GARA > Idatzia > Saskibaloia

Euroliga Partida erabakiorrak Moskun eta Malagan

Atenaserako azken bi txartelak gaur banatuko dira

Unicaja/Bartzelona eta CSKA Mosku/Maccabi partidetako irabazleen zain dira Baskonia eta Panathinaikos

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Euren kanporaketa bi partidetan amaituta, telebistaz jarraituko dituzte Baskoniako jokalariek eta entrenatzaileak Atenasko Final Fourrean arerio izango dituzten taldeak erabakitzeko partidak. Gasteiztarrek badakite dagoeneko Panathinaikos beldurgarria izango dutela etsai lehen finalerdian, baina beste fianlerdirako lehian arituko dira gaur Unicaja eta Bartzelona, batetik, eta txapelketako azken bi txapeldunak, CSKA Mosku eta Maccabi, bestetik.

Espero baino lehiatuagoa suertatu da azkenean azken hiru txapelketetako irabazleak bildu dituen kanporaketa. Zekarten ibilbidea ikusita, Ettore Messinarenak faborito garbiak ziren indar asko galdu duten israeldarren aurka. Moskun jokatutako lehen partidak uste horiek indartu zituen, errusiarrek oso erraz, 80-58, irabazi baitzuten. Gauzak ordea errotik aldatu ziren Tel Aviven eta, Nikola Vujcic eta Lior Eliyahuren eskutik, egungo txapelduna garaiezina delako inpresio hori deuseztatu zuten 68-56 irabazi eta kitarako partida behartuta.

Hala ere, partida horretara arte jarraian 18 partida irabazi zituen CSKA faborito garbia da gaurko partidarako, batez ere, etxean jokatzen duelako. Izan ere, Maccabi askoz ahulago aritzen da Eliasen Eskua kantxatik urrun; hiru partida besterik ez dituzte irabazi.

Partida erabakiorra etxean jokatuko duen arren, apustuak ez daude horren argi Unicaja Malagarentzat. 10.000 zaleren laguntza izango duen arren, Batzelonak azkenaldian erakutsitako joko bolada izugarriak oso arriskutsua egiten du Dusko Ivanovicen taldea. Hil ala biziko neurketa horretarako Sergio Scariolok Jiri Welsch eta, gero eta hobe dagoen, Marcus Brown jokatzeko moduan izango ditu, baina Daniel Santiago pibotaren parte hartzea zalantzan egongo da azken unera arte, min hartuta baitago.

Talde bakoitzak nahiko erraz atera zuen bere zelaian jokatutako partida, baina ACBko azken jardunaldiari begiratuta, kataluniarrak hobeto helduko direla dirudi. Izan ere, blaugranek Gasteizen azken unean irabazi egin zuten eta andaluziarrek berriz, jaitsiera postuetatik ihes egin nahian dabilen Valladoliden aurka galdu egin zuten.

Hiru jarraian

CSKA Mosku eta Maccabiren arteko kanporaketako irabazlea, Baskoniarekin batera, azken hiru Final Fourretan, Moskun, Pragan eta Atenasen, izan den talde bakarra izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo