GARA > Idatzia > Real Sociedad

Rekarteren kontratu berritze auziak kirol arloa estaltzen du

Arrasateko atzelariak ordu erdi jokatu behar du gutxienez hogei partidatan bere kontratua luzatzeko; hortaz, bi partida gehiago jokatzea geratzen zaio

GARA | DONOSTIA

Bezperan Realeko presidente Miguel Fuentesen adierazpenak entzun ostean, zeinetan Aitor Lopez Rekartek automatikoki 2009. urtea arte kontratua berriztaturik zuela ezeztatzen zuen, giro nahaspilatsua izan zen atzo Zubietan.

Hala, Realaren prentsa arloko kideek jakitera eman zutenez, atzelari arrasatearrak, bere kontratuaren arabera, hogeita bi partida jokatu behar ei ditu automatikoki kontratua berriztu dakion. Alabaina, kontratu horretako klausula batek esaten duenaren arabera, partida bakoitzeko gutxienez hogeita hamar minutu jokatu behar ditu gipuzkoarrak berritatze hori eman dadin. Mallorcaren aurka 18 minutu jokatu zituen soilik eta Levanteren aurka, aldiz, 28. Hala, Lopez Rekarteri oraindik bi partida jokatzea falta litzaioke. Arraroena, berriz, zera da: Lopez Rekarte bera ere klausula horiekiko ezjakinean zegoela.

Horrek, normala den moduan, talde donostiarraren kirol arloa estaltzen du neurri batean, eguneroko lanaren fokoa Lopez Rekarteren egoeran ezartzen duen heinean. Hala ere, gipuzkoarren kirol egoerak eskasa izaten jarraitzen du.

Deseroso

Eguneko jardunak eskatuta, auzi horretako protagonistari, Aitor Lopez Rekarte berari, egokitu zitzaion entrenaldiaren ostean prentsaren aurrean azaltzea.

Deseroso azaldu zen arrasatearra prentsaren aurrean eta bere auziaren inguruko galderei ez erantzuten saiatu zen, nahiz eta kazetariek behin eta berriz ekin.

«Ez nuke adierazpenik egin nahi presidenteak atzo ¯herenegun¯ esandakoaren inguruan. Ni ez naiz inor berari esateko noiz zer esan behar duen eta, hala uste dut, gaia argitze aldera azalduko zela hedabideetan. Bakoitzak jakingo du zer esan behar duen. Ez diot bueltarik eman nahi eta nahiago dut kirol arloan zentratzea. Beraz, konpondu beharreko kontu horiek talde barruan eta elkarrizketaren bitartez konponduko dira», azaldu zuen.

«Noski, kontu horiek guztiak ezin dira goizetik gauera konpondu eta, agentearen bitartez, akordio bat bilatzeko bide bat jarraitu beharko da beti ere. Bai nik, bai agenteak hitz egingo dugu ezer berririk izaten denean», esan zuen gipuzkoarrak.

Beste alde batetik, arazo partikularren gainetik, Realak Luis Fernandezen Betisen aurka datorren zapatuan jokatu beharreko neurketari buruz ere mintzatu zen jokalari arrasatearra, talde donostiarrak liga sailkapenean duen egoera eskasa kontuan hartuta, garrantzia eskerga hartu duena bera.

«Bederatzi final geratzen zaizkigu, zein baino zein garrantzitsuagoak; hortaz, ezin gara bakoitza bere kontu pertsonaletan murgilduta egon, zereginik baitaukagu oraindik. Nahiz eta igandean galdu, bagenekien azken txanpa honetan hori ere gerta zitekeela. Kontua ez da hori, baizik eta mentalki gero eta indartsuagoak izan behar dugula. Atzean sartuta gaudenon artean indartsuena denak aukera gehien izango ditu aurrera ateratzeko. Aukera hori izatea da gure eginkizuna», esan zuen.

Mikel Aranburu

Prentsaren aurrera atera zen beste jokalaria Mikel Aranburu azpeitiarra izan zen. Bera ere, Aitor Lopez Rekarteren moduan, kontratua automatikoki berrituko bazaio, jokatzeko zenbait minuturen faltan dago. Alabaina, bere kasuari heldu baino, taldearen kirol jardunari eutsi nahi izan zion.

«Nire ustez gai hauetaz pribatuan hitz egin behar da; are gehiago kirol egoera hain konplikatua denean», agertu zen. Horrelako deklarazioekin giroa «gaiztotu» baino ez dela egiten, nabarmendu zuen. Bere ustez, egin beharrekoa auzi horiek guztiak «naturaltasunez» jorratu behar dira, «pribatuan eta aurrez aurre».

Entrenamenduari dagokionez, ia bi orduko saioa egin zuten txuri-urdinek, zenbait partidatxo jokatuta. Aipatzekoa da Saviok ez zuela entrenatu, izterrean kolpe bat daukalako.

Beste bi partida

Miguel Fuentesek bezperan adierazi zuen Lopez Rekarteren kontratua ez zegoela oraingoz automatikoki berritzerik. Hogeita hamarna minutu jokatu behar ditu Arrasatekoak beste bi partidatan hala gauzatu dadin.

aurrez aurre

Mikel Aranbururen iritziz, kontratu berritzeen inguruko gaiak pribatuan eta aurrez aurre jorratzekoak dira. Bestela eginda, «taldearentzat kaltegarri» izan daitekeela irizten dio erdilari azpeitiarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo