GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxean egindako lehergailuak indargabetu dituzte Baionan, Bokalen eta Biarritzen

Baionan, Bokalen eta Biarritzen, etxean egindako hiru lehergailu indargabetu zituzten, ezezagun batek horien berri eman ostean. Bi gailu PSFren egoitzen aurrean zeuden, eta bestea Turismo bulego baten alboan.

GARA |

Etxean egindako hiru lehergailu indargabetu zituzten atzo goizean, Baionan, Bokalen eta Biarritzen, ezezagun batek suhiltzaileei horien berri eman ostean. Berri-agentziek adierazi zutenez, lehergailuak gas bonbona eta iratzargailu batez osaturik zeuden.

Baionako lehergailua, 10.30tan eztanda egiteko prestatuta omen zegoen, baina ez zen lehertu, eta suhiltzaileek 11.10ean indargabetu ahal izan zuten, iturri berdinek azaldu zutenaren arabera.

Gailua paperontzi batean kokatuta zegoen, Alderdi Sozialistak (PSF) hiri horretan duen egoitzatik nahiko gertu, aipatu zutenez. Handik hurbil, plaza batean zeuden ehun bat lagun bertatik irtenarazi zituzten poliziakideek. Bokaleko lehergailua ere PSFren egoitzaren aurrean kokatuta zegoen, eta horrek ere ez zuen eztanda egin.

Biarritzen, aldiz, lehergailua Turismo bulegoaren ondoan zegoen kokatuta.

Polizia zientifikoaren eskuetan

Kasu horretan, Polizia frantseseko agenteek inguruan zeuden hirurogei bat pertsona mugiarazi zituzten, gailua lehertu zitekeelakoan, nahiz eta azkenean ez zen halakorik gertatu.

Baionako Polizia judizialak eta Terrorismoaren Kontrako Zuzendaritzaordea (SDAT) delakoak hartu dute kasu hori ikertzeko ardura, berri-agentziek adierazi zutenez, eta hiru lehergailuak Polizia zientifikoak aztertuko ditu, eragingarriak ziren edo ez zehazteko.

Azken hilabeteetan hainbat leherketa gertatu dira Ipar Euskal Herrian, batez ere higiezinen eta eraikuntza enpresen kontra. Abenduan, talde anonimo batek halako lau ekintza bere gain hartu zituen, eta «espekulazioa» salatzeko izan zirela azaldu zuen. Bi hilabete lehenago, Irrintzi izeneko taldeak bost ekintza bere egin zituen. Turismoarekin harremana zuten instalazioen kontrakoak izan ziren gehienak, eta beste ekintza bat Michelle Alliot-Maire Defentsa ministroak Ziburun duen etxebizitzaren aurkakoa izan zen.

espilondo

Jean Espilondo PSFko burua Baionako egoitzan zegoen lehergailua indargabetu zutenean. Egileak «arduragabeak» direla esan zuen, eta gaineratu zuen «demokrazia batean» ez direla halako gauzak egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo