GARA > Idatzia > Musika

Bilborock, Bizkaiko musika uztaren erakusgarri

Bilboko La Merced elizak hamar urte bete ditu rock areto bihurtu zenetik. Ospakizunetan murgildu da orain Bilborock, eta Bizkaiko hogeita bi talde esanguratsu gonbidatu ditu gaur hasi eta larunbata bitartean beste behin ere aretoko oholtza zapaldu eta zuzeneko labur gogoangarriak eskain ditzaten, horrela gero zuzeneko disko bat argitaratzeko asmoz.

Anartz BILBAO | BILBO

Hamar urte dira 1997ko apirilaren 7an rockaren elizak sinesmen berri bat sortu zuenetik. XVII. mendearen bigarren erdialdean itsasadarraren ertzean eraikitako La Merced eliza barrokoa erosi zuen 1989an Bilboko Udalak, gero rockaren tenplu bihurtzeko. Bertan dago egun Euskal Herriko Musika Artxiboa, ikuskizun areto eta probasaioetarako gelekin batera. Musikari eta musikazaleei eskaintza zabala eskura jarri nahian abian jarritako egitasmoak eman ditu fruituak urteotan, zenbakiek agertzen duten legez. 700.000 ikusle inguru hamar urtean 2.800 zuzeneko kultur ikuskizun gozatzeko. Nagusiki musikari eskainia -egun 130 talde ari dira trebatzen bertako zazpi probasaio gelatan- antzerkiak, zinemak edo txotxongiloek ere izan dute herriari zabalik egon nahi duen aretoa erabiltzeko parada eta urtez urte ugari eta arrakastatsuago suertatzen den Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketako gune ere bada aspaldian.

Hau guztia gogoratu eta ospatzeko eta beste horrenbeste urte bete daitezen ekitaldi bereziz lepo dator oraingoan aretoa. Gaur hasi eta larunbata bitartean, hurbilenera joanda, egungo Bizkaiko talde esanguratsuenetako batzuk pasatuko dira dagoeneko ezaguna duten bertako oholtza zaildutik.

Ospakizun andana

Bilbo Hiria lehiaketa inguruan aretoko arduradunekin batera lanean buru-belarri ari den jende adituak egindako zerrendara jo eta makina bat talde gonbidatu zituzten ospakizunetara. Horietako hogeita bik eman zuten pozarren baiezkoa, denek baitute aretoarekin nola edo halako harremana.

Zortzietan eta doan ospatuko diren ekitaldiak gaur bertan abiatuko dira, musika tankera ezberdineko bost etxetako talderen parte hartzearekin.

Batetik, Platero y Tu edo Extremoduron jotako Iñaki Uoho-ren egitasmo berria, La Inconsciencia de Uoho. Talde rock zaleak aurten atera du estreinako lana, «Inconscientes», Muxik disko etxe propioan. Macarradakoek ere badute iragana, MCD taldean. «Mundialmente Conocidos» da punk rock bizkorra jorratzen duen taldea aurkezten ari den lana.

Berriagoa da Durangaldeko Yakuzi, iaz Bilbo Hiria lehiaketan gailendu zen post rock talde instrumentala. Chico y Chica electropop bikote hedonista da eta sekulako arrakasta lortzen ari den Getxoko Standardek «3.000v-40.000w» bonba dantzagarria du Mushroom Pillow disko etxeak emandako debuta.

Ugariagoa dugu asteburuko afitxa. Ostiralean, Kepa Junkera. «Hiri» da Errekaldeko trikitilari bidaiariak Elkarren emandako azkena, Europako folk zerrenda nagusietan ageri dena.

Idi Bihotzek ere urteak egin ditu errepidean, heavy metala jorratzen, eta zuzeneko lana argitaratu du berriki, hainbat musikari lagunen parte hartzearekin. Ildo heavy bera jorratu dute Airless & Robert Rodrigok, eta baita Bilbao Live jaialdian joko duen Valhallak ere. Ingelesez abesten duen taldeak badu arrakasta gure mugez kanpo eta 2005eko «The Aftermath» dute bosgarren lana. Punkera lerratzen ari dira Barakaldoko Parabellum aspaldikoak eta baita Puro Chile ere, Vulpess taldeko partaide ohia den Mamenen talde berria. The Panik Punkers Barakaldoko Panik eta oraintsu desagertutako The Boogie Punkers-ko partaideen arteko uztarketa puntualak osatu du. Eta Free Martino dugu jaialdiko parte hartzaile ezezagunena.

Larunbata ere ez da atzean gelditzekoa. Bakarlari gisa, Afrikaren ahots sendoa eta soul elektronikoa. Ekuatore Gineako kantariak «Entzun» du azken diskoa, Metak disko etxe desagertuan Kontrakalea azpisailak plazaratua. Bakarrik joko du iaz «Saredun Eskua» zoragarria (Gaztelupeko Hotsak) oparitu zigun Rafa Rueda PLT taldeko abeslariak ere.

Bilborockek bezala hamar urte bete dituen Zea Mays disko berria prestatzen ari da. Bosco el Tosco y su Puta Banda xelebreen gizarte kritika eta WCD, MCD punkrockeroetatik sortu zirenak, dira beste adarra. Ezkerraldetik bueltan zuzeneko diskoa ateratzear duten Gris Perla sestaoarren itzulera.

Bukatzeko, Noizpop disko etxe mokofineko bi ordezkari. Batetik, The Cherry Boppersen acid jazz fresko eta dantzagarria; eta bestetik, disko berria ateratzear duen Audience talde gernikarra, honakoan Eten bikotearekin uztartua gutizia zaratatsu berezia osatzeko.

Badira beste horrenbeste izen eta talde garrantzitsu kanpoan gelditu direnak, baina zalantzarik gabe ezingo genuke azken hamarkadako Bizkaiko eta beraz Euskal Herriko musika uzta ulertu honako taldeen parte hartzea gabe.

Ospakizun andana

Pozik ageri dira aretoko arduradunak hamar urte hauetako gorabeherak gogoratzean, eta etorkizunean ere bide bera jarraitu nahi dute.

Asteburu honetako ekitaldien lagin eta oroigarri gisa zuzeneko disko bat plazaratzeko asmoa agertu dute eta aurrerago, udaberri bukaeran edo, argazki erakusketa bat ere izango da, egindako ekitaldi kulturalen berri emango duena, izan musika, txotxongilo, antzerki edo beste. Musika ospakizunekin bukatzeko, udazken aldera aretoko geletan trebatzen diren talde gazteen arteko rock maratoia izango da, etorkizunari lekua egiteko.

ZUZENEKOAK

Hiru egunetan hogeita bi taldek emango dute kontzertua. Bakoitzak ordu laurden joko du, eta tarte horretan bertsio bat ere egin beharko dute. Guztia grabatu eta etorkizunean zuzeneko hauetatik disko bat aterako omen da.

OSPAKIZUNAK

Zuzeneko emanaldien osterako argazki erakusketa prestatu dute Bilborocken, hamar urte hauetan egindako ekitaldien oroigarri. Eta uda ostean, bertan probasaioak egiten dituzten taldeen arteko musika maratoia.

Fitxa

Lekua: Bilborock (Bilbo).

Ordua: 20.00etan.

Sarrera: Doan.

Gaur: La Inconsciencia de Uoho, Macarrada, Yakuzi, Chico y Chica eta Standard.

Bihar: Kepa Junkera, Free Martino, Ya Te Digo, Idi Bihotz, Airless & Robert Rodrigo, Parabellum, Puro Chile, Valhalla eta The Panik Punkers.

Larunbata: Afrika, Rafa Rueda, Bosco el Tosco y su Puta Banda, Zea Mays, WCD, Gris Perla, The Cherry Boppers eta Audience & Eten.

Diez años de formación, difusión y directos inundan Bilborock

Alrededor de 1.300 bandas han utilizado las siete salas de ensayo con las que cuenta el recinto Bilborock a lo largo de estos diez años y más de 700.000 espectadores han disfrutado de su oferta cultural, con más de 2.800 actuaciones en directo -con alrededor de 900 conciertos-.

Sede del prestigioso concurso Villa de Bilbao, la sala invita ahora a referenciales bandas vizcainas para ofrecer un intenso fin de semana rockero. Después se editará un disco recogido en directo y en mayo una exposición de fotos mostrará la historia de la sala. Bilborock finalizará las celebraciones con un maratón de rock entre las alrededor de 130 jóvenes bandas que actualmente ensayan en sus locales. El futuro musical del herrialde está, por tanto, más que garantizado.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo