GARA > Idatzia > Mendia

Eskalada Blokea

Bulder Liga Lehia herrikoia indartuz eta gozatuz

Guztira bost proba jokatu dira Gasteiz, Amurrio eta Arrasaten jokatutako Bulder Ligan. Izaera herrikoia duen blokeko festa handi honetan Olatz Azkarate, Eneko Fernandez, Nahia Iraola, Oscar Lopez eta Jon Agirre eskalatzaileak izan dira maila ezberdinetako irabazleak

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Bukatu da dagoeneko aurtengo Bulder Liga. Izaera herrikoia duen blokeko festa handi hau gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Lehen ekitaldiak Gasteizen soilik jokatzen ziren eta iaz horietako proba bat Amurriora eramatea otu zitzaien. Aurten, berriz, antolatzaileek beste urrats bat egin nahi izan dute, eta Arabatik irten eta Gipuzkoara salto egin dute; hain zuzen ere, Arrasatera. Ez da berrikuntza bakarra izan; ez horixe. Gazteek aukera ezin hobea izan dute lehia zer den jakiteko eta, horrela bada, 18 urtez azpikoen maila antolatu dute.

Bi berezitasun horiekin aurkeztu zitzaigun aurtengo Bulder Liga. Guztira bost proba jokatu dira; otsailaren 3an hasi zen eta martxoaren 31n bukatu. Aurreko kronika batean lehenbiziko bi hitzorduen berri eman genizuen; orain, berriz, azken hirurak zuenganatuko ditugu. Estadiokoa eta Arrasatekoaren ondoren, Amurrioko proba iritsi zen martxoaren 3an. Parte-hartzeari dagokionez, nahiz eta aurrekoen arrakasta ez izan (44 lagun elkartu ziren), herrialde ezberdinetako eskalatzaileak lehiatu ziren: gipuzkoarrak, arabarrak, bizkaitarrak eta errioxarrak. Hego haizea kanpoan, eta barruan, Refor aretoan, giro bikaina. Ohi den legez, sailkapena goizez eta finalak arratsaldez jokatu ziren. Ekipatzaileek lan ona egin zuten, besteak beste, eskalatzeko aukera eman zutelako.

Herrikoien mailan, Mikel Agirrebengoak eman zuen lehenengo ezustekoa; garaipenari esker, behin-behineko sailkapenean hainbat postu aurreratu zituen. Haren atzetik Iñigo Zuazagoitia eta Eneko Fernandez sailkatu ziren. Nesketan, Edurne Bravok sasoiko zegoela erakutsi zuen eta garaipenak ez zion ihes egin. Olatz Azkarate izan zen bigarren, eta Zuriñe Etxeberria hirugarren.

Eliteen txandan, Igor Malvido eta Oscar Lopezen artean oso lehia estua bizi izan zen. Azkenean, Malvidok lortui zuen garaipena. Bitartean Nahia Iraolak ez zuen arazorik izan lehenengo postua ziurtatzeko. Dorleta Estenagak eta Cristina Reyk berenganatu zituzten beste bi postuak. 18 urtez azpikoan, gipuzkoarrak nagusitu ziren beste behin. Belauntzako Mikel Oliverak eta Arrasateko Mikel Usobiagak lehenengo postuan berdindu zuten. Ion Agirre oñatiarra izan zen hirugarrena.

Sailkapenak argitzen

Bulder Liga berriro Gasteizera itzuli zen; Gimnasio K2 aretora, hain zuzen ere. Martxoaren 17an izan zen hitzordua eta 52 eskalatzailek hartu zuten parte. Eneko Fernandez Zuazagoitia faboritoari gailendu zitzaion; Jorge Vazquez hirugarrena izan zen. Nesketan, bestalde, bost parte-hartzailek berdindu zuten lehenengo postuan: Celia Sanchez, Azkarate, Jone Martinez, Bravo eta Fatima Uriguenek. Inolako zalantzarik gabe, irabazleek gustura jardun zuten. Izan ere, ekipatzaileek ez zuten bloke zailegirik jarri eta, horren ondorioz, bost lagunen berdinketa suertatu zen.

K2 aretoan antolatutako proban Lopezek argi eta garbi utzi zuen eliteko lehiakideen artean indartsuena zela. Beste garaipen bat erdietsi zuen. Malvido zen Lopezen arerio nagusia, baina ez zuen proban parte hartu. Diazek lortu zuen bigarren postua, eta Aitor Yecorak hirugarrena. Nesketan ere berdinketa eman zen. Oraingo honetan hirukoa izan zen: Iraola, Estenaga eta Rey. Gazteek berriro ere jo eta su jardun zuten lehenengo postua eskuratu ahal izateko. Agirrek lortu zuen podiumeko lehenengo postua eta Viejo eta Olivera geratu ziren bere atzetik.

Azken proba erabakigarria martxoaren 31n jokatu zen Hegoaldek antolatutako bloke egituretan. Parte hartzaileak bat etorri ziren: azken proban oso lehia gogorrak bizi ziren. Eta horren errua ekipatzaileek izan zuten. Aurreko proban ez bezala, Hegoaldekoan asmatu zuten eta, horrela bada, apenas izan zen berdinketarik. Bloke zailak eta gogorrak, baina, oro har, oso maila onekoak.

53 lehiakide ziren prest ahal zuten guztia emateko. Herrikoien mailan, Fernandezek maila handia duela erakutsi zuen. Gozatzeaz gainera, fin ibili zen eta lehenengo postua lortu zuen. Gustavo Gomezek bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen eta Ivan Suarezek hirugarrenarekin. Nahiz eta soilik 15 urte izan, Azkaratek beste hainbeste erakutsi zuen, hots, bere lehiakideengandik koska batera dagoela. Haren atzetik Jone Martinez eta Bravo sailkatu ziren.

Elitean, Estenagak indartsu jardun du Ligaren amaieran, eta berriro ere irabazi egin zuen. Iraolak eta Reyk bigarren eta hirugarren postuak erdietsi zituzten hurrenez hurren. Mutiletan, berriz, zirkuituan parte hartu ez duten bi lagunek proba bikaina egin zuten. Burgosko Marcos Gutierrezek lehenengo postua lortu zuen. Alberto Ortiz de Elgea bigarren izan zen eta Lopez hirugarren.

Puntu guztiak batu ondoren, sailkapen nagusia argitzeko bi berdinketa hautsi behar izan ziren: gazteen zein neska elite mailan bigarren eta hirugarren postuak. Oro har, sailkapenean ikusten den legez, oso lehia estuak izan dira, lehenbizikoen artean alde txikiak izan baitira.

Arrakastatsua eta maila txukuna

Zailtasuneko probek ez bezala, blokekoek gero eta arrakasta handiagoa izan dute. Oro har, Euskal Herrian bulderra indartzen ari dela esan daiteke eta bere islada lehiaketetan ere baduela esan genezake. Horren guztiaren adierazle argiena aurtengo Bulder Liga izan dugu. Zirkuitu hau bukatu bezain laster, antolatzaileekin hitz egin dugu. Iñaki Garaik baieztatu digunez, oso pozik dira Ligak izan duen oihartzunarekin: «Antolatzaileen aldetik esan behar dut oso gustura gaudela aurtengo Ligak izan duen jarraipenarekin. Makina bat eskalatzailek bat egin dute prestatu ditugun bost probekin. Horrela bada, beste urrats bat eta beste egoera bat gainditu dugu. Parte hartzeari dagokionez, batezbestekoari begiratzen badiogu, 50 lagunetik gora lehiatu dira hitzordu bakoitzean. Horrek esan nahi du iaz baino 15 lagun gehiago batu ditugula. Gainera, horietako askok ez dute hutsik egin; hots, proba guztietan izan dira. Bestalde, Interneti esker ohartu gara askoz ere leku gehiagotara hel gaitezkela. Horrekin esan nahi dut Euskal Herriko eskalatzaileez gainera kanpokoak ere izan ditugula: Logroñokoak eta Burgoskoak, besteak beste».

Inolako zalantzarik gabe, Bulder Liga oso herrikoia da. Eite horri esker, gero eta lehiakide gehiago sartu dira zirkuituaren sarean. Erantzun hori lortu ahal izateko, antolatzaileek maila gorenean dauden eskalatzaileak kanpo utzi dituzte. Bai, izaera herrikoia izateko, maila mugatu behar izan dute. Garairen ustez, hor ere asmatu dute: «Zailtasun maila goialdetik itxi behar izan genuen. Maila goreneko eskalatzaileak eta herrikoiak talde berean sartzea ez da batere orekatua. Herrikoiek ikusten dute besteen aurrean ezin dutela ezer egin, eta, hori dela eta, izena ez ematea erabakitzen dute. Guk eskalatzaile indartsu horiek kanpo utzi ditugu, eta besteei lekua utzi. Horri guztiari esker, lagun gehiago hurbildu zaizkigu eta izaera herrikoi hori indartzea lortu dugu. Hargatik, Ligan izan diren eskalatzaileen maila txukuna izan dela baiezta dezaket. Oso lehia estuak bizi izan ditugu eta ohartu gara edonork irabaz zezakeela. Mutilezkoen elite mailan alderantzizko egoera eman da. Lopez oso sasoitsu ikusi dugu eta bera izan da protagonista nagusia. Elitekoak dira, baina, era berean, herrikoiak».

Gazteek izan duten agerraldia ere azpimarratzekoa da. Izan ere, lehenengo aldiz 18 urtez azpikoentzako maila eratu dute. Aurten mutilak soilik lehiatu dira maila horretan baina, herrikoien artean ikusi dutenaren arabera, datorren urtean gazteen mailan neskak izango direla uste dute: «Aurten neskak azaldu dira, horietako batzuk, gainera, oso gazteak; 11 eta 12 urtekoak. Baina ezin izan dugu gazteen maila antolatu. Herrikoietan irabazi duenak, adibidez, 15 urte ditu; beraz, etorkizuna badago. Mutiletan ikusi dugu teknifikazio taldeak lan handia egiten ari direla. Deba garaia ingurukoak nagusitu dira. Oso ondo lehiatu dira, eta proba guztietan hartu dute parte». Hori guztia ikusita, lasai asko esan daiteke Bulder Ligak etorkizun oparoa duela. Parte hartze handia izateaz gainera, argi dago antolatzaileek lan eskerga egin dutela eta hori txalotzekoa da. Eta, jakina, ezin dugu aipatu gabe utzi ekipatzaileen zein epaileen lana. 2007ko Bulder Liga ekitaldia amaitu da dagoeneko. Oraindik ez da une egokia datorren urteari begira jartzeko, baina aurten ikusitakoa aztertu ondoren, ekimen hau gora begira jarri behar dela uste dugu. Horretarako, jakina, ezinbestekoa da erakunde gehiagoren laguntza eta eskalatzaileen inplikazioa.

BULDER LIGAREN SAILKAPEN OROKORRA

Herrikoiak

Neskak eta Mutilak

1- Olatz Azkarate 485 1- Eneko Fernandez 450

2- Edurne Bravo 470 2- Iñigo Zuazagoitia 445

3-Jone Martinez 465 3- Gustavo Gomez 440

Elite

Neskak eta Mutilak

1- Nahia Iraola 480 1- Oscar Lopez 490

2- Dorleta Estenaga 470 2- Ruben Diaz 435

3- Cristina Rey 470 3- Mikel Martiarena 365

18 urtez azpikoak

1- Jon Agirre 470

2- Mikel Olivera 455

3- Iosu Viejo 455

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo