Buruz Buruko Txapelketa
Sakea nahiko izan du Eulatek buruz buru estreinatzeko
Hamaika sartu zizkion hasierako jokaldiarekin eta 8-13 aurreratu bai baina tokia galdu zuen
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
Sakerarekin asmatzea nahiko izan zuen Pedro Martinez de Eulatek lehen mailako buruz burukoan bere lehen garaipena eskuratzeko. Partida eskas eta azkarrean, binakako txapeldunak 11 tanto egin zizkion. Ondo hasi baina nafarraren pilotarekin lekua galdu zuen Aritz Laskurainen aurka. Sakeari esker ere, sei tanto eskuratu zituen hasierako jokaldiari esker, Soraluzeko atzelaria 8-13 aurreratu zen markagailuan, baina ezker bikaina izanagatik, Lizarrakoak atera zuen bote handiko pilotak bere lekutik atera zuen eta frontisa txiki egin zitzaion.
Buruz buruko nagusian partidarik irabazi gabeko bi pilotarien arteko lehia izan zen atzokoa Bergaran -Laskurainek Urberuagari aurrekanporaketa irabazi zion- eta binaka bikain moldatzen diren arren, aurrelaririk gabe, frontoi osora moldatu gabeak direla erakutsi zuten biek ala biek. Tantoa dominatuta izan zutenean, Martinez de Eulatek beti denbora gehiegi ematen dio aurkariari errematatzerakoan eta Laskurainek aldiz, eman beharraren eman beharraz, goiko koltxoira pilota gehiegi bota zituen. Erasoan egindako erremateetan zazpi tanto baino ez zituzten egin bi pilotarien artean partida osoan.
Sakeak, erabakigarri
Gauzak horrela, sakeetan egon zen partidaren giltza eta biak atzelariak diren arren, jokatu ziren 35 tantoetatik ia erdiak, 17, hasierako bi pilotakadetan erabaki ziren. Berez sakatzen ohitura izateko arrazoi handirik ez duen arren, hortantxe aritu zen hobekien Martinez de Eulate. Urduritasunagatik, batez ere azken partean, Laskurainek eramateko moduko sakeren bat errestatzeke utzi zuen arren, Lizarrakoak ondo asmatu zuen pilota ezker paretean sartzen eta hortxe aurkitu zuen garaipenera eraman zuen zuloa.
Hala ere, partida erditik aurrera Soraluzekoak lekua galdu zuen arte, nahiko sufritu behar izan zuen Eulatek. Laskurainek ere, sakean asmatu zuen gehien atzokoan eta aurreko koadroetan askoz ere biziago aritu zenez, gero izan ez zen nagusitasun batekin heldu zen lan erdietara. Gipuzkoarrak askoz sendoagoa zirudien markagailuan 8-13 aurreratu zenean, baina aukera aukerako pilota bat goiko koltxoira bota, Martinez de Eulatek sakea berreskuratu eta hortxe amaitu zen partida Soraluzekoarentzat.
Nafarrak ateratako bote handiko pilotak jan egin zuen Laskurain eta azken bi urteetako binakako txapeldunak bikain neurtutako bi dejada eta zabalera ondo irekitako pilotakada bat, besterik ez zuen behar izan sakeei eta aurkariak goiko koltxoira botatako pilotei esker, 22. kartoira heltzeko.
Ezbairik gabe, sakea izan zen atzoko partidako giltza eta izan ziren 35 tantoetatik ia erdiak, 17 hain zuzen ere, hasierako jokaldian lortu zituzten. Martinez de Eulatek hamaika egin zituen eta Laskurainek berriz sei.
Oinatz Begoetxearen aurka Azkoitian jokatuko du ostiral gauez Martinez de Eulatek. Koka eta Zearraren artekoa, aldiz, igandean izango da Bergaran. Xalak eta Barriolak ziurrenik larunbatean zarautzen jokatuko dute eta Agirre-Olaizola I.a Bizkaiako zein herritan jokatuko den gaur emango dute jakitera.
Partida onik jokatu ez zuela onartu arren, Pedro Martinez de Eulatek pozik amaitu zuen Laskurainen aurkako partida, aurtengo buruz burukorako zuen helburua bete duela uste baitu binakako txapeldunak. Hurerngo partidari begira, «noski Oinatz izango dela faborito baina nik uste dut neure lana egin dudala, partida bat irabazi dut, prestatzeko astirik gabe atera naiz eta horregatik pozik nago», adierazi zuen.
«Nahiko partida kaskarra atera da, gertatzen dena da sakearekin buruz buru askoz errazagoa dela jokatzea. Hori izan da ondo egin dudan gauza bakarra», aitortu zuen Lizarrakoak.
«Betidanik egin dut sakea nahiko ongi eta aprobetxatu behar dudan zerbait da. Hala ere, horretaz gain asko hobetu behar dut, mugimenduak eta defentsa oso gaizki egin ditudalako, baina tira, irabazi dut eta horrekin pozik nago».
Txanponaren beste aldea zen Aritz Laskurain. Soraluzekoak momentu jakinetan presa handiegiarekin ibili izana eta ezkerrez galdutako pilotak erabili zituen bere porrota eta partida txarra azaltzeko orduan.
J.O.