BARRUTIK
Lehenengo mailako ihesaldi baten adibidea
Gaizka LASA, (Karpin-Galicia)
Txirrindularitza zaleek telebista pizten dutenean eta ihesaldi bat dagoela ikusten dutenean betikoarekin aurkitzen dutela uste dute. Hau da, etapan ihesaldi bat egin dela eta helmugara iritsi baino lehen tropelak harrapatuko duela.
Baina ihesaldi guztiak ez dira berdinak, telebista pizteko momentuan kontrakoa ematen duen arren. Hain zuzen ere, nire teoriaren arabera, hiru motako ihesaldi dago. Hirugarren mailako ihesaldiak daude, hau da, etapa hasieran berehala egiten diren horietakoak, bigarren mailako txirrindulariez osatuta. Denbora dexente hartzen dute, baina azkenean tropelak irensten ditu. Bestalde, bigarren mailako ihesaldiak daude, kostata egiten diren horietakoak. Tropelari gehiago kostatzen zaio iheslariak harrapatzea, baina kalkulagailua atera eta azkenean helburu hori lortzen du.
Azkenik, lehenengo mailako ihesaldiak daude. Horiek sortzen dira egundoko egurra egon eta gero, hainbat eta hainbat ihesaldi saio gertatu direnean eta tropela ia puskatuta dagoenean. Ihesaldi mota horietan oso indartsu dauden txirrindulariak soilik sartzen dira, beste batzuek tropela jarraitzeko arazoak ditugunean, horiek erasora jotzeko gai izan baitira. Eta txirrindulari indartsuenez osatuta dagoenez, ihesaldi mota hori normalean helmugara iristen da eta ezusteak sortzen ditu.
Gaurkoan mota horretako ihesaldia gertatu da, itzulia erabat aldatu duen erasoa. Jendeak gaur telebista piztuko zuen eta ihesaldi bat zegoela ikusiko zuen. Kanpotik egunero errepikatzen den irudi bat ematen bazuen ere, ordurako tropelan ginen asko eta asko lehertuta ginen, lehen mailako ihesaldi batean geundelako. Hortaz, atzean ahaleginak egin diren arren, ez da horren ezustea izan aurrekoak iritsi izana. Lehenengo mailako ihesaldietan gertatzen ohi den bezala.