Nolakoak diren gero tropelaren martxak!
Gaizka LASA (Karpin-Galicia)
Nolakoak diren pelotoian dauden abiadura ezberdinak! Auto batek bost edo sei abiadura izaten dituen moduan, txirrindulariok ere antzera izaten dugu.
Atzokoa bezalako etapa baten, bederatzi mendate dituena bera, lehenengo mendatea elkarrekin pasatu dugu. Denak primera sartuta... tira, Lampre tiraka hasi den arte. Orduan batzuek hirugarrena ere sartuta ikusi dugu. Horrela jarraitu ahal izan dugu Elosura iritsi arte.
Behin Elosura heldu garenean, askok bosgarren martxa sartu dute, baina bitxia da ikustea nola beste batzuek, hala nola, Valverde edo Samuel Sanchezek, doi-doi bigarren abiadura sartu dutela. Elosuren ostean ikusiko zuten telebistaz helikopteroaren irudia tropela dena zabal-zabal egina eta pentsatuko dute denak eroso eta erraz goazela, baina handik aurrera erraztasun gutxi. Santa barbara eta Gabirian jende asko geratu da, motorra nahikoa erreta. Tropeleko indartsuenak, aldiz, hirugarren edo, asko jota, laugarren martxa sartzen. Hortik aurrera ikusi da nork duen motorra puntu-puntuan eta nork ez! Nik neuk Gabirian sartu behar izan dut bosgarrena. Hantxe geratu naiz, gripatuta ia.
Bestalde, halako jende pila zegoen eta halako animoak ematen! Jende horren berotasunarekin ia pena ematen zuen etapa amaitzeak; «punto muertoan» egin ditut azken kilometroak: ez nuen ezer sentitzen eta pena eta guzti ematen zuen, halako jendetza inguruan ikusita, etapa amaitzeak.
Pentsa dezakezue gaurko etapa amaitzeak pena handiagoa emango didala... Ez dut ba uste. Gaurkoa luze xamar egingo ote zaidan errezeloa daukat eta amaitzeko gogoa izango dudalakoan nago. Giltza bosgarren martxa ahalik eta beranduen sartzea da, erremolkatuta iritsi behar ez izateko helmugara.