GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Biktimen gaineko kanpaina

Damua ez da sortzen gure etikari huts egiten diogunean, baizik eta araua betetzeari muzin egiten diogunean. Ez da gugandik espero jokaera etikoa edukitzea, gugandik espero den bakarra da araua betetzea

Zain egon naiz kanpaina amaitu arte ikusteko ea norbaitek zerbait esaten zuen biktimen gainean Jaurlaritzak egin duen kanpainaren inguruan. Ezta tutik ere. Edo iritzi-emaile guztiei ondo iruditu zaie, edo -lagun batek dioenez- ni naiz txoriburu bakarra gaiaz mintzatzen ausartuko dena, politikoki ez-zuzena delako hau bezalako kanpaina baten gainean aurkako iritzia ematea. Eta, hala ere, eman emango dut, nahiz eta ez aztertu alderdi politikotik. Eta aspektu horretatik ere badago zer esan. Esaterako, zergatik ematen den amaitutzat ga- tazka, dagoeneko inor ez balego bezala biktima bihurtzeko tenorean.

Dena den, kanpainaren alde larriena ez da politikoa, baizik eta oinarrian dagoen filosofia: erakundeek galdetzen digute «jabetzen al zara?», «¿lo sientes?», eta galderan ez dago jakinminik, ez da erantzunik eskatzen, ezta ihardespenik espero ere. Galdera hori interpelazioa da, sentimenduei eragiten die. Galderarekin esaten zaiguna da «damutu al zaizu dagoeneko?, ikusi al duzu finean?». Erakunde batek administratuei modu instituzionalean honelako galdera egiteak kutsu moralista du, suabe esatearren. Sentimendu kolektiboa gidatu nahi bailuen jokatzen du. Afektuak, sentipenak, joera morala tutelatu nahia antzematen zaio, aitakeria. Intromisio ikaragarria da kontzientzia kolektiboan.

Bilboko Metroan afixa tzarrak ikusi, edo irratian kuñak entzun ditudanean, sentitu dut instituzioek orritxo batean idatzi digutela unean-unean zer sentitu behar dugun, eta poltsikoan sartu digutela, ahantz ez dakigun. Mundu orwelliarrean bizi gara, esaten, eskatzen, exijitzen baitzaigu zenbat, non, nola, noiz arte sentitu behar dugun zer. Berdin dio zer den. Ez zaigu eskatzen hausnarketa egin dezagun, baizik eta senti dezagula, moralki zuzena den hori senti dezagula. Ez zaio dei egiten gure intelektuari; bihoitzari egiten zaio dei.

Galderaren ostean azalpena dator, «ez ditugu ikusi edo ez ditugu ikusi nahi izan, baina terrorismoak biktima asko utzi ditu Euskadin. Oraindik jabetzeko garaiz gaude. Jabetzen al zara?» Damua eskatzen zaigu soilik.

Damua eskatzea ez da errudun sentiaraztea. Antzekoak izan arren, ezberdinak dira bi kontzeptuak. Errudun sentitzen gara ustez justua den hari uko egiten diogunean, eta inon idatzita ez badago ere, gure betebeharra dela uste dugunez, gaizki sentitzen gara amore ematen dugunean. Damua, ordea, ez da sortzen gure etikari huts egiten diogunean, baizik eta araua betetzeari muzin egiten diogunean. Ez da gugandik espero jokaera etikoa edukitzea; gugandik espero den bakarra da araua betetzea. Errudunak etikari egiten dio kale. Damutuak, arauari.

Kanpaina honetatik ateratzen den irakurketa da «araua bete, etikoa den ala ez kolokan jarri gabe». Kanpaina lizuna da, inpudikoa, ez-subjektu bihurtzen dituelako administratuak.

Zutabe hau ez da politikoki zuzena, badakit. Politikoki zuzena izateko badago-eta erakundeetako publizitate saila.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo