Aizkora Norgehiagoka
Iruntxiberrik eta Gorritik desafio berezia jokatuko dute
Aiarrak bi kanako enbor moztu beharko ditu erakuslerik gabe, eta Uharte Arakilgoak, berriz, hiru kanako ebaki beharko ditu, erakusle bakar batekin
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Datorren igande arratsaldean Aian aizkora-desafio berezia izango da. Ez dute dirurik jokatzen, baina ohorea izango da jokoan, eta ez da gutxi. Alde batetik Leon Albeniz Iruntxiberri, eta bestetik Iker Gorriti neurtuko dira. Lehenengoak 69 urte ditu, eta besteak 22.
Iruntxiberrik bi kanako enbor moztu beharko ditu erakuslerik gabe, eta Gorritik, berriz, hiru kanako erdibitu beharko ditu, erakusle batekin.
Iruntxiberri animatuta eta gogotsu agertzen da igandeko saiorako: «Egia esan ongi nago, eta gogoarekin. Saio honekin urtebete gabiltza bueltaka, eta azkenean heldu da jokatzeko eguna», esan zuen aiarrak.
Hori bai, nahiko garbi dauka hori izango dela bere azken agerraldia: «Uste dut baietz, adin honekin ez dago gehiago egiterik. Adin horretan pertsonak atzera egiten du», esaten du.
Iruntxiberri aski ezaguna da herri kirol munduan. Gutxi izango dira, inor baldin badago, berak bezainbeste apustu jokatu dituenik. Korrikan, aizkoran, segan, eta itzain, ikusi ahal dute aiarra. Orain ere, aizkolari mordo baten erakusle lanetan aritzen da.
Adinez aurrera joateaz gain, gizon txikia da Iruntxiberri, 63 kilo pisatzen baititu, eta kanako baten gainean jartzea bera ere ez da meritu makala: «Arina naiz, baina teknikoki ongi moldatzen naiz, eta lan on bat egitea espero dut»», azaltzen du.
Lan on bat egitea, hori da bere ilusio nagusia: «Hori da nire asmoa. Denoi gustatzen zaigu irabaztea, baina horrela ez bada ere, lan on bat egin nahiko nuke; ongi geratu jendearen aurrean», esaten du.
Jendeak bera jotzen du faborito, baina Gorritik zaleek uste dutena baino lan hobea egingo duela azaltzen du: «Jendeak ni jotzen nau faborito, baina kontuz ibili beharko da Gorritirekin. Berak enbor asko moztu du azkenaldian, eta aizkoran ederki egiten duela jarrita dago. Haiek oso gustura daude, eta lan ona egingo duelakoan nago», esaten du Iruntxiberrik.
Harri-jasotzaile ohia
Iker Gorriti Uharte Arakilgoa da, eta aizkolarien familiatik dator. Aita eta osaba Lehen Mailan aritutako aizkolariak dira, eta anaia ere aizkolaria da.
Bera, ordea, harriak jasotzen ibili zen, eta 16 hilabete daramatza aizkoran: «Harriak jasotzea eta aizkora, biak gustatzen zitzaizkidan asko, baina nik kilo asko nituen, eta harriak jasotzen hasi nintzen. Gero, ordea, hanka hautsi nuen, eta orduan esan zidan medikuak kirol horri uzteko, eta orduan ekin nion aizkorari», esaten du Uharte Arakilgo gazteak.
Hasiera gogorra izan zela azaltzen du: «Batez ere, kilo asko galdu behar izan nituen. Nik 144 kilo pisatzen nituen, eta orain 98 pisatzen ditut, pentsa zenbat kilo galdu ditudan. Batez ere, hori izan da gogorrena».
Nahiz eta aizkoran denbora asko ez eraman, kanako enborrarekin ausartu da, eta horren zergaitia esan zigun: «Niri lan luzea gustatzen zait, eta enbor handiak ere bai. Nik nahiago dut kanako bat moztea, kana-erdiko bat moztea baino. Aukera ona zela iruditu zitzaidan Iruntxiberriren aurka neurtzea», aitortu zuen.
Adinean alde handia egon arren, nafarrak kanako baten abantaila ematen dio gipuzkoarrari, baina ez dela alde handia esaten du: «Ez dut uste. Bera bakarrik arituko da, eta ni erakusle batekin. Bakoitzak zenbat mozten duen ikusita, ez dut uste alde handia denik», esaten du.
Hori bai, irabazten duenak zenbat denbora beharko duen pentsatuta dauka. «Nik pentsatzen dut, irabazten duena 70 minuturen bueltan ibiliko dela». Igandekoa berak orain arte egin duen ekinaldirik garrantzitsuena izango den arren, lasai omen dago: «Ni lasai nago, eta uste dut igandean ere horrela egongo naizela», esan zuen.
Aizkolariek dirurik ez dute jokatuko, baina bai kanpoko zaleek. Orain arte dirua Iruntxiberriren alde dago, Gorriti ez baita ia ezagutzen aizkora munduan. Irabazleak 70 minutuan lanak amaitu baietz ere ari da jokatzen.