GARA > Idatzia > Ekonomia

Hamabost egun pasa ditu jada Georgia Pacificeko batzordeak lantokian itxita

Itxialdiak gutxienez bihar arte iraungo du, izan ere, langileen hamahiru ordezkariak, CCOOko bost, UGTko lau eta LAB eta ELAko bina, Nafarroako Gobernuari bitartekari lana burutzeko egin eskaeraren erantzunaren zain daude. Enpresa oraindik ez da beraiekin bildu.

Rebeka CALVO |

Alloko paper-fabrikako, Georgia Pacificeko, enpresa-batzordeko hamahiru kidek pasa den martxoaren 26an erabaki zuten lantokian itxialdia burutzea zuzendaritzak lan-hitzarmena negoziatzeko beraiekin bildu nahi ez duela salatzeko.

Zuzendaritzak, hala ere, ez du oraingoz beraiekin biltzeko asmorik agertu eta ondorioz, itxialdia «gutxienez» bihar arte luzatzea erabaki dute batzorde kideek. «Nafarroako Gobernuko Lan Sailari gure arazoan bitartekari izan dadin egin genion eskaeraren erantzunaren zain gaude. Erantzuna ostiral arte seguruenik ez da iritsiko», azaldu zuen batzordeko lehendakari Felix Maeztuk (CCOO).

Jada hamasei egunez luzatu den itxialdia ez da paper-fabrikako langileek hartu duten protesta neurri bakarra. Izan ere, lanuzteak ere egiten ari dira pasa den urtarrilaren 8az geroztik. Hasieran, lan txanda bakoitzeko bi ordutakoak izan ziren eta urtarrilaren 15 ezkero, lau ordutakoak egitera pasa ziren. «Lau ordutako lanuzteek kalte handia egin diote enpresari, erabatekoa egin izan bagenu baino gehiago. Diru asko galdu dute, baina hala ere jarrera berdinarekin jarraitzen dute eta ez dute gurekin hitz egin nahi, ezta itxialdia eginda ere, antza. Langileei lau ordutako geldialdiak eginda, gainera, gutxienez soldataren erdia geratzen zaie», esan zuen Maeztuk.

Eskaerak

Enpresa-batzordeko lehendakariak agertutakoaren arabera, bi neurri horiek hartuta langileek lan hitzarmen berria eskatzen dute: «Ez dugu hitzarmen berririk sinatu 2000. urteaz geroztik. Azkena 1996an sinatu genuen eta 1999 arte egon zen indarrean. Ondorioz, urte hauetan gure lan baldintzak okertzen joan dira; 12 urte daramatzagu lan ordu berdinekin eta azken sei edo zazpi urteetan gure soldaten igoerak borondatezko eskupekoak bakarrik izan dira». Aipatu behar da, Georgia Pacificeko langileek estatu mailako hitzarmenean zehaztutakoa baino 34 lan ordu gehiago egiten dituztela.

Enpresaren jarrera itxia ikusita, batzordeak bi eskakizun bakarrik eraman nahi ditu aurrera, «baina horretarako lehenik eta behin hitz egitera eseri behar dira», azpimarratu zuen Maeztuk. Bi eskakizunak soldata igoeran eta lan orduak murriztean kontzentratzen dira: 2007rako KPI erreala gehi 1,5 puntu eta lanaldia 16 ordutan murriztea eta 2008 zein 2009rako KPI erreala gehi 0,75 puntu eta urte bakoitzerako 16 ordutako murriztea.

Era berean, komiteko kideek Alloko lantokian «deskapitalizazioa» ematen ari ote den susmoa ere badute, azken urteetan enpresak izan dituen emaitza ekonomikoak onak izan baitira. Are gehiago, Nafarroako lantokian lortutako mozkinak, galerak ordaintzeko, Italia eta Grezian dituzten lantokietara bideratzen dituztela salatu izan dute behin baino gehiagotan komiteko kideek. «Arazoa ez da dirurik ez dutela. Orain arte greba dela eta galdu duten diru guztiarekin gure eskariak ordaintzeko nahikoa diru badute. Agintzen dutenak beraiek direla argi utzi nahi digute, hori da guztia», gaineratu zuen Maeztuk.

Laguntzaren zain

Hori guztia nahikoa ez balitz, komiteak ia emakumerik ez dutela kontratatzen salatu du. Zehazki, azken hamar urteetan ez diote behin betiko hitzarmenik egin emakume bakar bati ere.

Egoera ikusita, enpresa-batzordeko lehendakariak lanuztearekin jarraituko dutela esan zuen eta Nafarroako Gobernuaren nolabaiteko laguntzaren zain daude. «Ea zer esaten diguten. Gure ustez ezinbestekoa da bitartekari lana egitea, bestela enpresa ez baita inoiz gurekin hitz egitera etorriko. Komenigarria izango litzateke enpresari emandako diru-laguntza guztiak bueltatzeko eskatzea ere, baina ez dugu uste hori egingo dutenik. Kapitala amerikarra izateak ez du ezer ere esan nahi, beraiek hemen badaude hemengo enpresa eta langileen arteko lan harremanak izan beharko dituzte», esan zuen Maeztuk.

bilelarik ez

Alloko Georgia Pacificeko enpresa-batzordeko kideek ez dute zuzendaritzarekin ez bilerarik, ez harremanik izan azken zortzi urteetan. Hortaz, ez dute lan hitzarmenik negoziatu 2000. urteaz geroztik

BITARTEKARITZA

Multinazionalaren arduradunek ez dute orain arte Nafarroako Gobernuarekin ere bildu nahi izan. Izandako harreman gutxietan, langileek lau ordutako lanuzteak utzi arte jarrera ez dutela aldatuko esan diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo