PSOEk EHAK legez kanpo uzteko PPren eskaerari ezetz esan dio
PSOEko eledun Diego Lopez Garridok eta IUko buru Gaspar Llamazaresek ezezkoarekin erantzun zioten atzo EHAKren kontra PPk abiatutako azken erasoaldiari. Alderdi horretako kide Eduardo Zaplanak iragarri zuen PSOEri idatziz eskatuko diola talde abertzalea legez kanpo utz dezala. Lopez Garridok, bestalde, bere proposamenarekin «banaketa" bilatzea leporatu zion.
GARA |
PPk aspaldi jarri zuen bere jopuntuan EHAK, eta atzo alderdi espainol horretako hainbat ordezkarik talde abertzalea legez kanpo uzteko eskatu zuten. Ignacio Astarloa, Carmelo Barrio, Gabriel Elorriaga eta Gobernu espainoleko ministro ohi Eduardo Zaplana oldartu ziren, besteak beste, EHAKren kontra.
Kongresu espainolean PPko eledun Zaplanak iragarri zuen PSOEko bere homologo Diego Lopez Garridori idatziz eskatuko diola, «modu formalean», alderdi ezkertiar eta independentista legez kanpo uzteko akordio bat hitzartzea.
«Talde sozialistako bozeramaileari zuzenduko natzaio EHAKren ilegalizaziorako prozeduran ados jar gaitezen, Batasunarekin gertatu bezala, Kongresuan abiatu behar baita prozedura», adierazi zuen.
Duela zenbait egun hainbat euskal herritar atxilotuz Guardia Zibilak burututako operazioa eta horren karietara zenbait hedabidek abiatutako kanpaina erabiliz, PPko agintariak argudiatu zuen EHAK eta ETAren artean «lotura» dagoela eta horregatik legez kanpo utzi behar dutela.
PSOEren aldetik ezezkoa jasoz gero, proposamena Senatuan aurkeztea ez zuen baztertu Zaplanak, baina «ziurtzat» jo zuen alderdi horretako diputatuen babesa jasoko duela.
Edonola ere, Lopez Garridok berak Zaplanaren hitzei erantzun zien ondoren eta PPko ordezkariari leporatu zion bere ekimenarekin «banaketa» bilatzea.
Forma kontuak
PPren proposamenaren edukian sartu baino gehiago, forma kontuak aurpegiratu zizkion PSOEko eledunak Zaplanari, proposamena prentsaurreko batean ezagutarazi zuelako. Bere iritziz hori egiteko leku egokia Terrorismoaren Kontrako Ituna delakoa da.
PPren egitasmoak «ez du bilatzen demokraten batasuna, banaketa baizik», kritikatu zuen Lopez Garridok eta zera eskatu zuen: «ez ditzagun politikakerietarako erabili terrorismoarekin zerikusia duten gaiak».
IUko buru Gaspar Llamazares ere PPren eskariaren aurka azaldu zen. Bere taldeak ez du begi onez ikusten «ilegalizaioa nonahi hedatzeko» estrategia, horrek «Zuzenbide Estatua urratzea» suposatuko bailuke.
Llamazaresek gogora ekarri zuen gainera, auzitegi europarrek ez dituztela onartzen «ilegalizazio orokorrak».
Guardia Zibilaren operazioaren ostean zenbait hedabidek EHAKren kontra abiatutako kanpaina baliatu du PPk bere eskaera egiteko.