GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Saturdiko lehiaketa

Eizmendik hamar aldiz berdindu du Hernaitz harria

Lau jasoalditako aldea kendu dio bigarren sailkatu Telleria II.ari

Jon LEUNDA | ZALDIBIA

Jokin Eizmendik irabazi zuen herenegun arratsaldean, Zaldibiako Saturdi auzoan jokatu zen lehiaketan. Bertan, Hernaitz izena duen harri baldarra erabili zuten bost minututan. Harri trakets horrek, 147 kilo pisatzen zuen.

Lehen aldiz egin da lehiaketa, eta horretarako hiru baldintza jarri zituzten antolatzaileek. Alde batetik, harri horrekin inoiz aritu gabeak izan behar zuten, bestetik, gipuzkoarrak izan behar zuten, eta azkenik, Amezketako Albizuri Handia inoiz jaso gabeak izan behar zuten.

Azkeneko baldintza betetzen ez zuen bakarra Eizmendi zen, baina horrek behin bakarrik dauka jasota Amezketako harria, eta parte hartzeko baimena eman zien antolatzaileek. Gero, bera izan zen onena, eta marka oso ona egin zuen, gainera, guztira hamar aldiz berdindu baitzuen harria bizkarraren gainean. Markarik onena, Goenatxorena da, azkotiarrak hamabi aldiz baitauka harri hori jasota.

Telleria III.a hasi zen lanean, eta ez zuen zorterik izan. Lehenengo jasoaldia eman ostean, harriak ihes egin zion atzetik, eta ustela izan zen. Gero beste bi jasoaldi ere eman zizkion, horiek onak izanik.

Jarraian, bere anaia etorri zen, eta berak oso lan ona egin zuen, amaieran, gainera berea izan zen bigarren markarik onena. Honek sei jasoaldi garbi eman zizkion harriari, eta ez zen haserre, egindakoarekin.

Lertxundi izan zen hirugarren lanean aritu zen harri-jasotzailea, eta hiru jasoaldirekin konformatu behar izan zuen, nahiz eta ahalegin handiak egin zituen. Hiru jaso zituen, baina beste hiru ere gertu izan zituen. Lehenengoan, ia berdindu zuenean, bota egin behar izan zuen. Bigarrengoan, gerrian buelta ematerakoan utzi behar izan zuen, eta azkenekoan, bularretik bota behar izan zuen.

Balekoa izan zen bigarren jasoaldia ematerakoan ere asko sufritu behar izan zuen, eta horrek ordaina ere eman zion. Azkenean, sailkapeneko hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen

Azkena plazaratu zen Eizmendi, eta berak lan bikaina egin zuen, guztira hamar jasoaldi eman baitzizkion harri horri. Goenatxok baino bi gutxiago. Azkoitiarrarena baita orain arteko markarik onena. Bikain hasi zen, eta horrelaxe amaitu zuen. Harria oso erraz jasotzen zuen, eta hastapenean zortzi bat egingo zituela zirudien. Gero, bederatzigarrena egiteko ere astia geratu zitzaion, eta hura jaso bezain azkar heldu zion hamargarrena ere egiteko asmoarekin, eta hura ere lortu egin zuen. Azkeneko jasoaldia bizkarrean berdindu zuenean amaitu zitzaion denbora.

Jendeak erantzun bikaina eman zion lehiaketa horri, eta garbi dago harri baldarrarekin egiten diren lehiaketak gustuko dituela jendeak. Igeldo Harria lehiaketa da urtero egiten dena. Etxauriko harriak ere badirudi jarraipena hartu duela, eta azkeneko urte hauetan urtero egiten dira.

Hernaitzarekin harri-jasotzaile bakarra aritu da aurten arte, baina herenegungoa ikusita, pentsatzekoa da lehiaketak aurrera egingo duela, iaz lehen aldiz jokatu zen Berrobikoak egin dezakeen bezalaxe.

Etxebarriko lehiaketan ez da ezusterik izan

Harriekin jarraituz, baina idietara pasatuta, Etxebarrin herenegun arratsaldeko probetan ez zen ezusterik izan, eta Txausoen uztarriak eraman zituen mantak. Bera da Araban dabilen bakarra, bai behintzat Euskal Herriko probetan, eta azkenaldian dena irabazten ari da. 44 untze egin zituen, eta nahikoa izan zen garaipena lortzeko.

Bigarren, Telleriaren uztarria sailkatu zen. Gipuzkoarraren uztarria lehen egunean aritu zen lanean eta azken eguna arte onenak izan dira, baina amaieran bigarren izan dira 43 untzerekin, Txausonek gainditu baititu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo