GARA > Idatzia > Kultura

«Nosferatu"ren ziklo berria Hego Korean ekoitzitako zine berriari hurbilduko zaio gaurtik aurrera

Gaur abiatuko da «Nosferatu" programazioko beste ziklo bat Donostian. Oraingo honetan, azken urteotan zinemagintza bizi, indar handiko eta interesgarrienetako bati eskainiko diote ekimena: Hego Koreakoari.

GARA | DONOSTIA

Donostiako Antzoki Zaharrera hamaika film ekarriko ditu «Nosferatu» programazioko ziklo berriak gaurtik eta datorren ekainera bitartean. Ekimenak Hego Korean ekoizten den zineman azkenengo belaunaldietan sortu lan erakargarrienetako batzuk aurkeztu nahi ditu oraingoan; mundu osoan ospea lortutako zinemagileen aurreneko pelikulak ere eskainiko dituzte.

Zikloko arduradunek atzo gogorarazi zutenez, alegia, egungo zinemaren unibertsoan «gertaera deigarri» bat nabarmendu da, «Hego Korean ekoiztutako zinema bat-batean hartzen ari baita indar harrigarria mundu osoko ikusleen artean». Izan ere, bere mugetatik kanpo ia ezagutzen ez zen zinema izatetik urte gutxi batzuetan nazioarteko zinemaldietan oso presentzia nabarmena izatera iritsi da.

Errealitatearen neurrira

Dena den, Koreako zinema berria nekez katalogatu eta sailkatu daitekeela ere azaldu zuten. «Errealitate konplexua da, kultur anitzekoa, eta elkartu egiten dira bertan egile-obra ausartak eta izugarrizko arrakasta duten blockbuster garestiak», esan eta hauxe erantsi zioten horri:«Gogoeta politikoak, Koreako gizarte sortu berriaren analisiak eta trauma nazionalak era guztietako pelikulen oinarri dira askotan. Gaitasun teknikoa nabari zaien pelikulak dira gainera, baita konpromiso intelektuala, soluzio narratibo eta bisual berrien bilaketa edo entretenimenduko benetako zinemaren kontzeptua ere».

Zikloak Hego Korean azken belaunaldiotan sortu lan erakargarriak ez ezik, mundu osoan ospe handia lortu duten zinemagileen aurreneko filmak aurkeztuko ditu, Bong Joon-ho, Lee Chang-dong, Hong Sang-soo, Kim Ki-duk eta Park Chan-Wookenak, kasu. Zuzendari sortu berrienek ere izango dute presentzia -Lee Yoon-kirenak, adibidez-, eta «oso zinta ausartak» ere izango dira, horien artean «The President´s Last bang» (2005) thriller politikoa.

Antolatzaileen esanetan, proposamen anitz horiek oso ikuspegi ezberdinak aurkezten dituzte: Egungo Hego Korearen kronika soziala eta erretratua, kontakizun tremendista nahiz azterketa sikologikoa oinarri hartuta; genero klasikoen interpretazio berria, film noir generoarena kasu, «A Bittersweet Life» filmean; produkzio handien birsortze historikoa, «The King and the Clown» eta «Untold Scandal» filmeetan; edo ikuspegi dokumentala, «Repatriation» pelikulan, Koreak duela gutxi bizi izandako historia traumatikoa aztertzeko.

Hamaika filmek osatzen dute ekainerarteko programazioa

Orotara hamaika filme eskainiko dira, 20.15etan hasiko diren beste hainbeste hitzordutan. Bakoitzerako 3,60 euro ordaindu beharko dira, baina emanaldi orotarako sarrerak zein Koreako zinemagintza berriaz ari den «Nosferatu» aldizkaria ere 25,90 euroko abonoarekin lor daitezke.

«Barking Dogs Never Bite/Dogs of Flanders» aurkeztuko da gaur, eta ekainaren 27an «The King and the Clown» lanak, euskaraz, itxiko du zikloa. Ordurarte, besteren artean ondokoak ere eskainiko dira: «Peppermint Candy», hilaren 18an; «Virgin Stripped Bare by her Bachelors», hilaren 25ean; «Address Unknown», maiatzaren 2an, euskaraz; «Sympathy for Mr. Vengeance», maiatzaren 16an...

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo