GARA > Idatzia > Euskal Herria

Markinako Gazte Asanblada: «Bizia eman diogu hilzorian zegoenari»

Udaberriarekin batera, gaztetxea loratu da Markinan. Joan den ostegunean izan zen, 50 lagunek plazako kultur areto zaharra okupatu zutenean. Atzo, zazpigarren egunean, gazteek herriari bizitza ematen jarraituko dutela erran zuten, utzarazteko mehatxuen gainetik.

GARA |

Akerbeltz izena du Markinako gaztetxe jaio berriak eta musikaz, lemaz, trastez eta ilusioz gainezka dago. Okupazioaren egunetik bertatik, joan den ostegunetik, EAJk gidatzen duen Udala autogestiorako gunea utzaraziko duela erraten ari da, baina gazteek ez dute mugitzeko asmorik. Hala adierazi dute zazpi egunotan, 80 bat herritar bildu zituen prentsaurrekoaren bidez eta elkarbizitzarako txostena aurkeztuta. Idatzi horretan, auzokideekin eta ondoko ludotekako eta Helduen Hezkuntzarako Ikastetxeko lagunekin nola moldatuko diren azaltzen dute.

Herri apainketa, zesta ikastaroak, malabare tailerra, zinea, zirkoa, olinpiadak, masajeak, jolasak, akelarrea, siesta kolektiboa... Gozagarri ugari izan dute markinarrek zazpi egun horietan Akerbeltzen, herriko plazan dagoen autogestiorako gunean. Horregatik esaten dute Gazte Asanbladako kideek hilzorian zegoen toki garrantzitsu bat biziberritu dutela. «Orain arteko mugak apurtu eta erabilpena biderkatu egin dugu, Markinako herriaren onurarako betiere -azaldu zuten atzo ohar batean-. Gainera, ez diegu oztoporik jarri leku horretan dauden beste jarduerei. Helduen Hezkuntzarako Ikastetxea eta ludoteka daude eraikin horretako bi gelatan, eta ez gara horietara sartu, ez ditugu ukitu, dagoeneko erabiltzen ari direlako».

Alkateari erantzuna

Atzo «El Correo» egunkarian Jabier Alberdi alkateak egindako adierazpenei ere erantzun zieten Akerbeltzeko lagunek, eta bere solasak «gezurrez eta manipulazioz beteta» daudela salatu zuten. «Orain arte ez dugu izan alkatearen berririk, ez da ausartu guregana etortzen, ondotik pasatu eta ez da gai izan herriko kontu bati arreta jartzeko. Baina adorez beteta gezurrak jaurti ditu herritarren begietara», azaldu zuten.

Edozein unetan aretoa utzaraziko duela zioen Jabier Alberdik egunkarian, horrela «ordena berrezarri» ahal izateko. Gainera, ekimenak «osagai politiko bat» ere izan dezakeela ohartarazi zuen, «diren egunak direlako».

Gazte Asanbladakoek horrela erantzun zuten: «Datak berak jarri zituen eta bere gaitasun ezak bultzatu gaitu aretoa okupatzera. Iazko abenduaren 31rako lekua emango zigula agindu zigun eta dokumentu ofizial bat ere sinatu zuen. Apirila iritsi zen eta gazteok kalean jarraitzen genuen. Horregatik, erabaki genuen ematen ez digutena geure kabuz hartzea». Zera gaineratu zuten: «Sinesten ez diguna gaztetxera gonbidatzen dugu, zintzotasunez herriari bizitza ematen eta etorkizuna aberasten ari garela ikusteko».

ZORIONAK

Akerbeltzeko lagunek zorionak eman dizkiote Markinako herriari, «beharrezkoa zen gaztetxea amets izatetik errealitate izatera pasatu baita». Loratu den fruitua ez dutela usteltzen utziko ere jakinarazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo