GARA > Idatzia > Txirrindularitza

BARRUTIK

Karrera hasiera ez da berbera denentzat

Gaizka LASA, (Karpin-Galicia)

Zaleek pentsa dezakete lasterketa hasten dela helikopteroa irtetzen denean eta komentaristak hitz egiten hasten direnean. Telebistan, normalean, 50 bat kilometro ikusten dira; gehienetan, karrera erabaki barik dago eta bertan hasten dela ematen du.

Baina atzoko kasuan, adibidez, etapak 192 kilometro zituen eta ni izan nintzen lekuko lehen kilometroetan zer nolako zalaparta egon zen atzealdean. Hasi eta berehala jeitsiera genuen, Udanakoa: pelotoia luze-luze eginda jeitsi zen eta ordurako moztu zen jendea. Jeitsiera amaitu eta, Oñati herrian, erorketa bat egon zen. Neu ere erori nintzen bertan.

Lurretik berehala altxatu eta pelotoia ez nuen berriro ikusi 100. kilometroa arte. Tarte horretan, 20. eta 100. kilometroen artean, atzean, sufritzen. Zorionez ez nintzen bakarra izan, jende asko geratu zen-eta, grupetoak eginda, kotxe, moto eta ziklisten arteko karreratan ibili ginen. Herri bakoitzean kotxeak zozkatzen, zebra-pasagunetan mantsu, kotxeak bozina jotzen... Tentsioa igotzen kilometroz kilometro, ikusentzuleentzat karrera hasi ere ez du egin eta guk bihotza eztarrian, helburu bakarra pelotoia harrapatzea dugula.

Batzutan, eskapada berehala egin eta pelotoia mantsotzen da, baina atzo asko kostatu zen eta abiadura handia izan genuen: aurrekoek eskapada egin arte, guk aurrekoak harrapatzeko eta denok egurrean.

Baina, azkenean, harrapatu genituen. Helikopteroa irten eta komentaristak tropela lasai dihoala esten du. Eta egia da, baina aurretik ni hiru edo lau orduz sufritzen egon naiz. Faboritoak martxan jarri zirenean, gu lasaitu ginen. Egia da azken kilometroak erabakigarrienak direla baina, bitxikeri bezala, benetako karrera lehen 100 kilometrotan bizi genuen batzuk atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo