GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baigorriko Nafarroaren Eguna apirileko azken igandean izanen da

Orain 28 urte jaio zen Baigorrin Nafarroaren Eguna, euskaldunen arteko lokarriak estutzeko asmoz. Hilaren 29an izanen da kultur eta aldarrikapen jaia: «Mugaz bi aldeetako nafarren arteko anaitasun festa".

GARA |

Udaberriarekin batera kultur ekitaldiz bete ohi da Baigorri, herriko gaita-jotzaileek eta Basaizea elkarteak Nafarroaren Eguna eta Kulturaldia antolatzen baitituzte. Ostiral honetan abiatuko da aldarrikapena eta besta uztartzen dituen ekimena, eta apirilaren 29a arte hainbat jarduera eginen dute «mugaz bi aldeetako nafarren harremanak bultzatzeko eta nafar guztiak batzen dituzten lokarri kultural eta historikoetan sakontzeko». Euskararen erabilera sustatzen ere ahaleginduko dira.

Bertso afariak, herri kirolak, hitzaldiak, antzerkia eta bertze osagai ugari du bestak. Egun handia hondarrekoa izanen da: aurten 28 urte beteko dituen Nafarroaren Eguna, ekintzaz gainezka heldu dena.

Goizeko hamaiketan Nafarroa Behereko eta Garaiko folklore taldeek eta txarangek kalejira eginen dute elkarrekin. Eguerdian Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek kantatuko dute elizaren ondoan eta euren ondotik erraldoi eta dantzarien mugimenduekin gozatzen ahalko da, baita herri bazkarian sabela bete ere. Arratsaldean ere artista anitz hartuko du Baigorrik: Ribaforadako dantzariak, Lizarrakoak eta herrikoak bertakoak. Azken horiek Basandere dantza erakutsiko dute, neskek joan den urteko bestetarako asmatu zutena. Tapia eta Leturia, Saioa, Kuxkuxtu, Kiki Bordatxo, gaita-jotzaileak, fanfarreak eta trikitilariak ere izanen dira.

Egun horretan eta aitzinekoetan gai berdintsuak aipatu eta jorratuko dituzte, «maleruski beti aktualitatean ditugulako», antolatzaileen hitzetan. Euskal Herriko gatazka moldatzeko prozesua, presoen eta senideen kontrako zapalkuntza, euskararen egoera eta bere alde egindako urratsak eta etxebizitzaren arazoa azalduko dituzte.

ALDARRIKAPENA

Bestaren antolatzaileen arabera, Estatu frantsesa eta espainola dena egiten ari dira bake prozesua aitzinera joan ez dadin eta urrats gutxi egin dira euskararen alde

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo