GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazte asanbladen arteko harremana estutzeko, I. Gazte Topaketak Astigarragan

Hernanialdea, Donostialdea eta Oarsoaldeko gazte asanbladek urtea hastearekin batera ekin zioten bildu eta euren arazo eta proietuak elkar trukatzeari. Helburu horrekin antolatu dute larunbateko jaia ere.

Maider E IZMENDI |

Urtarrilean ekin zioten lehen harremanak egin eta Hernanialdea, Donostialdea eta Oarsoaldeko gazte asanbladen arteko hartu emanak sendotzeari. Iker Casado Astigarragako gazte asanbladako kidearen esanetan, lehen deialdi hartan erantzun jendetsua izan ez bazen ere, ondorengoetan euren arteko harremana sendotzen joan da pixkanaka. «Logikoena eskualdez eskualde batzea bazen ere, arazoak antzekoak direnez, hiru eskualdeak elkartzea erabaki genuen», azaldu zuen.

Casadoren esanetan, herri bakoitzean dauden dinamikak ezberdinak dira, baita izan ditzaketen oztopoak ere. Batzuetan, gazteak beraiek gazte asanbladetan parte hartzen ez dutelako izaten dituzte arazoak, beste batzuetan, elkartzeko tokirik ez dutelako edota dutena kentzen dietelako... Batean eta bestean dauden arazoak elkar trukatzea eta horiei elkarrekin aurre egitea da komunikazio sare horren beste xede nagusia.

Harreman hori gehiago estutu eta gazte asanbladen errealitatea ezagutarazteko eta, bidez batez, dinamika berriari hasiera egoki bat emateko antolatu dute larunbaterako I. Gazte Topaketa. «Gure arteko harremanak sendotu eta beste herri batzuetako gazteekin ekintzak eginez, beren errealitatea ezagutzeko parada izango dugu», adierazi zuen Casadok. Era berean, larunbatekoa hasiera besterik izan ez dadin nahi dute, etorkizunean ekimen ezberdinak burutzeko asmoa baitute.

Egitarau oparoa prestatu dute horretarako. Goizeko hamaiketan ekingo diote Joseba Barandiaran plazan malabareak, graffitiak, mural erakusketa, bideo proiekzioa eta hamaiketakoarekin. Ondoren triki-bertso poteoa egingo duten herriko kaleetan barrena, berriz ere plazara itzuli eta bazkaltzeko eseri aurretik.

Arratsalde parterako, berriz, gazte asanblada ezberdinen arteko jokoak antolatu dituzte, «joko eroak», eta ondoren, kalejira egingo dute, berriz ere, Astigarragako kaleetan zehar. Jaiari behar bezalako amaiera eman asmotan kontzertuak ere antolatu dituzte. Pilotalekuan ariko dira Banda Batxoki, Bisai, Apartheid, Xikinkei eta Kasu taldeak gaueko hamarretatik aurrera.

Helburua

Jaiaren bitartez eta beste gazte asanbladetako kideekin ekintzak eginez euren errealitatea ezagutzeko parada izango dutela nabarmendu zuten antolatzaileek.

Kontzertuak

Gaueko hamarretatik aurrera Banda Batxoki, Bisai, Apartheid, Xikinkei eta Kasu musika taldeek kontzertua eskainiko dute Astigarragako pilotalekuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo