GARA > Idatzia > Pilota

Agurra

Martin Alustizak ostiralean jokatuko du azken partida Tolosako Beotibarren

Espero zen bezala, atzo sinatu zuen akordioa Asperekin profesionaletan ia 27 urtean jokatu duen eta egun 45 urte dituen Segurako aurrelari finak

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Martin Alustiza aurrelari gipuzkoarrak ostiral honetan esango dio agur bere pilotari profesionalaren bizitza luzeari, ia 27 urtez gerrikoa jantzita ibili ostean. Segurako aurrelari finak atzo sinatu zuen Aspe enpresarekin intendentzia lanetarako eta Jokin Etxanizekin batera arlo teknikoa garatzeko akordioa eta, datorren astelehenetik aurrera, buru-belarri murgilduko da bere eginbehar berrietan.

Gaur egun Frontis enpresan dabilen pilotariak, gainera, Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko du bere ibilbideko azken partida. Ostiral arratsaldeko 20.00etan hasiko den jaialdian, Gorritirekin batera jokatuko du Alustizak bigarren neurketa Antxia eta Zabala bizkaitarren aurka. Honenbestez, segurarrak hainbeste alditan txaloka jarri izan dituen Tolosako jarraitzaileen aurrean esango die agur frontoietako zaleei.

Lan berriak

Martin Alustiza pozik azaldu zen Asperekin lortu duen akordioa dela-eta. «Hogeita bost urte baino gehiago beste batzuk ipinitako pilotekin jokatzen ibili naiz han eta hemen. Orain, berriz, niri tokatuko zait besteek erabiliko dituzten pilotak aukeratzea. Ez da lan erraza izango hasieran, apurka-apurka ikasten eta jartzen joan beharko dut, baina ilusioz beteta nago lan berri honi heltzeko», adierazi zuen aurrelari gipuzkoarrak Eibarko enpresarekin akordioa erabat itxi bezain laster.

Martin Alustiza Gereñu Seguran jaio zen 1961eko abenduaren 18an. Gaur egun, beraz, 45 urte ditu gipuzkoarrak. Debuta Bergarako Udal Pilotalekuan egin zuen 1980ko uztailaren 19an, hemezortzi urterekin eta pilotari oso irabazlea izan arren, bere palmaresean bi titulo bakarrik aurkituko ditugu: bigarren mailako Buruz Burukoa -1984an, finalean Urrari 22-8 irabazita- eta Binakako Txapelketa -1993an, Antxon Maizekin 22-20 irabazita Titin III.a eta Arretxeri-. 1992an Empresas Unidasetik Asegarcera pasa zen eta 2003an Frontis enpresarekin sinatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo