GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Xabin Juaristi eta Oihana Agirre Askatasunako kideak

Poltsa, makila, bakea, prozesua

Prozesua dagokion errepidean ezartzea ezinbestekoa da. Baldintza demokratikoak beteko diren errepidean, non torturek eta bestelako erasoek lekurik izango ez duten

Biolentziari buruzko eztabaida neketsuak lausotu nahi ditu gatazkak sorturiko egoera mingarriak gainditzeko eman beharreko urra- tsak. Aspalditxo, ez dute beste konturik askotxok, ezker abertzaleak biolentziatik aldendu behar duela baita beren diskurtso ia bakarra. Eta biolentziarik ezean, beraiek sortu dute biolentzia, Guardia Zibilaren operazio bortitz batekin, tortura bidez eskuraturiko deklarazioek markatu baitute eztabaida politikoa. Hain zuzen, tortura bidez eskuraturiko informazio poliziala izan baita alderdi politiko askoren diskurtsoa zehaztu dutena, eta berdin komunikabide askorena ere. Biolentzia erabili dute helburu politiko horiek lortzeko, gatazkaren konponbidean egin beharreko urratsak estaltzeko, urratsik egin nahi ez dutenek behar duten giro politikoa izan dezaten.

Ezker Abertzaleak gatazkaren konponbiderako proposamen gauzagarria, logikoa eta gehiengoaren nahiari lotua aurkeztu ostean, gatazka konpontzeko prozesu bat denek berdintasunezko baldintzetan egiteko urrats berria egin du, ASB alderdia legeztatzeko pausoa emanez. Tortura, okupazio militarra eta legez kanporatzearen aldeko jarrera izan da ordainetan jaso duena.

Buruan jasotako kolpeak, ipurtzulotik sarturiko makilak, itotzeraino estuturiko poltsak, bizkarrean egindako ubeldurak, flexioak, mehatxuak. Militarki okupaturiko herriak, izua zabalduta egindako miaketak eta ezker abertzalea hauteskundeetatik kanpo uztearen aldeko mezuak. Ezagunak ditugun errezeta zaharrak. Nor ari da herri honetan benetako prozesu demokratiko bati bide eman nahian, eta nor ari da bortxaren adierazpen bortitzenak erabiliz aurkako norabidean urratsak ematen?

Joan den astean Euskal Herrian gertatu denak zerikusi gutxi du demokrazia, bakea, normalizazio politikoa edo elkar bizitza egoerekin. Hori egin duena, agindu duena, jakitun da bide horrek prozesua bakearen ez baina gatazka luzatzeko errepidean ezartzen duela. Jakitun da atxiloketa eta torturak bidean aurrera egiteko oztopo direla, erasoen testuinguruko prozesuak nekez bete ditzakeelako herri honetara bakea ekartzeko prozesu batek betebeharreko ezaugarriak.

Baina azken egunotako gertaerak ezin ditugu elementu isolatu bezala ulertu. Azken hilabeteetan gure herrian gertatu denaren ispilu da irakurri dugun tortura testigantza bakoitza. Izan ere, espainiako eta frantziako gobernuen hitz politek ekintza gutxi izan dituzte ondoan. Ekintza gutxi baino, beraien hitz politekin logikan etorri diren ekintza gutxi esan beharko genuke agian. Ez alderdien mahairik, ez akordio politikorik, ez eta erabakitzeko eskubidearen bermerik ere. Horren ondoan, poltsa eta makila, okupaturiko auzoak, sakabanaketa eta isolamendua, egurturiko manifestariak eta ukaturiko hitzak, hian zuzen ere.

Batzoki bati bi pintura pote botatzea prozesua gelditzeko adinako erasoa dela irizten dioten horiek izan dira azken tortura kasuen aurrean itsu, mutu eta gor gelditu diren berberak. Ohituak gauzkaten isiltasuna izan da oinarrizko giza eskubideak bortxatu dituzten egunotan erakutsi dutena. Ezker Abertzaleari etengabeko baldintza eta eskaerak egiten dizkieten horientzat, herritar horiek kontatu dutenak ez dute adierazpenik, komentariorik, aipamenik edo salaketarik merezi. Eta prozesua ez aurrera ez atzera egotearen ardura guzia ezker abertzalearen telaituan jartzen dute etengabean.

Interes ekonomikoak bakearen eta justiziaren gainetik jartzen dituzten horiek jakin badakite eskubideetan oinarrituriko distentsio egoera batean espazio politikoa asko murriztuko zaiela, badakite kudeaketa eremuak eroriko zaizkiela, botere guneak galduz joango direla. Jakin badakite gatazka gainditzea lortzen bada, ez dituztela garai oparoak ezagutuko alderdi bezala. Eta hori da beraiek beste guziaren aurretik jartzen dutena. Alderdi interesak, instituzioetako eserlekuak, inork gutxik dituen soldatak, udako eta neguko etxebizitzak.

Horregatik horrelako epelkeria prozesuan, horregatik horrelako isiltasuna ezker abertzalea kolpatua denean, horregatik horrelako morrontza espainiar botere guneekiko.

Prozesua dagokion errepidean ezartzea ezinbestekoa da. Baldintza demokratikoak beteko diren errepidean, non torturek eta bestelako erasoek lekurik izango ez duten. Gertaera horiek ezinezko bihurtuko diren egoerak eraikitzea nahitaezkoa izango zaigu. Marko demokratikora jauzia eman behar dugu. Ez atxilotu gehiago, ez torturatu gehiago, ez mendekuzko espetxe politika gehiago. Euskal Herria, bere eskubideen jabe, kanpo injerentziarik gabe, eta izan nahi duena erabakitzeko libre.

Herritarren presioa da azkenean prozesuaren errepidea erabakiko duena. Hilabete gutxian borroka handiak ditugu aurrez aurre. Kalean egotea beharrezkoa izango da, presioa antolatzen eta demokraziaren norabidean indar egiten. Iruñean eta Donostian ditugu zitak asteburu honetan. Utzi Euskal Herria bakean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo