GARA > Idatzia > Ikusmira

Saharar emakumeak, beren herriaren ordezkari

Saharar Emakumeen Batasunak Otsailak 27 izeneko errefuxiatuen kanpamenduan hiru egunez egin berri duen V. Biltzarraren leloak ondo laburbiltzen du emakume haiek zerk eraman zituen hara eta, orain dela 30 urtetik bezala, zerk iraunaraziko ditu aurrerantzean ere: «Saharar emakumeak nazio independentziak eta aurrerabideak mobilizatuta». Mezu argi bat utzi zuten: saharar emakumea ez da libre izango bere herria libre ez den bitartean. Beste leku, kultura eta erlijiotako emakumeek dituzten arazo berberak dituzte eta, horiez gain, erbestea, zatituta egotea, errepresio orokorra sufritzen dituzte. Biltzar horrek, baina, besterik ere transmititu dio munduari, hala nola orain dela hiru hamarkada denek baztertutako lurralde batera, basamortu batera, iritsi ziren emakume haien indarra. Haiek jarri diete aurpegia eta ahotsa emakume zapalduei eta, halaber, beren herriari. Eta haiek utzi dute nabarmen hainbat herrialderen jarrera. Izan ere, Maroko da haien lurraldea okupatu eta mendean duen herrialdea, baina Nazioarteko komunitatearen, NBEren beraren, Estatu espainolaren jokaera gatazka horri dagokionez, lotsagarria da. Eta, hain zuzen, Saharako herria ahanzturan eta babesgabetasunean dutenak lotsatzeko moduko oihu irmoa izan da biltzar horretatik, basamortuaren latzetik mundura zabaldutako aldarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo