Berezkoak
Alfaro, Lazkano, Bielle eta Ducassou fitxatu berri ditu EPB enpresak
Jon LEUNDA | BAIONA
Alfaro, Lazkano, Bielle eta Ducassou fitxatu ditu EPB enpresak. Lau pilotari horiek jadanik profesionalekin batera ari dira jokatzen, baina laurak ez dira baldintza berean arituko.
Izan ere, EPB-rentzat laurak profesionalak baldin badira ere, Elite Pro lizentzia Federazioak eman behar izaten diete; Alfarok eta Lazkanok berehala izango badute ere, ez dirudi Biellek eta Ducassouk izango dutenik, baina baldintzak ez dira gehiegi aldatzen.
Horren arabera, Bielle eta Ducassou amateurrak izaten jarraituko lukete Federazioarentzat, eta ezingo lukete haiek antolatzen dituzten profesionalen bi lehiaketa ofizialetan parte hartu, Bakarkakoan eta Binakakoan, alegia, baina bai amateurren txapelketetan.
EPB enpresak, ordea, urte osoan lehiaketa asko antolatzen ditu, eta haietan normal aritu ahal izango dira, enpresa horrentzat biak baitira profesionalak. Alfarok, eta Lazkanok, aldiz, berehala izango dute Elite Pro lizentzia, eta haiek izango dute heldu den urtean Binakakoan eta Bakarkakoan parte hartzeko aukera.
Fitxatze horiekin, EPB-k bost pilotariri kontratoa egin berri dio. Hain zuzen, Waltari ere hasi berria da Jean Michel Idiartek zuzentzen duen enpresan.
Azken urtebete honetan, berriz, bi baja izan ditu. Bata Jean Claude Biscouby eta bestea Pierre Duhau. Lehenegoa enpresako zuendari tekniko bihurtu da, eta besteari ez zaio kontratoa berritu. Duhauk 40 urte bete ditu, eta hortxe amaitu zaio bere ibilbide profesionala.