GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Artzaintzari usaina hartu eta egun pasa egiteko aitzakia paregabea

Ordiziarrek egun handia zuten atzokoa, urtero legez, Artzain Eguna zela-eta, ikusmira ederra baitzegoen herriko kaleetan. Kanpotik ere jende mordoxka joaten da egun horretan, are gehiago, asko oraindik ere opor usainean dabilelako.

Maider EIZMENDI

Goiz-goiz hartu zuten Ordiziako kaleek ohikoa ez den zalaparta. Garagartza plazan ikusgai izan ziren ardi eta aharien erakustaldiak eman zuen makina baten atentzioa. Simeon Eguzkiagirre eta Vidal Etxarte igantziarrak ere bertan zebiltzan postuz postu. Atzo lehenengoz izan ziren Artzain Egunean. «Aurretik ere izanak ginen Ordizian merkaturen batean eta orduan egun honetaz hitz egin ziguten. Horregatik etorri gara gaur». Goizean goiz abiatu ziren Ordizia bidean bi gizonak eta egun pasa egin ostean hartu zuten berriz ere etxerako bidea, gosaldu, bazkaldu eta asetu barik geratuz gero, meriendatxoa egin ondoren. Hala esaten zuen bikoteak umoretsu. Hainbat merkatutara joateko ohitura duten bi igantziarrek hamar eta erdiak alderako emana zuten lehenengo bueltatxoa eta, abere ederrak zeudela nabarmentzen zuten biek ala biek. Hori hala, Ordiziako Artzain Eguna datorren urteko egutegian gorriz jarriko zutela adierazi zuten.

Batzuk lehenengo aldia bazuten, beste batzuk zenbatetan izan diren ere zenbatu ezinik zebiltzan. Alfontso Odriozola ordiziarrak eta bere lagunek asteazke-nero izan ohi dute zita azoka egunean. Atzokoa, ordea, egun berezia zuten, ikusmiran aritzeko aukera handia baitzen. Hala eta guztiz ere, usadioei jarraitzeko asmoa zuten. «Asteazkenero bezala, hamaikak aldera elkartu gara hamaiketakoa egin eta merkatua ikusteko, kontu batzuk esan eta bazkaltzera joango gara. Ondoren, musean jokatuko dugu eta paseotxo bat emanda seirak aldera etxera itzuliko gara».

Hamaikak jotzear, pixkanaka jendea udaletxe parean pilatzen hasi zen. Ez zegoen abisu beharrik, ondo zekien jendeak ordu horretan milatik gora ardik igaroko zituztela kaleak, larretatik Aralarrera bidean egiten den transumantziaren sinbolo gisa. Artzainak eta txakurrak aurretik ardiek lepoan lotuta zeramatzaten txintxarriek iragarri zuten iristear zirela. Herriko kaleetan barrena ibiltzea eta jendetzaren begiradapena egotera ohituak ez daude eta ardiren batek edo bestek salto ederrak eman zituen haur ugariren gozamenerako.

Eguneko ekitaldi nagusia udaletxeko batzar-gelan egin zuten, bertan aurkeztu baitzuten ofizialki aurtengo Idiazabal gazta berria. Fernando Canales Etxanobe sukaldari bilbotarrari egokitu zitzaion atzokoan gazta berria moztea. Sukaldaria lekuan lekuko produktuen garrantziaz mintzatu zen. «Orain gutxi Moskura joan nintzen eta bertako supermerkatu batera sartu eta hemen aurkitu daitezkeen produktuak zeudela jabetu nintzen. Horrelakoetan norbera ohartzen da bertako produktu bereziak ondo zaintzeak zer- nolako garrantzia duen, batez ere, globalizazio garai honetan», azaldu zuen eta gaztazale amorratua dela aitortu zuen ere bai. Moztu eta gazta erdi bat esku artean hartu ostean, kalitate oneko produktu bat ez ezik, gazta kultura ere badela nabarmendu zuen Canalesek.

Gazta, batez ere Idiazabal jatorrikoa, primeran ezagutzen du Jose Mari Ustarrotzek, bera baita Jatorri Izen Elkarteko presidentea. Gustura zegoen eta, ez da gutxiagorako, Londresen jaso berri dituzten sariek harro egoteko arrazoiak ematen baitizkie. «Sariak jasotzea beti da pozgarria, baina gainera lana eta produktuak kanpoan ezagutarazteko aukera eman digu», nabarmendu zuen. Jose Mari Ustarrotz, halaber, artzainen buruestimua handitzeko balioko duelakoan dago, «egiten dutenak balio handia duela» aitortzen baitute sariek.

Eguerdia ondo jota zegoela, berriz ere, Garagartza plazan batu zen ikusmira nagusia. Bertan, hainbat lagunek ardiei ilea nola mozten dieten erakustaldia egin baitzuten. Guraize zein makinaz ile mordoxka batu zuten, dozenaka ardi igaro baitziren «ile-apaindegi» berezi horretatik. «Ama bira orain askozaz ere meheagoa ematen du ardiak». Horixe haurtxo batek adierazitakoa moztaileen lana ikusi ostean. Ez zitzaion ez, arrazoirik falta.

Metro gutxi batzuetara kokatua zegoen Esteban Gonzalez laudioarraren salmahaia. Artilez egindako galtzerdi, txapela, jertseak... zituen salgai, baina gazteenen artean bederen horrelakoak erosteko ohitura gutxi dagoela nabarmendu zuen. «Ez dira konturatzen artilez egindako galtzerdiak egokiak direla oso mendira joateko adibidez, zakarrak direla diote, baina naturalenak dira».

Ezjakintasunaz mintzatu zen ere Asier Osinalde gabiriarra. Gaztagintza prozesuaren erakustaldia eman zuen gazteak Garagartza plazan atzo, beste hainbatetan bere baserrian, Baztarrikan, eskoletatik joaten diren gaztetxoei egin ohi dien moduan. Txikienek ez zuten ikusteaz gain gazta egiten aritzeko okasioa galdu nahi izan eta txandaka jardun zuten batean eta bestean. Gaztetxoenekin batera helduxeagoak ere bertaratu ziren erakustaldira. «Horiek jakin badakite gazta nola egiten den, baina tresneria aldatu egin da eta hori ikusi nahian-edo etortzen dira».

Erakustaldiaren inguruan edota ardi eta aharien postuen alboan zebiltzanek eguerdi parterako urdaila astoratzen hasia zuten, goizean goizetik hainbat bildots ari baitziren burduntzi eran erretzen eta horien usainak plaza osoa hartua zuen. Horregatik akaso, pintxoak banatzen hasi zirenerako makina bat lagun batu zen mahai ingurura. Txikitxoenek ere gustura egiten zieten tiraka hezur tartean itsatsitako haragi zatiei, ezertxo ere lurrera eror ez zedin erreparatzen.

Horren gustura agertu ez zirenak barazki eta fruitu saltzaileak izan ziren. Ikusmiran bai, baina egun berezi horietan erosketak egitera oso jende gutxi etortzen dela esaten zuen Beasaingo baserritar batek, postua jasotzen ari zen bitartean. Bestelako salmenta izan zuten, ordea, gazta saltzaileek, makina batek alde egin baitzuen etxera gazta eder bat besapean hartuta.

MOKADUTXOAK

Helduek eta, atzokoan oporraldian daudela-eta, erruz ikus zitezkeen txikienek ere ez zuten bildots zati bat jateko aukera galdu. Goizean goizetik, burduntzian erre zituzten hainbat eta eguerdian hasi ziren banatzen trago batez lagunduta.

GAZTAREN DASTATZEA

Fernando Canales Etxanobe sukaldari bilbotarrak aurkeztu zuen aurtengo Idiazabal gazta berria. Alboan izan zituen ere beste hainbat sukaldari. Guztiek Idiazabal gaztaren kalitatea eta zaporea nabarmendu nahi izan zuten ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo