GARA > Idatzia > Musika

Fadoaren dama berria

Mariza

GARA | BILBO

Amalia Rodrigues fadoaren izar nagusiaren heriotzak Marizarengana erakarri zituen fadozaleen begirada eta arreta, 1999an. Mozambiken jaiotako neskatoa, bertakoa baitu ama, Brasilen ere bizi izan zen haurtzaroan eta Lisboako Mouraria auzoan murgildu zen bete-betean fadoan. 28 urte zituela plazaratu zuen bere lehenengo lana -bere poltsikotik ordaindu zuena- «Fado Em Mi m», sekulako arrakasta lortuz Portugalen. Bi urte geroago, 2003an, «Fado Curvo» argitaratu zuen eta nazioarteko oihartzuna lortu ondoren zuzeneko bat grabatu, hurrengo urtean emango zuen «Live In London». Artistaren hirugarren lana genuen gaur arte azkena, 2005eko «Trasparente». Bertan, portugesaz aparte gaztelera erabili zuen bi kantutan, besteak beste, Jose Merce kantariarekin batera abesten duena. Orain, munduko areto eta antzoki entzutetsuenetan kantatu ondoren, cd/dvd bat dakar Marizak, 2005eko irailaren 6an Belemgo dorrearen lorategietan Lisboako sinfonikoaren laguntzarekin grabatu eta iazko azaroan argia ikusi zuena.

Portugaldar saudade famatuaren agerpen nagusia omen da fadoa, eta Mariza bere berritzaile nagusietakoa. 2004an Sting britainiarrarekin batera abestu zuen Atenasko Olinpiar Jokoetan eta iaz Donostiako Kursaalen sekulako arrakasta erdietsi ondoren, «Concerto em Lisboa» da Gasteizko Principal Antzokiko udaberriko denboraldia zabalduko duen ikuskizuna. Apirilaren 26an, berriz, «Mundua Tolosan» egitasmoaren barruan kontzertua eskainiko du portugaldarrak Leidorren.

Fitxa

Data: Asteazkena (apirilak 18).

Lekua: Principal Antzokia (Gasteiz).

Ordua: 20.30ean.

Sarrera: 15/25 euro.

Hurrengo hitzordua: Apirilaren 26an, Leidor antzokian (Tolosa).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo