GARA > Idatzia > Musika

Kanona, injustizia legala «pirateriaren" aitzakia erabilita

Diru hori -iaz 1.600 milioi euro- Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartea (SGAE) bezalako gestio erakundeek jasotzen dute, eta erakunde hauek dira diru horren zati txikia, oso garbi ez dagoen moduan, egileen artean banatzen dutenak -egile batek, bataz beste, disko baten salmentaren %6a besterik ez du jasotzen-

Aritz SOUND SYSTEM Kazetari eta musika jarraitzailea

Kulturaren eta egile eskubideen defentsa aitzakia hartuta negozio ederra egiten dute gutxi batzuk. Jakina da egileek euren obrarekiko jabetza dutela eta norbaitek obra hori erabili edo kopiatu nahiko balu egileari -edo egilearen baimenez obra hori kudeatzen duenari- baimena eskatu eta ordaindu beharko diola. «Pirateriaren» aitzakia erabilita, gutxi batzuk etekina atera nahi izan diote gai honi. Legeriak egilearen baimenik gabeko kopia pribatua baimentzen du -kopia horren bidez diru irabazirik bilatzen ez denean soilik-; hau da, edozeinek egin dezake disko baten kopia, erabilpen pribaturako baldin bada behintzat. Teorian, egileek kopia horiekin izan dezaketen kaltea konpentsatzeko, kopiak egiteko erabiltzen diren tresna eta bitartekoei -grabagailuak, zinta/cd/dvd birjinak, e.a.- kanon bat ezartzen zaie -zerga antzeko bat-. Adibidez, 2003ko uztailean kanona indarrean jarri zenetik disko bat grabatzeko erabiltzen dugun CD-R bakoitzagatik 0,27 euro gehiago ordaintzen dugu, DVD-R batengatik 0,70 euro gehiago, MP3 irakurtzen duen tresnagatik 2,92 euro eta 30Gigako IPod batengatik 90 euro gehiago ordaintzen dugu dendetan. Diru hori -iaz 1.600 milioi euro- Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartea (SGAE) bezalako gestio erakundeek jasotzen dute, eta erakunde hauek dira diru horren zati txikia oso garbi ez dagoen moduan egileen artean banatzen dutenak -egile batek, bataz beste, disko baten salmentaren %6a besterik ez du jasotzen-. SGAEkoen arabera, diru hori egileen «garrantziaren» arabera banatzen da; hau da, artista «ospetsuek» jasoko dute diru gehien. Horrez gainera, kontuan eduki behar da egile asko ez direla SGAEko kide. Hasieratik entzun dira kanon honen kontrako ahotsak eta hainbat ekimen bultzatu dira ken dadin (www.todoscontraelcanon. es). Inposatzen den unetik, grabagailu eta antzeko tresna eta euskarri guztien erabiltzaileek kopia «ilegalak» egiteko erabiliko ditugula aurreikusten da. Berdin dio zuk sortutako musika kopiatzeko edo zure datuen segurtasun kopia egiteko erabiltzen duzun; horrela izanda ere, berdin ordaindu beharko duzu kanona. Eta hemendik gutxira, ADSL edukitzeagatik, Wi-Fi zerbitzuagatik edo ordenagailuen disko gogorragatik kanona ezartzea aztertzen ari dira. Martxa honetan, museoan ikusitako pintura bat edo nonbait entzundako kantu bat oroitzeagatik ere kanona ordaindu beharko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo