora.

GARA |

Joan den igandean Orhi mendian galdutako mendizale bizkaitarraren gorpua atzo goizeko 9.30ean aurkitu zutela adierazi zuten Nafarroako Gobernuko iturriek. Sever Uriarte Otazua, 28 urteko gaztea, lau lagunekin batera ari zen igotzen aipatutako mendia eta une batean taldetik bereizi egin zen.

Dirudienez, lagunek atzera egitea erabaki zuten baina berak gailurrerako bidea jarraitu zuen. Iluntzean oraindik ez zela itzuli ikustean, lagunek abisua eman zuten Nafarroako Larrialdi Zerbitzuetan. Iluntzeko zortziak aldera Nafarroako Gobernuko helikoptero bat, Iruñea, Auritz eta Nabaskozeko su-hiltzaileak eta Guardia Zibilaren taldeak martxan jarri ziren mendizalearen bila. Iparraldeko talde bat ere bila aritu zen eta azken hori izan zen, hain justu, atzo goizeko 9.30ak aldera gorpua ikusi zuena, Orhi mendiaren gailurretik 200 metrora.

Guardia Zibilaren erreskate taldea izan zen azkenean gorpua erreskatatu eta Nafarroako Medikuntza Institutura eraman zuena, bertan autopsia egiteko. Atestatua egitea ere polizia talde horren eskuetan geratu zen.

Autopisaren emaitza oraindik ezagutzen ez bada ere, Guardia Zibilak egindako adierazpenen arabera baliteke mendizalea tximista batek jota hiltzea. Lagunek adierazi zutenez, Sever Uriartek gailurra zapaldu zuenean lagunei deitu zien telefonoz beherantza abiatuko zela esateko, baina ez zen lagunekin elkartu. Beraz, istripua menditik jaisten ari zela gertatu zen.

Orhi mendia Nafarroako Piriniotan dago, Zuberoarekin mugan. Herrialdeko eta Euskal Herriko mendien artean ezaguna da eta 2.017 metroko altuera du. Adituen arabera, garai honetako tenperaturarengatik eta mendiak berak dituen ezaugarriak direla-eta, zaila omen da bertan ibiltzea behin ilunduta.

bilaketa zaila

Erreskate taldeak mendian ibiltzeko prestaturik daudela iruditu arren, mendizaleak aurkitzen denbora luzea pasatzen da, kasu hauetan agerian geratzen denez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo