GARA > Idatzia > Txirrindularitza

EUSKAL HERRIKO ITZULIA Irabazlearen hitzak

Beltran: «Hemen irabaztea oso pozgarria da niretzat»

Liquigaseko txirrindulariak garaipenaren meritua ez zela berea bakarrik izan onartu zuen. «Ihesaldian oso ondo moldatu gara eta denok merezi genuen irabaztea», esan zuen andaluziarrak

GARA | KARRANTZA

Ez du, ez, garaipen gehiegi eskuratu liderrentzat lan egiten ohitua dagoen Manuel Beltranek. Inoiz baino ulergarriagoa, beraz, atzoko irabazlea hotelera «irribarre zabalarekin» joatea.

«Hemen irabaztea oso pozgarria da niretzat -aitortu zuen-, bai itzuliagatik eta baita zaleengatik ere. Berriro ere chapeau esan behar diet zale euskaldunei; beti esaten dut onenak direla eta gaur ere hori frogatu didate». Lasterketaren ospeagatik, zaleengatik eta baita «irabazteko aukera gutxi izaten dudalako» pozik zen Beltran. «Egun on batera heltzeko, aurretik egun txar asko pasa behar ditut. Horregatik irribarre zalabalarekin noa hotelera», esan zuen.

Liquigasekoak, bestalde, argi utzi zuen garaipenaren meritua ez zela berea bakarrik izan. «Redondok irabaztea merezi zuen, eta baita ihesaldiko gainontzekoek ere. Oso ondo konpondu gara. Egoi (Martinez) kenduta, gainontzeko guztiak ederki moldatu gara, lan handia egin dugu denon artean», adierazi zuen. Baina, azkenean, indartsuenak geratu ziren aurrean. Eta, hainbat kilometrotan Jose Antonio Redondo garaile izango zela bazirudien ere, Beltranek, bere «beteranotasuna edo iraupena, ez dakit» aprobetxatuz, txirrindulari gaztea harrapatu eta gainditu zuen. «Erasotzen hasi denean -azaldu zuen- asko kostatu zait bere atzetik joatea, ez nuen pentsatzen hain mendate gogorra zenik. Baina inurriak bezalakoa naiz, gutxinaka gutxinaka baina seguru noa eta, nire ustetan, horregatik altxatu ahal izan ditut besoak».

Garaipenak bere amets pertsonalak asetu arren, Beltranen ustez bere taldeak lorpen gehiago eskura ditzake hurrengo egunetan. «Danilorentzat (Di Luca) lan egitera etorri gara, oso ondo baitago, oso egoera onean. Denboraldia ondo hasi dugu, Pro Tourrean hirugarren postuan gaude, hainbat lasterketa irabazi dugu eta ildo horretan jarraitzea nahi dugu. Horregatik ere oso pozik nago, nirekin oso ondo portatzen ari diren taldekideen maila berean egon naizelako. Baina taldeari begira oraindik gauza gehiago egiteko aukera izango dugula uste dut», nabarmendu zuen.

Garailearen eskaintzak ere ez ziren falta izan. «Batez ere, familiari eskaintzen diot, beti nire alboan egon baita, momentu on eta txarretan. Txarrak ere egon baitira. Baina horietan ere -gehitu zuen Beltranek, hunkituta- beti esan izan dut bizitzan gertatu zaidan gauzarik onena txirrindulari izatea izan dela. Gu jaunak gara. Nire familia oso apala da, nire aitak egunean hamar ordu egiten zuen lan eta guk bost ordu egiten dugu eta gero hotel dotore batean dutxa daukagu zain. Jaunak gara gu».

Hirugarren aldiz

Triki Beltranen poza, Jose Antonio Redondoren tristuraren parean, «hirugarren aldiz gauza bera gertatu baitzait, kilometro baten faltan harrapatzea».

Astana taldeko gazteak onartu zuenez, «ez nekien mendatea hain gogorra zenik. Zoritxarrez, ez nuen ezagutzen eta aurreko kilometroetan gastatu ditut indarrak, tartea zabaltzeko asmoarekin. Triki beteranoa da eta hobe erabili ditu indarrak».

«Ez dugu amaitu nahi garaipenik lortu gabe"

Mikel Astarloza ere izan genuen eguneko protagonisten artean. Euskaltelekoak pozik amaitu zuen eguna, «saiatu naizelako eta ehuneko ehun eman dudalako», baina baita «kristoren amorruakin» ere. «Ihesaldia harrapatu -azaldu zuen-, ondo moldatu, indartsu egon eta garaipena ez lortzeak, kristoren amorrua ematen du», aitortu zuen.

Halere, Astarloza baikor agertu zen ondorengo egunei begiratzerakoan, «oraindik ere aukera galdu gabe baikaude. Samuel denbora gutxira dago eta nik ere denbora gehiegi ez dut galdu. Hemendik aurrera, beraz, antzera, egurra ematera. Lasterketa garrantzitsua da guretzat eta ez dugu amaitu nahi garaipenik lortu gabe».

GARA

Los esprinters pueden tener hoy su oportunidad

La tercera etapa de la Vuelta puede saldarse con el primer esprint de esta edición. Salida de Karrantza a las 12.50 horas, 172 kilómetros con ascensiones a La Escrita (2ª), La Herbosa (3ª), San Cosme (3ª), Peña Angulo (1ª), Gasteiz (3ª) y Zaldiaran (3ª); y llegada a Gasteiz en torno a las 17.15 horas. Una llegada apta para los velocistas, en la que Alejandro Valverde ya se ha impuesto en dos ocasiones.

Seis equipos pasaron controles sanguíneos

Seis equipos (CSC, Telekom, Saunier Duval, Fuerteventura, Cofidis y Le Français des Jeux) participantes en la vuelta se sometieron a controles sanguíneos en la noche del lunes. En total, fueron 47 controles y todos resultaron aptos.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo